Musika sendagai

Andy Fletcher taldekidea hil osteko aurreneko diskoa kaleratu du Depeche Modek. Dolu prozesua gainditzeko eta bizitzaren alde egiteko lantzat jo dute Gorek eta Gahanek.

Martin Gore eta Dave Gahan, Depeche Modeko kideak. BERRIA.
mikel lizarralde
2023ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Orain dela urtebete eskas Andy Fletcher taldekidea hil zenean, askok jo zuten amaitutzat Depeche Mode-ren ibilbidea. Dave Gahanabeslariak berak adierazi zuen pandemiak utzitako zamari gehitu zitzaiola lagun eta kidearen heriotzaren samina, eta pentsatu zuela 40 urtetik gorako ibilbidea ixteko une egokia izan zitekeela hori. Martin Gore taldeko konpositore nagusiak, ordea, aurrera egitea baino ez zuen buruan, eta nahi horren emaitza orain gutxi iritsi da: Memento Mori.

«Disko hau aurretik planteatua genuen, eta, jakina, suposatzen zen Andyrekin grabatuko genuela», azaldu du Gorek berak: «Ez genuen aukera handirik. Estudioa lotuta genuen, ekoizlea ere bai [...]. Gainera, geure buru osasunarentzat ere disko hau ateratzea zen garrantzitsuena. Musikan zentratzeak sendatzen eta dolu prozesua gainditzen lagundu zigun».

Diskoaren ideia eta izenburua bera Fletcher hil aurretik erabakita zuten arren, orain beste zentzu bat hartzen dute latinezko hitzek: Gogoratu hilko zarela. «Andyren heriotzak esanahi handiagoa eman dio izenburuari. Bizitza laburra da, eta ahalik eta gehien aprobetxatu behar da».

Mina, maitasuna eta momentua bizitzeko nahi hori adierazi nahi duen diskoa da Memento Mori, eta ideia hori musikalki aurrera eramateko hainbat kolaboratzaile izan ditu orain bikote bilakatutako taldeak. Harrigarriena, ziur aski, Richard Butlerrena izan da, The Psychedelic Furs taldeko abeslariak lau kanturen konposizioan parte hartu baitu. «2020ko apirilean esan zidan elkarrekin konposatu beharko genukeela. Ideiarik ba ote zuen galdetu nion, eta hitz batzuk bidali zizkidan». Kantu asko sortu zituzten elkarrekin, baina zer aterabide emango zieten oso ondo jakin gabe. «Uneren batean, proiektu paralelo baterako izan zitezkeela pentsatu genuen, baina, azkenean, iruditu zitzaidan Depeche Moderen estetikari oso ondo egokitzen zitzaizkiola». Ekoizpenaz, berriz, James Ford eta Marta Salogni arduratu dira.

Askotariko doinuak

1980ko hamarkadaren hasieran synth-poparen oinarriak jarri eta gerora musika industriala eta popa uztartu zituen taldeak molde ezberdineko kantuak bildu ditu Memento Mori-n, nahiz eta, orokorrean, tempo ertaineko piezak gailentzen diren. Taldearen klasikoen pare kokatzeko ezaugarri guztiak dituen kantu bat atera dute single gisa, Ghosts Again, malenkoniaz jotako hit bat, Goreren ustez, denbora luzean pistarako idatzi duten kanturik «perfektuena». Baina diskoan badira une ilunak (My Cosmos is Mine), orkestra konponketek jantzitako piezak (Don't Say You Loved Me), baladak (Soul With Me, Gorek berak abestua), 1980ko hamarkadako taldea gogora ekartzen duten synth-pop kantuak (People Are Good, Always You), eta baita gitarrek protagonismoa duten abesti bat ere (Never Let Me Go). Finean, Depeche Mode 2023an zer den adierazten duen kantu sorta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.