Musika

AEBei begira, ostera ere

Sufjan Stevens kantugile estatubatuarra sintetizadoreei lotu zaie berriro ere 'The Ascension'disko berrian, AEBen dekadentzia morala kantuetan islatzeko asmoz.

Sufjan Stevens musikari estatubatuarra. BERRIA.
mikel lizarralde
2020ko azaroaren 22a
00:00
Entzun

Paradoxikoa izan daiteke musika mundua. Sufjan Stevens musikari estatubatuarrak (Detroit, 1975) egitasmo erraldoi bezain ezinezko bati ekin zion 2003an Greetings from Michigan. The Great Lake State diskoarekin. Amerikako Estatu Batuetako 50 estatuei disko bana eskaintzeko asmoa azaldu zuen orduan Stevens gazteak, baina Illinoise (2005) folk-pop disko orkestratu aparta egin eta gero, ohartu zen bide hartatik segituz gero bizitzak ez ziola emango. Edo, agian, egitasmoaren beraren iragarpena txantxa handi bat besterik ez zen izan. Aurten, baina, eta pandemiak eragindako egoerak bultzatuta, Joey Clift telebistako umoristak proiektua berrartu du, eta AEBetako 200 musikarik lagunduta —profesionalak nahiz amateurrak—, omenaldiaren eta parodia hutsaren artean mugitzen diren 50 diskoak osatu ditu. Hip-hopa, heavy metala, indie popa, eta nola ez, folk dotorea... dena Soundclouden entzuteko moduan dago (Our Fifty States Project).

 

Bitartean, Stevensek berak The Ascension disko berria argitaratu du, Michigan eta Illinoise-rekin batere zerikusirik ez duen lana, eta, hala eta guztiz ere, AEBei begiratzen diena. Ez da disko honetan folk arrastorik, ezta joritasun melodikorik ere, eta Carrie & Lowell (2015) Stevensek argitaratutako azken-aurreko diskoaren intimismo ia aszetikoa ere urruti gelditu da. The Ascension-en nolabaiteko aurrekari —musikal— bat bilatu behar izanez gero, The Age of Adz-era (2010) jo behar da, sintetizadoreen erabilerak, erritmo sintetikoek eta ahotsaren tratamendu digitalak ezaugarritzen baitituzte bi diskoak. The Age of Adz barrokoagoa zen, muturrekoagoa bere kontrasteetan, eta The Ascension, berriz, homogeneoagoa da, tonu orokorrean pausatua nagusitzen baita Make Me an Offer I Cannot Refuse-rekin hasi eta America luzearekin amaitu arte.

Horrek ez du esan nahi The Ascension kolore bakarreko diskoa denik. Video Games aurrerapen singleak dance-poparekin jokatzen du —Stevensek berak Janet Jacksonen musikaren eragina aipatu du—, The Landslide-k Bjork ekartzen du gogora, soul sintetikoaren arrastoak nabarmenak dira kantu batzuetan (Ursa Major), eta baten bat Radioheaden Kid A diskoaz ere gogoratuko da zenbait kanturen tonuagatik.

[youtube]https://youtu.be/3fCdZzsP4U0[/youtube]

Munduarekin haserre

Carrie & Lowell ama galduari idatzitako maitasun gutun bat bazen, The Ascension-ek fokua ireki du. Partikularretik unibertsalera. Eta etxetik kanpoko unibertso hori ez zaio gustatzen Stevensi. Bere herrialdetik bertatik hasita, Donald Trumpek gidatutako AEBetan gorrotoa eta dekadentzia morala gailendu direla iruditzen baitzaio. Stevensek ez ditu inoiz ezkutatu bere sentimendu kristauak, eta 2017an, Trumpek gehiengo musulmaneko zazpi herrialdetako herritarrei AEBetan sartzea debekatu zienean, sare sozialetan azaldu zuen bere ezinegona musikariak: «Jainkoa honetaz guztiaz lotsatuta egongo litzateke. Amerika ez zatekeen ezer legez kanpoko etorkinik gabe, eta denak gara etorkinak eta errefuxiatuak modu basatian aldatzen ari den mundu honetan».

The Ascension AEBetako hauteskundeak baino lehen argitaratu zuten, baina Bidenen garaipenak ez zuen aldatuko Stevensen iritzia. «AEBek badituzte konpontzeko denbora beharko duten gaitz endemiko batzuk: Poliziaren indarkeria eta arrazakeria instituzionala, esaterako».

Erortzen ari den herrialde baten aurrean, The Ascension-ek maitasunaren aldarria egiten du bere 80 minutu eta hamabost kantuetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.