Donostiako 69. Zinemaldia. Zinemira. Xabier Erkizia. Musikagilea eta zinemagilea

«Idi gurdien soinua klase apalena da»

Nola adierazi soinu batek esateko duen guztia hitzik erabili gabe. Xabier Erkiziak bidaia bat kontatu du 'O gemer' film sentsorialean, eta idi gurdiei buruz sortzen ari den proiektuaren lehen geltokia besterik ez da.

GORKA RUBIO / FOKU.
Andoni Imaz.
Donostia
2021eko irailaren 19a
00:00
Entzun
Xabier Erkizia (Lesaka, Nafarroa, 1975) musikaria eta ikerlaria soinu bati jarraika iritsi da bere lehen pelikula zuzentzera, ezin bestela izan. O gemer filmean bidaia bat egin du idi gurdien soinu bitxiaren atzetik, konbentzioei izkin eginez. Zinemaldiko Zinemira sailean aurkeztuko du gaur. Aretoan probak egin berritan elkartu da BERRIArekin. «Teknikoki ezberdina da, soinuak garrantzi handia du; teknikariari hori ulertarazi behar zaio. Aspaldi ikasi nuen pelikula ez dela zuzendariarena, proiekzionistarena baizik».

Noiz sortu zitzaizun filmaren atzeko ideia?

Iturria hau da [Victor Hugoren Idi orgaren karranka liburua]. Berez hau da [Los pirineos, gazteleraz], Koldo Izagirrek izenburua aldatu zion. Hortik hasi nintzen ikertzen. Hugok muga gurutzatu zuen, eta kontatzen du nola diligentzian doazenek belarriak estaltzen dituzten eta bera, aldiz, hunkituta dagoen. Mozarten sinfonia batek ere ez omen du hunkitu itzain horrek bezainbeste.

Zer du soinu horrek?

Lehen aldiz entzutean, erronka botatzen die zentzumenei: gurdi txiki bat zarata handi bat egiten. 5.000 urteko historia du, lehen gurdiaren arrastoa topatu dudanetik gaurdaino; uste dut ez dagoela musikala ez den soinu bakar bat hainbeste iraun duena.

Zerk eraman zintuzten Brasilgo idi gurdiak filmatzera?

Trinidaden egiten duten erromeria batean 600 gurdi biltzen dira. Bakoitzak bere soinua du, inguru bakoitzak du bere estiloa, eta oso harro daude horretaz. Nire hipotesia zen itzainek gurdiak afinatzen zituztela. Han konturatu nintzen motz geratu nintzela: afinatu soilik ez, akordeak egiten dituzte taldean joaten direnean.

Filmak bi zati ditu: idiak eta itzainak ageri dira hasieran, eta bide bat eta turistak ondoren.

Ikerketaren bidaia irudikatzen du. Europan bilatu nuen soinua, eta topatu nuen bakarra lurrean utzitako markak izan ziren. Filma Brasilera joaten da, eta atzera buelta egiten du Ponpeiara [Italia], zibilizazioaren mugarrietako batera. Han, gurdien markek klase soziala ezartzen dute: aberatsen etxeen aurretik ez ziren pasatzen. Hemen ere badira horrelakoak.

Adibidez?

Donostiakoek gorotza erosten zieten Astigarragako [Gipuzkoa] eta Hernaniko [Gipuzkoa] baserritarrei, parkeak ongarritzeko. Idian joaten ziren, eta, hiria ez zikintzeko, eskatzen zieten gauez etortzeko eta ardatzari xaboia emateko, ez zezan soinurik egin. Badago istorio bat: behin batek xaboia beharrean erretxina eman zion, eta ikaragarrizko zarata atera zuen. «Aberatsen belarriak izorratzeko». Klase apalen erreibindikatzeko modu bat zen. Pentsa zer gertatzen den gaur egun autozale eta motozaleekin, hor ere badago klasearen kontu hori. Isiltasuna klase altuen soinua da; zenbat eta zaratatsuagoa izan, orduan eta pobreagoa zara.

Nolakoa izan da filmaketa?

Nire baldintzetako bat zera zen: lehen aldiz, filmaketa batean jende gehiago egotea soinua hartzen irudia hartzen baino. Halaxe egin genuen: pertsona bat irudiarekin, eta hiru soinuarekin.

Lehen zatian, plano itxiak dira nagusi, paisaiak ez du lekurik. Bigarrenean, alderantziz.

Narrazio propio bat nahi genuenez, bagenituen gai batzuk: makina, gizona, animalia. Horiek atalka erakusten dira lehenik. Bertzalde, pentsatu genuen: paisaia hartzen dugun momentuan, akabo, exotismora eramango gaitu-eta. Eta badago bertze baldintza bat ere: gurdiak, gelditzen denean, ez du soinurik egiten, ez digu balio. Mugimenduan grabatzea oso zaila da. Zenbat adarkada jaso dugun, eta zenbat itzain haserrearazi. Azkenean, berezkoa den mugimendu hori onartu genuen irudiaren aldetik. Pelikula antiwestern bat da: kanpoan jarri beharrean, barruan gaude. Bigarren zatia, berriz, soilik paisaia da. Batean abusatzen da gabeziaz, eta bestean erabateko presentziaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.