Emilio Pirla. Bilboko Gorostiaga kapela dendako jabea

«Milioika gauza txar ekoizten dira, eta zenbait onak: hori da orain artisautza»

1857koa da Gorostiaga denda, eta bide gorabeheratsua izan du, Pirlaren arabera: 1920an, arrakasta; ondoren, gainbehera; sarri uholdeek erasan diote, eta, azkenaldian, ekoizpen industrialak.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2023ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Bilboko Zazpikaleetako Gorostiaga kapela dendako lantegiak egungo eta aspaldiko kapelen erakusketa bat dirudi. Kutxa mordo batean gordeta daude saltzeko askotariko burukoak, eta apaletan pilatuta konpontzeko daudenak, aspaldikoak, edo balio sinbolikodunak; hemen kapela luze pare bat, han onddo kapela bat, edo Bizkaiko elizgizonek aspaldi zeramatzaten horietako bat. 160 urte pasatxoko arrastoak dira, 1857an sortu baitzen, eta ezinbestean daude lotuta negozioaren historiari: Gorostiagaren hastapenez mintzatzean, edo garai bateko ohiturez, edo edozein aitzakiarekin, Emilio Pirla jabea (Bilbo, 1962) aulkitik altxatu da, eta bildumako aleren bat hartu du apalen batetik, azalpenak emateko. Berea ere badu: ohiko txapela beltz bat, kolpe bakarrez egokitu duena buruan. Eta lantzen ari den beste kapela bat dauka gertu: bi adarreko beltz dotore bat, lumaz jantzitakoa. Hori eskuilatzen hasi da argazkietarako.

Eskuilakada gutxirekin, sekulako distira hartu du...

Materialaren kontua da. Oraingo kapeletan ez da hala gertatzen, materiala bestelakoa delako. Hau untxi ilearekin eginda dago. Eta, orain, kasuen %99an, artilea erabiltzen dute. Lehen, animalia guztien ilea erabiltzen genuen: satorra, arratoia, lepahoria, katazuria, astrakana, kastora... Denak dira sagu lodiak [barre]. Orain, bakarrik erabiltzen dira ardia, ahuntza, erbia eta untxia. Ilea mozten diegu, eta feltroa egiten dugu; kontzeptua garrantzitsua da: kapeletarako, ez da animalia larrurik erabiltzen.

Orain, materiala okerragoa da?

Bai, noski. Hau, adibidez [kapela luze bat hartu du], dirudunek bakarrik eros zezaketen, urte osoko soldata kostatzen baitzuen. [Gaina eskuilatzen hasi da] Zeta naturala da; hilabete bat behar zuten egiteko. Hau bukatu gabe geratu zen, enkargatu zuen gizona jaso aurretik hil zelako, eta familiak ez zuen nahi izan. Denda honetan bukatu gabeko bakarra da. Lehen, asko aurrezten zen erosteko ezkontzako zapatak, trajea eta kapela luzea, eta horiek erabiltzen ziren bizitza osoan, bataioetan, ezkontzetan eta hiletetan, eta norbera ere jantzi horiekin hobiratzen zuten. Lehen, gauzak betirako fabrikatzen ziren.

Zer-nola ekoizten dira? Kapela luze hori, adibidez.

Lehengo tresnak erabili beharko genituzke, moldeak eta materialak. Eta, halako bat erreproduzitzeko, kapelak barruan daraman mekanismoa egingo lukeen norbait topatu beharko genuke [kapela plegatu du, erakusteko. Gero, beste kutxa bat atera du, beste kapela luze batekin]. Honek balio sentimentala du: nire aitonak fabrikari erosi zion, eta gero bezeroari entregatuko zion mandatariak. Bezeroaren helbidea agertzen da kutxan idatzita; nire aitonaren letra da.

Azpeitiko eta Donostiako danborradetarako kapelak egiten dituzu, Bilboko Aste Nagusiko pregoilariaren hiru adarrekoa... Horiez gain, ohiko kapelarik egiten al duzu?

Dagoeneko, ez. Orain kapela guztiak makinek egiten dituzte. Erabiltzekoak direnak, noski. 1800. urteko erreprodukzioak direnak, adibidez, ez; zertarako asmatuko dute horietarako makina bat? Halako lanetarako, edo filmetakoak egiteko, oraindik artisautza lantegiak daude. Hemen, kapela zaharrak konpontzen ditugu ere bai. [Konpontzen ari den bat hartu du apaletako batetik]. 45 urte ditu; zinta zaharra kendu, erdia ipini, eskuilatu, eta berria geratuko da. Baina artisautza hil egin da.

Kapeletan igarriko da hori...

Orain, kapelen kalitateak ezartzen du desberdintasuna; hau da,materialak. Lehen, egiteko prozesuak baldintzatzen zuen kategoria: esaten zen Italian egindakoak zirela onenak. Orain, kapelak makina berak egiten ditu Italian, Txinan, AEBetan... Milioika gauza txar ekoizten dira, eta zenbait onak: hori da egun artisautzaren kontzeptua.

1857an sortu zen denda.

Fructuoso Gorostiaga dago jatorrian; hala ere, historiak dio haren emaztea izan zela. Bidebarrieta kalean zegoen denda, eta, hamarkada batzuen ondoren, Korreo kaleko 12. zenbakira jaitsi ziren; behe osoa hartu zuten: 250 metro koadro. Orain, 50 eskas dira: dendak 25 ditu, eta lantegiak, beste 25. 1920an, zortzi bat behargin zeuden: kutxazaina, garbitzailea, kapelagilea, kapela lixatzen zuena, osagarriak jartzen zizkiona, mandataria... Mandatariak eskupekoak baino ez zituen kobratzen, baina ogerleko batekoak ziren, orduko hilabeteko soldata.

Horrenbestez, negozio errentagarria zen.

[1920ko urteetako iragarki bat hartu du kutxetako batetik]. «Jaiegunetan itxita». Domeketan lanik ez egiteko adina maila lortu zuten gremioetako bat kapelagileena izan zen. Ez zuten zertan. Gainontzekoek egunero egiten zuten behar.

1920ko urteak izan ziren oparoenak?

Bai. Garai hartan, Bilbok 100.000 biztanle zituen, eta hamalau kapela denda zeuden. 36ko gerraren ondoren, gainbeheran hasi zen. Jendea jantzien arabera identifikatzen hasi ziren: kapela luzea zeramana ugazaba zen, eta txapela zeramana, behargina. Hori 1940ko urteetan, industrializazioa eta errebolta sozialak hasi zirenean. Hortik aurrera, ez zuten kapelarik jantzi, eta horrela ezin zuten kalean elkar iraindu [barre]. Eta, orain, koketeria itzuli da, praktikaz gain. Jantzi zaitezkeelako praktikoki edo estetikoki; zailena da biak batera egitea.

Adibidez?

Ni ez naute inoiz ikusiko horrela kalean [txapela guztiz sartu du buruan]. Baina mendira banoa, eta hotz egiten badu... kontu praktiko bat da. Esaterako, burukoa eramateko bi modu daude: aurrerantz eta atzerantz. Ba, etorri zen Mikel Laboa, eta albo batera jarri zuen; teoria izorratu dit [barre]. Nortasuna ere badago, kapela eramateko hirugarren modua. Irudi bat daukat... [aulkitik jaiki, eta horman ipinitako ilustrazio batera hurbildu da]. Hauek denak pertsonaia oso famatuak izan ziren garai batean: Zumalakarregi, Iparragirre, Atano III.a, Karlos VII.a [Espainiako erregea], Txirrita... Oso gaizki daramate txapela. Nola lortu dute hainbeste sartzea? Edo belarriak barrutik daramatzate... Beste horri txapelak ez dio ikusten uzten...

Noiz bereganatu zuen zure familiak kapela denda?

Dendaren hirugarren belaunaldia, Benjamin Gorostiaga, Parisera joan zen odontologia ikastera, eta nire birraitonari eskualdatu zion denda, Isidoro Pirlari, zeina kapelagile ari baitzen Leonen [Espainia]. Dendari esker, han geratzeko adina diru bazuen Gorostiagak, eta inoiz ez zen itzuli Bilbora. Nire birraitonak nire aitona izendatu zuen arduradun, Alejandro Pirla, 1930. urtea baino lehen, eta lantegia baino ez zuen hartu, ez baitzuen lokal osoa erosteko dirurik; oraingo zatia da. Gremio matxista zen: gizonek gizonei erakusten zieten kapelak egiten. Nire aita Luis Pirlak, ordea, bere zazpi seme-alabei irakatsi zien.

Talde itxi bat zen, nolabait?

Ghetto bat zen; Gorostiagak horregatik pasatu zion denda nire birraitonari, kapelagile batek baino ezin baitzuen hartu beste kapelagile baten lekukoa. Hortik dator kaleen izena ere: Kapelagile kalea, Gerrikogin, Harategi Zahar... Haietan bizi ziren langileak, baina ez zuten han lanik egiten; inoiz ez da egon kapela dendarik Kapelagile kalean. Harategi Zahar kalean harategi bat egon zen, baina, bizitzen hasi zirenean, kendu egin zuten, usainagatik.

1989an zeuk eta zeure anaia Iñakik hartu zenuten dendaren ardura. Baina 12 urtetatik parte hartu duzu dendan, ezta?

Haurtzaroko anekdota batzuk ditut, bai. Bilbon, ziklikoki, hamar urtean behin, itsasadarrak gainez egiten zuen, eta ur maila hamar-hogei zentimetro igotzen zen. Gainezka egingo zuela iragartzen zutenean, aitak hiru-lau anai-arreba eramaten gintuen dendara, eta lurrean zeuden kutxak igotzen genituen. Ura joaten zenean, lanbasa pasatu, eta kutxak lehengo tokian uzten genituen. Gero, aitak txurroak eta txokolatea hartzera eramaten gintuen Chacalac kafetegira —jada ez da existitzen—. Eta Aste Nagusiren batean ere egoten ginen: txapel asko saltzen ziren, eta kutxak betetzen laguntzen genuen; edo Gabonetan erakusleihoa garbitzen genuen... Soldadutzaren ondoren, serio lan egiten hasi nintzen dendan. Gogoan dut uholdeen lokatza garbitzen aritu nintzela: Burgosen [Espainia] ari nintzen soldadutza egiten, eta han geunden bostehun laguni baimena eman ziguten garbitzen laguntzeko.

1983ko uholdeez ari zara, ezta?

Hori da. Garbitu ondoren, soldadutzara itzuli nintzen. Eta 1984ko urtarrilean hasi nintzen beharrean, bakarrik goizez. Arratsaldetan, aitak derrigortu egin zidan elektronika ikastera. Ez dut inoiz horretan lan egin. Aseguruak eta liburuak saldu nituen, eta lan horietan bai esplotatu nindutela, ez bainuen ezer kobratzen saltzen ez banuen. Dendara oso pozik itzuli nintzen.

Gaur egun, nolakoa da merkatua? Zer saltzen da gehien?

Txapela beti izan da izarra. Garai batzuetan, kapela asko saltzen ziren, eta beste batzuetan, apenas. Nire gurasoak botoiak, bufandak, tiranteak, jertseak, zetazko zapiak... saltzen hasi ziren, kapelak bakarrik saltzen ezin baitzen negozioa mantendu. Egoera hobetuz joan da: orain, ostera ere, soilik saltzen ditugu kapelak eta txapelak. Txapelak Elosegiri erosten dizkiogu, txapelen sorlekua baita. Eta, orain, jendea kapela amerikarrak eramaten hasi da; amorru handia ematen dit, oso itsusiak baitira; famaturen batek jantziko zuen inoiz, eta jendeak ez dakienez egiten ikusten duen hori besterik... Fitoren burukoa, adibidez, asko saldu dut.

Zuen bezeroa al da?

Bai, orain dela aste pare bat etorri zen. Urtean bitan etortzen da bisitatzera, bezero ona da. Etorri zen azken aldian bere autografo bat atera nion, eta ilusioa egin zion [tiket zahar batez ari da; kutxetako batetik atera du]. Hemen agertzen da: «Adolfo Cabrales Mato, 1983ko azaroaren 14a». Uholdeen ondoren, lehenetarikoa izan zen etortzen. Berrogei urte daramatza etortzen. [Berriro altxatu da, disko pare bat hartzeko]. Ekarri dizkidan lehenengotarikoa da hau: beste bat erosi behar izan nuen, zorroa kentzea ahaztu zitzaiolako [plastikozko estalkiaren gainean idatzita dago eskaintza]. Eta hau da egin duen azkena, binilo bat.

Eta bezeroek horrela eskatzen dute: «Fitoren kapela bat nahi dut»?

Bai, bai. Eta orain kontzertuak ematen ari denez, gehiago eskatzen didate. Iaz, [Jose Manuel] Villarejo hori agertzen zen telebistan [Espainiako Poliziako komisario ohia, ustelkeria egotzita espetxeratua], eta harena ere eskatzen zidaten. Eta askotan eskatu izan dizkidate ospetsu jakinen kapelak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.