Bidaia psikodelikoa AEBetan barrena

'Strays' laugarren diskoarekin, Margo Pricek country musikaren ertzak gainditu eta sustraidun rockaren nahiz poparen trazak dituen lana ondu du. Joan den urtean bere autobiografia ere atera zuen kantariak.

Pricek hamar urte behar izan zituen lehen diskoa ateratzeko. ALYSSE GAFKJEN.
mikel lizarralde
2023ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Margo Pricek (AEB, 1983) 2016an Midwest Farmer's Daughter lehenengo diskoa kaleratu zuenean, kritikak goraipatu egin zuen, eta Nashvilleko country munduko izarra bihurtuko zela aurreratu zuen. Sei urte igaro dira orduz geroztik, eta Pricek beste hiru lan luze argitaratu ditu, pauso handiak baino gehiago, erraldoiak ematen ari dela erakusten duten diskoak hirurak ere. Horietako azkena da Strays, hasi berria den urtean kaleratutakoa, eta country etiketa aise gainditzen duena.

Iaz Maybe We'll Make It memoria liburua argitaratu zuen Pricek. Bertan, kontatzen du 19 urterekin eskola utzi eta Nashvillera joan zela bizitzera, kantari bilakatzeko asmoarekin. Han, tabernetan abestu zuen, kaleak zapaldu zituen, Jeremy Ivey musikaria ezagutu, eta harekin ezkondu zen, eta, bidenabar, saiatu zen country mundu horretan leku bat egiten. Hamarkada bat igaro ostean, ordea, ez zuen talderik, ez zuen zigilurik, eta ez zuen diskorik.

Jack Whiteren Third Man Recordsek Pricerengan arreta jarri zuenez geroztik, ordea, musikariaren ibilbidea abiada bizian joan da. Lehenengo disko haren country doinuekin oihartzun handia lortu ondoren, That's How Rumors Get Started (2020) lanarekin rock klasikora eta new wavera jo zuen, eta Strays-ekinbeste urrats bat egin nahi izan du, R&B-aren, poparen eta psikodeliaz beteriko countryaren artean mugitzen delako. Badaki Pricek agian ez dituela aseko country ortodoxoaren zaleak: «Badakit jende askok countrya besterik ez duela espero nigandik. Eta diskoan badira pedalsteel-ak, talde bat gela batean jotzen, eta tresna akustiko mordoa. Baina zaila egiten zait zein estilotakoa den zehaztea. Garbi daukat ni neu naizela».

Strays prestatzeko orduan,Pricek eta Iveyk onddo haluzinagarriak kontsumitu zituzten, eta hori diskoan sumatzen dela uste du kantariak: «Diskoa bidaia psikodeliko bat izatea nahigenuen». Horrela, Strays-en blues-rocka (Been to The Mountain), pop itsaskorra (Radio—Sharon van Etten-en kolaborazioarekin—, Time Machine),Lucinda Williamsen aztarnak izan ditzaketen americana kantuak (County Road), The Beatlesen eragina erakusten dutenak (Anytime You Call) eta bestelako doinuak uztartu ditu Pricek, Jonathan Wilson ekoizlearen laguntza ezinbestekoarekin. «Guk aurretik inoiz erabili gabeko musika tresna piloa ekarri zituen Jonathanek. Eta, azkenean, diskoan bibrafonoak, tinbalak, sintetizadoreak eta beste hamaika tresna erabiltzen bukatu genuen».

Giza esperientzia

Esperientzia ugari bizi izandakoa da Price —alkohol mendekotasuna, egonaldi bat espetxean—, eta hori guztia kantuetara eraman nahi izan du, betiere liberaziokontzeptua buruan izanda: «Pandemiak aurrera egin eta mundua itzaltzen ari zen bitartean, horri aurre egingo zion zerbait bilatu genuen, liberazio moduko bat». Horrekin batera, kantuak sortzeko orduan, gai batzuk zituen etengabe buruan: «Erreprodukzio eskubideak, zaintza, eta baita klima aldaketa ere, guztiak zeuden nire adimeneko lehen lerroan. Bada kontraste bat. Musika erabat psikodelikoa da, baina oinarrian giza esperientziaz hitz egiten du diskoak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.