Pamplonesak kontzertu ziklo batekin ospatuko du mendeurrena

Bederatzi kontzertu emango dituzte. Ekainean Nazioarteko Banden Jaialdia ospatuko dute

Ane Eslava.
Iruñea
2019ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Iruñeko Pamplonesa musika bandak ehun urte beteko ditu aurten, eta egitarau oparoa prestatu du mendeurrena ospatzeko. Ekainean dute ekitaldi nagusia, IFOB Nazioarteko Banden Jaialdia egingo baita orduan, baina aurreko hilabeteetan ere kontzertu ugari joko ditu Iruñeko musika bandak. Gaur bertan hasiko dute zikloa, Ehun urte zurekin kontzertuarekin.Asteazkenean aurkeztu zuten zikloa, Iruñean, eta eskaintzaren «aniztasuna» nabarmendu zuten.

Ehun urteotan Pamplonesaren parte izan diren musikari guztien lana omenduko dute gaurko emanaldian, Gaiarre antzokian eskainiko duten kontzertuan. Bandaren historiarekin lotutako errepertorioa joko dute, eta bandaren 44 kide ohik parte hartuko dute.

Zikloko bigarren ekitaldia otsailaren 9an izango da, eta musika banda Iruñeko Pablo Sarasate kontserbatorioko ikasleekin igoko da agertokira. Izan ere, etorkizuneko musikari profesionalen trebakuntza izan da beti Pamplonesaren helburuetako bat, antolatzaileen hitzetan. Hil horretan egingo dute Cervantesetik Turrillasera izeneko kontzertua ere; oso kontzertu «berezia» izango da, bandaren historiako protagonistetako biren obrak joko baitituzte: Silviano Cervantes eta Manuel Turrillas.

Martxoaren 16an, berriz, The Beatles taldeari omenaldia egingo diote, eta The Beat-Less talde iruindarraren partaidetza izango dute. Martxoaren 31n, bestalde, Diághileven Ballet Errusiarrak deituriko kontzertua egingo dute, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko ikasleekin.

Pop eta rock doinuak

2001etik, Pamplonesak Joaquin Maya musika eskolarekin lan egiten du, eta aurten ere kontzertu bat egingo dute elkarrekin. Ohi duten moduan, gai batean oinarrituko dute: pop-rock-a. Apirilaren 14an egingo dute, eta Mecano, Abba eta Elvis Presleyen kantak joko dituzte, besteak beste.

Gizarte arloa ere jorratuko dute: maiatzaren 5ean Elkarrekin ilusioarengatik kontzertua emango dute, gizarte arloko lau elkarterekin batera. Poesiarekin, dantzarekin, musika koralarekin eta instrumentalarekin osatuko dute saioa. Maiatzaren 18an, berriz, jazz musikari egingo diote tartea, Pamplonesak landuohi duen musika estilo bat baita hori.

Mendeurrenari lotuta lehen seihilekorako prestatutako zikloa amaitzeko, maiatzaren 13an kontzertu berezia egingo dute, IFOB jaialdiaren atarian. Pamplonesarekin batera arituko dira Bogdan Bacanu marinba jotzailea eta Nury Guarnaschelli eta Sarah Willis tronpeta jotzaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.