Musika. Solange

Iragan garaikidea

'A Seat At The Table' lanarekin musika beltz garaikidearen esparruan lekua hartu ondoren, Solangek iragan pertsonalari begiratzen dion disko bat argitaratu du: 'When I Get Home'.

Solange Knowlesen laugarren diskoa da When I Get Home. MAX HIRSCHBERGER.
mikel lizarralde
2019ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Oraindik senide kontuak aipatzen dizkioten arren—Beyonce Knowles izar handiaren ahizpa gaztea da—, Solangek (Houston, AEB, 1986) aspaldi erakutsi zuen ez zuela inolako babes familiarrik behar bere talentua agerian uzteko eta lepo betetako R&B garaikidearen espazioan nabarmentzeko. A Seat at The Table lanak (2016) laudorioak besterik ez zizkion ekarri, eta lan haren nolabaiteko jarraipena da When I Get Home (2019), bakarlariaren laugarren disko luzea.

2017ko azken hilabeteetan, eta aurreko diskoaren aurkezpen bira betean zegoela, Solangek jakinarazi zuen nerbio sistemari eragiten dion gaitz bat zuela: neuropatia autonomikoa. Horrek, metaforikoki bada ere, etxera itzultzeko gogoa piztu zion, Houston jaioterrira. Etxea izan zuen horretara. Hortik dator lan berriaren izenburua. «Badakit nolakoak diren bira batean jasaten dituzun presioa eta estresa, baina badakit, era berean, une batean hona itzul naitekeela, Houstonera, eta hemen bota aingura». Etxea alokatu zuen, eta han hasi zen kantuak konposatzen, jakinda lan berriak ezberdina izan behar zuela ezinbestean. «Sendatu egin behar nuen, eta, horretaz gain, neuretzat lan egin. A Seat at The Table guztiontzat eginiko diskoa zen; hala izatea nahi nuen. Baina When I Get Home niretzat eginiko lana da». Aurreko diskoak AEBetako emakume beltzen identitatea zuen ardatz nagusi, haien espazio bilaketa eta borroka; berriak, berriz,iraganera begiratzen du, haurtzarora, zehazki, ariketa pertsonal eta ez hain garden bat egiteko. Ez dio bizkarra ematen, ordea, bere identitate sozialari.«Belztasuna ez da inoiz desagertuko. Hori naiz; hori da dakidana. Beti izango naiz emakume beltz bat, eta beti lan egingo dut emakume beltz horren gorputzetik».

Atzera begiratze horrek badu isla musika proposamenean ere; izan ere, When I Get Home uler daiteke Solangeren musika heziketa elikatu zuten musiken koktel gisa ere. Soula, R&Ba, jazz etereoa eta hip-hopa entzun daitezke diskoan, baina kantariak izkin egiten dio ikuspegi retro-ari, pieza guztiei eman dien ukitu ilun, leun eta pausatuarekin. Eremu aski zapalduak izan arren, genero beltz horiek guztiak ukitu garaikide nabarmenarekin landu ditu.

Diskoa Things I Imagined kantuarekin hasten da, teklatuekin giro lauso bat sortuz—1970eko hamarkadako jazzari keinu eginez—, eta gero hainbat aldetara begiratzen du, askorik aldendu gabe hasieratik finkatutako bidetik. Stay Flo-k, melodia biziago batekin, agerian uzten du baxuek disko osoan izango duten garrantzia; piano nota soil batzuen gainean eraikitako Time (is) abestiak Stevie Wonder barnerakoienaren arrastoak dakartza; eta Binz laburrak, berriz, bi minutu eskasetan, hip-hop, jazz eta dancehall erakustaldia uzten du agerian. Hemeretzi kantu dira, baina diskoa 40 minutura iristen da juxtu-juxtu, piezetako batzuk kantuen arteko lotura laburrak baitira.

R&B / neosoul disko garaikide bati dagokion moduan, When I Get Home lanean Solange Knowlesek kolaboratzaile ugari izan ditu inguruan: Panda Bear, Earl Sweatshirt, Tyler, The Creator, Gucci Mane, Pharrell Williams, Sampha, Steve Lacy...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.