Musika

Irauten duenaren bermea

Indie-rock generoko historiko batzuk dira dagoeneko Dinosaur Jr. taldeko kideak. Pandemiak lan berriaren grabaketa eten zien iaz, baina asteon aurkeztu dute azkenean: 'Sweep It Into Space'

J Mascis Dinosaur Jr. taldeko gitarrista eta kantaria Benicassimgo jaialdian (Herrialde Katalanak), 2017ko udan emandako kontzertuan. DOMENCH CASTELLO / EFE.
itziar ugarte irizar
2021eko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Entzunaldi askotarako astirik ez da izan oraindik, baina hasi dira lehen iritziak eta kritikak agertzen Dinosaur Jr. taldearen disko berriaren inguruan. Lana entzungai jarri eta bi eguneko epean irakurri ahal izan da: «Haien soinu klasikoa da: inongo frenorik gabea, haizeak harrotua, Mascisen gitarra eta haren ahots urteekin minberatua norabide guztietan biraka dituena»; «1980ko hamarkadan AEBetako rock alternatiboa aurpegiz aldarazi zien lekutik hurbil segitzen dute»; «Ez berpiztailea, ez errebisionista, soilik liluragarria». Aurreko urterako zuten iragarria lan berria taldekideek, baina haiek ere bertan behera utzi behar izan zituzten aurreikusitako epeak, eta asteon zabaldu dute azkenik Sweep It Into Space, zeina taldearen hamabigarren estudioko lana bihurtu den.

Badira hiru hamarkada —lautik hurbilago jada— J Mascisek (gitarra eta ahotsa), Lou Barlowk (baxua eta ahotsa) eta Murphek (bateria) Dinosaur Jr. martxan jarri zutenetik. 1984an izan zen zehazki, AEBetako Massachusetts estatuko Amherst herrian. Deep Wound hardcore taldetik zetozen Mascis eta Barlow, bateria jotzetik bietan aurrena. Hura utzi eta gitarrarekin lehen lerrora egin zuen, baina, talde berriari ekitean eta Murph sartu zen bateria jotzera. Black Fug, Husker Du, Neil Young, Sonic Youth eta beste ziren partekatzen zituzten eraginak, eta horien alderdi gogorrenak eta, aldi berean, hauskorrenak bereganatu zituzten.

Taldearen izen berekoa izan zen 1985eko debuta: Dinosaur —gutxira gehitu zioten Jr. laburdura, izen bereko beste talde batek auzitegietan bukatzeko mehatxatu egin ostean—. Estreinako lan harekin jada agerian utzi zuten euren musikari eman nahi zioten oinarria: gitarra asko, distortsioak eta feedback-a ere nahiko, kantu molde hein batez utzia, hein baten gozoa, eta rock alternatiboaren eta, zehatzago, noise-pop-aren estetikei erantzuten zien egiteko modu indartsuak. «Hasiera haietan jendearen belarriak zartatzea bilatzen nuen, gerora benetan jo nahi dudana jotzea bilatu dut», adierazi izan du ordukoaz Mascisek.

1987an eman zuten beren ibilbidean lehen mugarri handia jarri zuen You're living all over me. Eta urtebetera Bug, taldea orduko eszenan irabazten ari zen izena berretsi zuena —han zetorren, esaterako, Freak Scene kanta—. Indie estatubatuarraren protagonistetako batzuk bihurtu ziren, 1990eko grunge-aren garapenean lorratz nabaria utziz. Orduan hasi zen, baina, Mascisen eta Barlowren arteko tentsioa handitzen, baxu jotzaileak taldea utzi zuen arte —Sebadoh sortu zuen—. Haren ordez batu zen Mike Johnsonek hurrengo hiru diskotan hartu zuen parte, baina Murph izan zen taldetik ateratzen hurrena, eta, Mascis bateria aurrera itzuli bazen ere, 1997an, azkenik, desegin egin zuen taldea. 2005ean berriz berrartzeko, sorrerako hirukoan.

[youtube]https://youtu.be/5eO6up9Gpv0[/youtube]

Ia hamarraldi bat egin zuen taldeak isilduta, beti itzultzeko aukera airean zebilkiela. Bira baterako itzuli ziren hasieran, AEB, Japonia eta Europako zenbait jaialdi zeharkatuz. Baina bira haren ostean, disko berri bat aurkeztu zuten 2007an: Beyond. Eta gurpila berriz martxan, beste lau grabatu dituzte ordutik —aurtengoa barne—. 2016koa zen orain arteko azkena, Give a Glimpse of What Yer Not, aurrekoak baino poperoagoa eta taldea berriz zenbait agerkaritako postu gorenetan jarri zuena.

Energiatik jakintzara

Hontz batena dirudien begirada margotu bat dakar orain taldearen disko ondu berriak azalean. Erdi-arrastan kantatzeko Mascisen manera, gitarra biziak eta pasarte leunagoak dakartzate hamabi kantuek nahasian; riff azkarretatik (I Expect it Always) melodia bareagoetarako itzuliak (Garden, I Wonder), eta baita Kurt Vilen (The War on Drugs) ahotsa ere, I Ran Away kantuan. Kideek esan izan dutenez, «esperientzia eta heldutasuna» jarri zaizkie alde orain, gorabeherak gorabehera. Murph: «Urteekin galtzen duzun energia irabazi duzun jakintzarekin ordezkatzen duzu. Lasaiago gaude orain jotzeko orduan, eta gehiago gozatzen, oro har, musika egiterakoan».

[youtube]https://youtu.be/Hu0_TOybRx0[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.