Iraganera bueltan

Elvis Perkins musikariak ibilbide sendoa osatu du 2007an lehen pausoak eman zituenetik, nahiz eta disko gutxi batzuk baino ez dituen atera. Bi kontzertu emango ditu Euskal Herrian.

Elvis Perkinsek bost disko atera ditu orain arte. BERRIA.
mikel lizarralde
2023ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun

Zarata handirik gabe egin du musika munduan bidea Elvis Perkinsek (New York, 1976). Bi artista ezagunen semea izateak eman zion sona Ash Wednesday (2007) lehenengo diskoa argitaratu zuenean —Anthony Perkins aktorearen eta Berry Berenson argazkilariaren semea da—, eta, agian horregatik, gaur egun ere famatuen oinordeko da askorentzat, nahiz eta protagonismoa berari eman beharko liokeen ibilbide ez oso oparo baina sendoa egin duen lehen lan hura kaleratu zuenez geroztik. Bi kontzertu emango ditu hastear den aste honetan Euskal Herrian: ostegunean, Donostiako Dabadaban; eta, ostiralean, berriz, Bilboko Guggenheim museoan, Art & Music zikloaren barruan.

 

Ash Wednesday-k folk sustraidun popean eroso mugitzen zen musikari bat aurkeztu zuen, eta Elvis Perkins in Dearland haren jarraipenak (2009) —Shampoo gisako kantu zuzen eta bikainekin— beste geruza bat gehitu zion musikariaren soinuari, rocketik hurbilago zegoena. Bi lan haiek, distantziak distantzia, Elliott Smithek eta Eef Barzelayk (Clem Snide) egindako bidearekin lot zitezkeen.

Creation Myths (2020) da Perkinsek kaleratu duen azken diskoa, bere bosgarren luzea —The Blackcoat's Daughter haren anaia Oz Perkinsek zuzendutako beldurrezko filmaren soinu banda kontuan hartuta—, eta, musikari estatubatuarrak aurretik landu izan duen eremutik aldentzen ez bada ere, erakusten ditu beste ertz batzuk ere. Paradoxikoki, Ash Wednesday kaleratu aurretik sortutako kantuak bildu ditu diskoan, hamabost urtetik gora dituztenak, eta, alde horretatik, bere hastapenetara eginiko bidaia baten gisa uler daiteke. «Niretzat, opari handia izan da kantu horiek hor izan, haietara itzuli, eta hori egitean garai hartako energia bueltan sentitzea», nabarmendu du musikariak.

Creation Myths-ek, Perkinsen aurreko diskoek bezala, badu ukitu malenkoniatsu bat, nahiz eta aitortu duen ez duela hori helburu. «Diskoan badira idatzi nituenean sentitzen nuen poztasuna lantzen duten kantuak, baina bizitzaren edertasunaz aritzea kostatzen zait. Kantu tristeak egitea gustatzen zaion gizon alai bat naiz, azken batean».

Hala ere, diskoak ez du tristurarik islatzen, eta kantu batzuk (See Monkey, Mrs. & Mr. E —azken hori country ukitu gozo batek blaitua—) bihotz altxagarriak ere izan daitezke.

Brigham Brough (kontrabaxua, saxofoia), Wyndham Boylan-Garnett (organoa, harmoniuma, tronboia, gitarra) eta Nick Kinseyk (perkusioa, klarinetea, aho soinua) osatutako taldeak lagunduta ariko da Perkins Euskal Herrian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.