Agur errituen irudiak

Miguel Bergasak erakusketa bat jarri du Donostiako Santa Maria elizako museoan, Mexiko, Bolivia eta Paraguain ateratako argazkiekin

Miguel Bergasa argazkilaria, Donostiako Elizbarrutiko museoan. G.R. / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2019ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Miguel Bergasak (Iruñea, 1951) bere argazkilari ibilbidearen lehen urratsetatik jarri du begia erritu eta tradizioen gaian. 1970eko hamarkadan abiatu zen argazkilaritzan, eta Iruñetik Madrilera lekualdatu eta hainbat urteren ondoren Iruñera itzuli zenean hasi zen errituen iruditegiarekin lanean, haurtzaroko memorietatik tiraka. 1983a zen, eta urte hartan bertan egin zuen lehen bidaia Latinoamerikara. Ordutik eta iaz arte, 30 bat bider itzuli da kontinentera, eta bidaia horien artean Paraguain, Mexikon eta Bolivian egindako hogei irudi bildu ditu orain Donostiako Santa Maria elizako museorako prestatu duten erakusketan. Heriotza dute ardatz, heriotza bizitzeko moduak. Baina batez ere Mexikoko Santu Guztien Eguna da erakusketako protagonista, eta hortik izena: Miguel Bergasa. Hilen Eguna. Elizaren goialdean atondu dituzte irudiak, bi gelatan; zuri-beltzekoak batean, eta koloretakoak bestean. Uztailaren 14ra bitarte ikusi ahal izango dira.

Ameriketara egindako bidaietan, Nafarroan argazkitan hartuak zituen erritu eta tradizio berberak topatu ditu Bergasak, betiere kolono espainiarrak heldu ziren herrietan. «Eliza katolikoak eraman zituen erritu hauek hara, baina kultura latinoamerikarrek euren sinkretismo propioa egin dute». Eta hor zabaltzen dira aldeak argazkilariarentzat. Baita Edorta Kortadi museoko zuzendariarentzat ere: «Mendebaldean, heriotza eta hilen eguna gai dramatikoa da, tragikoa eta iluna. Baina herrialde hauetan bizitzaren bueltako erritu festa bihurtzen da».

Hala sentitu zuen Bergasak Mexikoko «hilen eguna» bertatik bertara ezagutu zuenean. «Imajinatu goizaldeko ordu batean hilerri batera joan eta milaka kandela piztuta aurkitzea, jendea hilobien gainean jarrita gau eta egun, hildakoei gustatzen zitzaien elikagaiz betetako otarreak, eta batzuetan baita haien gustuko musika ere. Jai bat da haientzat».

Hilotzekiko distantzia

Santa Maria elizan jarritako hogei irudietatik hamazazpi dira Mexikokoak, bi Boliviakoak, eta bat Paraguaikoa. Zuri-beltzekoa da azken hori —ahal bada, hala lan egitea nahiago du Bergasak—, erakusketako irudirik indartsuenetako bat: menoniten komunitateko kide batzuk haur bat lurperatzen ageri dira. «Mexikoko irudien oso kontrara, austeritatea erakusten du. Ez dago inongo sinbolismorik». Haur gehiago ageri dira hilkutxaren inguruan, eta, hori «gordina» egin badaiteke ere, duela ez hainbeste Euskal Herrian hala izan ohi zela ekarri du gogora Kortadik: «Gu hilotzen inguruan naturaltasun osoz aritzen ginen umetan. Gaur, familiek haurrak atera egiten dituzte inguru horretatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.