Albistea entzun

Gatazka politikoak erotizatzea

Sexu askatasunari, politikari eta irudien sorkuntzari buruzko gogoetak uztartu ditu Eszter Katalin artista hungariarrak Bilbo Arten zabaldu duen 'Azkorriren itzalpean' erakusketan
Eszter Katalin artista hungariarra Bilboko BIlboArteren erakusketa aretoan.
Eszter Katalin artista hungariarra Bilboko BIlboArteren erakusketa aretoan. MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2021eko irailak 19 - Bilbo

Getxoko Azkorri hondartza hutsean (Bizkaia), bere burua olatuz olatu beztitzen du itsasoak Azkorriren itzalpean ikus-entzunezkoan, aldiro berri eta beti eder, baina segundo gutxi batzuk baino ez du iraungo kontenplazio estetikoak, irudigintzari, autorearen jarrera etikoari zein esanahien sorkuntzari buruzko gogoetei bide eman aurretik. Sorkuntza egonaldia egin zuen iaz Eszter Katalin artistak (Budapest, 1991) Bilboko Bilbo Arte fundazioan, eta bertan egindako ikerketen eta lanaren emaitza bildu du orain eraikineko aretoan ireki duen erakusketan. Urriaren 1era arte egongo da ikusgai lana.

Biografiaren, aldarrikapenaren eta irudiak berrirakurtzeko ariketa baten arteko zerbait da Katalinen lana, eta bideo hasierako hondartzako irudiez gain Miklos Jancso zinemagilearen hainbat irudi ere baliatu ditu lana osatzeko: 1972ko Még kér nép (Red Psalm) filmekoak, zehazki.

Hungariar folklorearen, kristautasunaren zein sozialismoaren ikonografia uztartu zituen Jancsok lan horretan. Paisaia zabal batean jende multzo handi bat jarri zuen zuzendariak filmeko sekuentzietako batean. Azkenean sarraski bat bihurtu zuten XIX. mendeko herri altxamendu bat irudikatu nahi zuen horrela sortzaileak. Aktore talde zabaleko kideetako bakoitzak arrosa gorri baten itxurako oihal bana darama eskuan sekuentzian, eta martirio, erresistentzia zein naziotasun irudi horixe izan du iltzatuta Katalinek denbora luzez. Azaldu duenez, aldi berean, «higuingarri» eta «erakargarri» egin baitzaio beti sekuentzia horretan zinemagileak nola erotizatzen duen gatazka politiko bat.

Urrats bat urrunago darama Katalinek Jancsok filmatutako keinua Bilbo Arten ikus daitekeen bideoan. Une batez, artista bera proiekzioaren aurrean jarri, eta filmeko sekuentziaren parte bilakatzen baita, eta astiro hasten baita berak ere eskuan daraman arrosa gorria miazkatzen eta dastatzen. «Perbertsio bat da?», galdetzen dio bere buruari narratzailearen ahotsak bideoan, eta, hain justu, hurrengo unean bertan iradokitzen du Jancsoren ikonografia uztarketa ere ez ote den beste perbertsio klase bat. «Ikono politiko hori neureganatzen saiatzen naiz», azaldu du Katalinek. «Eta, era berean, baita nire sexualitate queer-arekin lotzen ere».

Sexu askatasuna

Katalinen lanaren hondo osoa hartzen du sexu askatasunaren gaiak. Esplizituki ere bai zenbaitetan; Jancsok filmatutako ia keinu bera egiten erakusten du Jelena Grigorieva LGTBI ekintzaile errusiarra bideoko beste fotogrametako batek, 2019ko irudi batean. Hura ere eskuan oihal gorri bat duela, bi poliziaren artean, aske jarraitu ahal izateko indarka. Eta aldarrikapenaren eta martirioaren bidegurutzean dabil Grigorieva ere, argazki hori atera eta denbora gutxira labankadakaz hil baitzuten eskuin muturreko militante batzuek.

Getxoko Azkorri hondartzan eta Arabako Lasierran hartutako irudiak ere gehitu dizkio Katalinek bideoko geruza metari, eta hala osatu du artistak Bilbo Arten ikus daitekeen 17 minutuko pieza, hungarierazko audioarekin, eta euskarazko, gaztelerazko zein ingelesezko azpidatziekin.

Ikus-entzunezko lan hori da erakusketaren muina. Hasiera batean, Katalinek izan zuen tentazioa bere aurreko beste lanen bat ere erakusteko, baina, azkenean, erakusketa osoa bideo bakar horren bueltan osatzea erabaki zuen. Bigarren areto osoa eskaini dio horregatik, eta lan horretara heltzeko egin duen bidea kontatzen du lehenengoan, sarrera gisa. Bideoan txertatutako irudietara nola heldu zen kontatzen du bertan, nola eta noiz jaso zituen zehaztuz. Budapesteko unibertsitateko eskoletan izan zuen, adibidez, Jancsoren filmaren berri, eta, horregatik, erakusketarako idatzitako testuan, nahasian gogoratzen du lan hori lehenengoz ikustean sentitu zituen zirrara, eta lan hura erakutsi zion irakaslearen jarrera misogino eta homofoboak sortzen zion higuina.

Bilbo Artekoa ez da Katalinek geruzak metatuz sortu duen lehen lana, halere. Hala osatu zuen Mária Vörosben / Mary in Red bideoa ere 2015ean. Marianosztra herrian dagoen espetxea izan zen gaia kasu hartan. Artistak gogoratu duenez, 1919tik 1994ra emakumezkoentzako kartzela izan zen eraikina, eta, 2015etik aurrera, bertan ekoitzi dira mugak gurutzatzea oztopatzeko sortutako txarrantxa hesiak. Eraikinari bisita egin zion artistak, eta memoria geruza horiek bata bestearen gainean pilatuz osatu zuen ikus-entzunezkoa.

Hungariako zinemagintzaren garrantzia izan du mintzagai Juan Zapater Bilbo Arteko zuzendari eta zinemagintza adituak,eta Hungariako zinemagintzaren historiaren bihotzean kokatu du Jancso. «Luis Buñuel Espainiako zinemagintzan denarekin alderatu daiteke zer den Jancso Hungariako zinemagintzan». Zapaterren hitzetan, «mugimenduaren zinemagilea» da, eta, hain zuzen ere, mugimendua lantzeko modua nabarmendu du Katalinen lanean ere.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Karmele Mitxelena eta Iñaki Cid Larrea, beren lan argitaratu berriak eskuetan, Donostian. ©GORKA RUBIO / FOKU

Karmele Mitxelenaren eta Iñaki Ciden lanak argitaratu dituzte

Itziar Ugarte Irizar

'Haragizko mamuak' du izenburu Mitxelenaren lehen narrazio liburuak, eta 'Behin batean Loiolan' antzerkiaren alorreko Ciden lanak. Donostia Hiriko Kutxa Literatura sariak irabazi dituzte biek, eta Elkarrek eman ditu lanok argitara.

 ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Aurtengo Durangoko Azokak argitu dezakeen argazkia

Itziar Ugarte Irizar

Digitalizazioaren aroak galdera ikur handiak ezarri ditu musikagintzaren sektorean. Nabarmen aldatu da musika banatzeko era, eta Durangoko Azokan ere gero eta begi-bistakoagoa da hori. Eredu bat agortzear sumatu arren, formatu fisikoaren aldeko jarrerari eusten diote gehienek.

Mona Hatoum artistaren <em>Still Life</em> instalazioa, Donostian. ©GORKA RUBIO / FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.