Literatura. Mariama Ba

Pentsatu eta idatzi egiten diren gauzak

Haurtzaroko lagun diren bi emakumek alargundu ostean gutun bidez elkarri kontatzen dizkioten bizipenak eta gogoetak osagai hartuta eraiki zuen Mariama Ba idazle senegaldarrak 'Hain gutun luzea' obra (1979).

2019ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Bere senar Madou hil egin dela gutun bidez jakinarazten dio Ramatulayek AEBetan bizi den Aissatou haurtzaroko adiskideari, Mariama Baren (Dakar, Senegal, 1929-1981) Hain gutun luzea lanean (Edo, 2015, Iokin Otaegik itzulia; frantsesez, Une si longue lettre, 1979). Gutun horri beste hainbatek jarraituko diote, zeinetan, bere eta bere lagunaren bizitzek harturiko norabidea aztertzearekin batera, independentzia osteko lehen urteetan Senegalgo emakumeek duten egoera azalduko duen.

Senarraren heriotzari jarraituz, derrigorrezko dolu eta bakartasun aldiari ekin behar dio Ramatulayek. Hainbat egunez hamaika bisitari jasotzen ditu etxean —lagunak, senideak, baita arrotzak ere—, alargundu berriari doluminak emateko prest denak, baina gertaerak beirazko horma batetik zehar ikusten ariko balitz bezala jokatzen du Ramatulayek. Ez hotz, ez bero. Modou Fall zinez maite zuen arren, haren heriotzarekiko jarrera anbibalentea du. 25 urtez ezkonduta egon ostean eta mundura hamabi seme-alaba ekarri ondoren, Modouk bigarrenez ezkontzea erabaki zuen; norekin, eta alaba nerabearen lagun eta ikaskide batekin. Koranaren araberako legeak ezarri bezala bere denbora eta baliabide ekonomikoak bi emazteen artean banatu beharrean, Ramatulaye eta harekin izandako umeak baztertu egin zituen, eta, jarraian elkarrekin zuten banku-kontu komuna hustu.

Gertaera horiek jazo eta bost urtera hilda dago Modou, bat-bateko bihotzekoak jota, eta Ramatulaye alarguntzaren errituak bigarren emaztearekin batera jarraitzera behartuta dago. Egoera iraingarria iruditzen zaio, Modouren arreben jokabideak batere samurtzen laguntzen ez duena, «modu berean kontsideratzen [baitituzte] hogeita hamar urteko eta bost urteko ezkon-bizitzak. Aisetasun eta hitz berberekin ospatzen dituzte hamabi amatasun zein hiru».

Gutunkide eta haurtzaroko lagun duen Aissatou, Ramatulaye bera bezala, gazterik ezkondu zen Modouren lagun Mawdorekin, medikuntzako ikaslea hura. Haren ama aristokratikoak, ordea, ez zuen lotura ontzat hartu: behe klaseko talde etniko bateko kidea eta urregin baten alaba zen aldetik, Aissatou ez zuen bere semearentzako nahikoa aukera ona. Errainaren kontra mendeku hartzeko asmoz, bere lehengusinetako bat bigarren emaztetzat hartzera bultzatu zuen semea. Semeak amore ematera behartuta ikusi omen zuen bere burua, ama «lotsak eta atsekabeak jota hil» ez zedin, baina Aissatouri zin egin zion ez zela bigarren emaztearekin bizitzera joango.

Ramatulayeren laguna, ordea, ez zegoen harreman poligamo batean parte hartzeko prest. Gutun baten bidez senarrari jakinarazi zion bere maitasunari eta izenari uko egiten ziela. «Duintasuna soinean, laudatzekoa den jantzi bakarra, nire bideari jarraituko diot». Seme-alaba txikiak haztearekin batera interprete ikasketei ekin zien orduan, eta, horri esker, Senegalek New Yorken duen enbaxadan lan egiteko aukera sortu zitzaion.

«Zure zoriontasuna ahuldu zuten horiek baino askozaz hobea zarela frogatu duzu!», esaten dio Ramatulayek lagunari gutunetako batean, haren lorpenengatik harro. Bere buruarentzat, ordea, ez du antzeko adorezko hitzik. Bere ezkontza urteei errepasoa egiten hasi, eta bere buruari galdetzen dio zerk bultzatu zuen Modou berarengan interesa galtzera. Lehen urteetan, bai elkarrekin zebiltzanean bai ezkonberritan, gauzak ezin hobeto zihoazen bien artean. Egia da, ordea, Ramatulayeren familiak ez zuela bere eta Modouren arteko harremana begi onez ikusten, gazteegia eta esperientzia gabea zelako. Arrazoia ematen die orain senideei, eta bere buruari galdetzen dio zergatik, daukan heziketa izanda, ez zuen erabaki zentzudunagorik hartu eta, esaterako, Dauda Dieng aukeratu, adinez nagusiagoa zena eta ekonomikoki egoera egonkorragoan zegoena.

Ohiturei eustea

Lagunak ez bezala, senarraren bizitzan bezala heriotzan ere, ohiturekin ez haustea erabakitzen du Ramatulayek, jarrerarik duinena horixe dela erabakita. Modouren traizioaren ostean, bere samina zein haserrea barru-barruan gorde zituen, eta gizarte aurrean jokabide akasgabea agertu zuen; beste horrenbeste egiten du hura hil ondoren. Hala ere, zenbaitetan, bere esparrua babestu beste erremediorik ez du, eta, orduan bai, eztanda egiten du.

Derrigorrezko berrogei dolu egunen ondoren, ezkontza proposamenak bata bestearen atzetik heltzen zaizkio. Zerrendan lehena Modouren anaia Tamsir da, hiru aldiz ezkondutakoa. Burlaz hartzen du Ramatulayek haren proposamena, baietz esanez gero Tamsirren laugarren emazte bihurtuko litzatekeelako eta bere ondasun guztiak haren esku geratuko liratekeelako.

Koinatuari gogorarazten dio jadanik dituen emazteak diruz laguntzeko gai ez dela, lege islamiarraren arabera ezinbesteko baldintza dena emazte bat baino gehiago izateko. «Ez naiz esku batetik bestera pasa daitekeen objektua... Ez naiz sekula zure bilduma osatuko duen hori izango». Hitz horiekin bukatutzat ematen du kontua, eta irakurleak halako bozkarioa sentitzen du Ramatulayek lehen aldiz gizon baten aurrean erakutsitako irmotasunagatik.

Hain gutun luzea-k agerian uzten du poligamia ez dela emakumeentzako harreman eredu egokia, gizonen boterea legeztatzeko eta legezkotzat jotzeko mekanismoa baita. Emakumeen askapenari begira, heziketa oro har eta liburuak zehazki gako direla erakusten du. Hain zuzen, tradizioari bizkarra emateko nahikoa indar ez badu ere, liburuetan eta idazketan ihesbide bat aurkitzen du Ramatulayek. Esan ez ditu esango, baina pentsatu eta idatzi egiten ditu bere kezkak. Horra bere iraultza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.