Kote Cabezudoren auzia. Epaia

Kote Cabezudo argazkilariari 28 urteko espetxe zigorra jarri diote

Frogatutzat jo dute hamar delitu egin izana; akusazioek leporatutako 217 delitu ez ditu aintzat hartu epaimahaiak. Akusazio partikularrak helegitea jartzeko asmoa azaldu du

Epaiketa. Martxoaren 7tik apirilaren 13ra bitartean epaitu zuten Cabezudo, Donostian. JON URBE / FOKU.
Jon O. Urain - Arantxa Iraola - Irati Urdalleta Lete
2022ko ekainaren 28a
00:00
Entzun

Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko 1. Sekzioak 28 urteko eta bi hilabeteko espetxe zigorra jarri dio Kote Cabezudo argazkilariari, bortxaketa delitu bat, sexu abusuen beste bat, haur pornografiako sei eta bi iruzur delitu egitea egotzita. Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko iturriek zehaztu dutenez, ordea, haren espetxealdiak ezingo du hogei urte baino gehiago iraun, eta betetzat jo ditu behin-behineko espetxealdian egin dituen lau urteak. Beste 217 delitu ere egotzi zizkioten akusazioek, baina horien gaineko absoluzioa eman dute sententzian. Horregatik, zigorrak apalak dira akusazioek egindako eskeekin alderatuta. Fiskalak 250 kartzela urte eskatu zituen; akusazio partikularrak, 2.627.

 

Cabezudo martxoaren 7tik apirilaren 13ra epaitu zuten. Maiatzaren 2an, haren behin-behineko espetxealdia amaitzekotan zela, auzitegiak aurreratu zuen Cabezudori zortzi urtetik gorako zigorra jarriko ziotela, eta orain eman du epaia. Hamazazpi biktimaren salaketak aztertu dituzte. Epaimahaiak nabarmendu du ez dutela argazkilariaren «etika» epaitu, ezta haren «deontologia profesionala» ere: frogatutzat eman daitezkeen delituen xerka idatzi dute epaia. Esan dute, halaber, ulertzen dutela biktimen «mina». Epaia ez da irmoa; jar daiteke helegitea.

Efe berri agentziak eman du epaiaren berri, eta EAEko Auzitegi Nagusiak baieztatu du ondoren. Sententzia 340 orrialdetan eman dute Maria Jose Barbarin, Ana Isabel Moreno eta Augusto Maeso epaimahaikideek. Besteak beste, epaimahaiak irudien izaera pornografikoa aztertu du, aintzat hartuta legerian haur pornografiatzat jotzen dela adingabeak «portaera sexual agerikoetan» agertzen diren irudi oro; magistratuek ondorioztatu dute biktimetako seiren kasua haur pornografiatzat jo daitekeela. Horietako lauren kasuan, haur pornografia webgune batzuetan hedatu zuela ebatzi dute, eta beste baten kasuan, irudiak hedatzeko asmoz zeuzkala gordeta. Haur pornografiako materiala prestatzeko delituari dagokionez, epaileek ondorioztatu dute bost biktimaren kasuan delitua preskribatuta dagoela, baina ez, ordea, baten kasuan —seigarrena—, eta, beraz, haur pornografia prestatzeko delitu bat egiteagatik ere zigortu dute.

Biktima helduen kasuan, berriz, epaileek ebatzi dute horiei ez zitzaiela «iruzur egin» irudiak eskuratzeko orduan, eta ez dagoela intimitatearen aurkako deliturik ere. Aldiz, frogatutzat jo dute bi iruzur delitu egin zituela Cabezudok argazkiak eskuratu ondoren; izan ere, andreetako bik beren irudi eskubideak erosi zizkioten argazkilariari, hark irudiak ezabatu zitzan bere webguneetatik eta saiatu zedin ezabatzen Cabezudorenak ez ziren beste atari batzuetatik. Emakumeek ordaindu egin zuten horretarako, eta akusatuak bere webgunetik kendu zituen, baina ez zuen «ezer» egin bereak ez ziren webguneetatik irudi horiek desagertu zitezen.

Askatasun sexualaren aurkako delituei dagokienez, ebazpenean jaso dute bortxaketa bat eta sexu abusu bat egin zizkiola argazkilariak bi andreri. Magistratuek zehaztu dute gauza bat dela argazkilariaren estudiora beren borondatez joatea, eduki sexualak dituzten argazkiak egitea eta horien truke dirua jasotzea, eta beste bat argazki saioek iraun bitartean argazkilariak «nahieran» jokatzea emakumezkoen gorputzarekin.

Akusazio partikularreko abokatuek atzo bertan esan zuten «iraingarria» izan dela berentzat epaia; helegitea jarriko dute.

«Patroi» bera

Argazkilari ezaguna izana da Cabezudo, eta haren modeloek jarritako salaketengatik epaitu dute. Iruzurra, intimitatearen aurkako delituak, haurrekin egindako pornografia eta sexu erasoak egotzi dizkiote, besteak beste. 2013an jarri zuten akusatuaren kontrako lehen kereila. Hedabideetan-eta isilpean gelditu ziren haren kontrako lehen salaketak, eta justiziak ez zuen neurririk hartu akusatuaren kontra. 2018ko udaberrian kasuari buruzko albisteak oihartzuna lortzen hasi ziren, eta, urte hartako maiatzean, preso sartu zuten.

Epaiketan, akusazioen abokatuak esan zuen kasu guztien atzean «patroi» bera ageri dela beti: «iruzur» eginda erakartzen zituen modelo gazteak akusatuak, eta nahieran erabiltzen zituela gero. Fiskalak adierazi zuen modeloak, egiten zizkien argazkiak tarteko, horien erabilera zitalaren «uztarripean» zituela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.