Bakea eta Bizikidetza. Biktimak

Urigoitia, eta «inpunitatea»

1987ko uztailean hil zuen Guardia Zibilak Luzia Urigoitia, Pasaian (Gipuzkoa). Bertsio ofizialak hasieratik zalantzak eragin arren, auzitegiko ikerketek ez dute emaitzarik izan.

Hodei Iruretagoiena.
2015eko irailaren 16a
00:00
Entzun
Espainiako Estatuko Segurtasun Indarren «inpunitate erakustaldirik handienetakoa» da Luzia Urigoitia Ajuria Lutxi-ren (1959-1987) heriotzaren kasua, Paco Etxeberria auzi medikuak azaldu izan duenez. Hasieratik agertu zituen hutsuneak Espainiako Gobernuaren eta Guardia Zibilaren bertsio ofizialak, guardia zibilek Urigoitia hil zuten modua kontuan hartuta. 1987ko uztailaren 23ko goizaldean hil zuten ETA militarreko kidea, eta arratsalde hartan egin zioten autopsia; Donostiako Instrukzioko 2. zenbakiko Epaitegiko epailearen arabera, «azala ia ukituz» jo zioten tiroa lepoaren atzealdean.

Otxandion (Bizkaia) jaioa izaki, gaztetatik hartu zuen parte Urigoitiak herriko kultur mugimenduan, eta iraultza sandinistaren aldeko ekintzetan aritu ondoren, Nikaraguara joan zen brigadista 1984an, Gaspar Garcia Laviana brigadarekin. Jaioterrira itzulita, laster egin behar izan zuen ihes Ipar Euskal Herrira, 1985eko urtarrilean. Voluntarios: semillas de libertad (Boluntarioak: askatasun haziak) liburuaren arabera, 1987ko urtarrilean jakinarazi zion familiari ez zutela haren berririk izango denbora luze batean. Heriotzarena izan zen hari buruzko hurrengo berria.

Uztailaren 22ko gauean polizia operazio zabala egin zuen Guardia Zibilak ustezko hainbat etakideren aurka, Donostian, Hernanin eta Pasaian. Trintxerpeko (Pasaia, Gipuzkoa) pisu batean zegoen Urigoitia, beste bi lagunekin batera, eta bi tiro jaso zituen. El País egunkariak eman zuen hurrengo egunetan autopsiaren emaitzen berri, eta ez zuen zalantzarako tarterik utzi: lehenengo tiroa jaso ondoren, lurrean zaurituta zegoela jo zioten heriotza eragin zion bigarrena, oso distantzia laburrera. Informazio horren arabera, burua lurrean etzanda zuela, goitik behera egin zioten tiro, eta lepoaren atzealdetik sartuta, zoruaren aurka jo zuen balak, burua zeharkatu eta beste aldetik irten ondoren.

Intxaurrondora bisita

Bertsio ofizialak hasieratik eragin zituen zalantzak, besteak beste, autopsiaren emaitzak ikusita. Gobernuaren esanetan, UEI Guardia Zibilaren Interbentziorako Unitate Berezietako kideek etxeko atea bota bezain laster gertatu zen aurrez aurrekoa, eta Urigoitia hil zuen agenteak leku beretik egin zituen bi tiroak, etakidearen tiroei erantzunez. El País-ek jaso zuenez, hainbat bizilagunek deklaratu zuten Urigoitiarekin batera atxilotu zuten baten oihuak entzun zituztela, «Zer egingo duzue?» esanez.

Gobernuko kargudunengan ere nabaritu zen ezinegona lehen ordu haietan. Juan Piqueras Donostiako Instrukzioko 2. Epaitegiko epailea, Fermin Zubiri fiskala eta bi auzi mediku Intxaurrondoko kuartelera joan ziren goizean, Urigoitiarekin batera atxilotutakoak jasotzen ari ziren tratua gainbegiratzera. «Heriotza horren ingurukoak argitzen saiatzeko eginbeharra» zen bisitaren motiboa, Piquerasen hitzetan, baina Gipuzkoako gobernadore zibil Jose Ramon Goñi Tirapuri ez zitzaion gehiegi gustatu jokabide hori; epaileak Guardia Zibilaren ikerketa trabatu zuela esan zuen.

1990eko urrian, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak artxibatu egin zuen kasua, behin-behinean, «froga faltagatik». Soka ekarri zuen, ordea, ondoren ere. Cesid zerbitzu sekretuen paper batek harrotu zituen hautsak, 1995ean: El Mundo egunkariaren arabera, bertan zioten Guardia Zibileko kapitain batek frogak faltsutu zituela, bertsio ofiziala sinesgarri egiteko. «Balistika laborategian kanoi bat ordezkatu, eta balen aurkako txaleko bat manipulatu zen». PSOEren gobernuko goi kargudunek ere horren berri bazutela zioen: «[Felipe Gonzalez] Gobernuko presidenteak, Rafael Vera Barne ministroak, eta beste pertsonaren batek». Garai hartan, Barne Ministerioak ere onartu zuen ohar hori existitzen zela, edukia gezurtatu arren.

Roldan, Vera, Barrionuevo

Donostiako Instrukzioko 2. Epaitegiko epaile Justo Rodriguezek Espainiako Gobernuari eskatu zion orduan Cesiden paper hura, baina uko egin zion PPren gobernuak. Ondorioz, Cesideko zuzendari ohi Emilio Alonso Manglano deitu zuen deklaratzera epaileak, inputatu gisa. Izen ezagun gehiago ere pasatu ziren auzitegitik: Luis Roldan Guardia Zibileko zuzendari zenak aitortu zuen frogak faltsutzea pentsatu zutela, baina azkenean ez zutela egin, «ez zelako behar izan». Haren atzetik etorri zen Rafael Vera, Segurtasunerako Estatu idazkari ohia, eta ukatu egin zituen akusazioak. Jose Barrionuevo Barne ministro ohiak uko egin zion deklaratzeari. Azkenean, 2000. urtean artxibatu zen kasua: Cesiden oharra benetakoa izan arren, han esaten zena ez zela frogatu ebatzi zuten. 28 urteren ondoren, oraindik ere zigorrik gabe gabe dago hilketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.