Albistea entzun

Bilduren legeztatzea. Zerrenden osaketa

Eskuak, lanabesak, irudimena

Legez kanpo egondako urteetan, martxan segitu zuen ezker abertzaleak: zerrendak, kanpainak... Garai hartan egituretan arituriko birekin elkartu da BERRIA, guzia nola antolatzen zuten jakiteko.
AuB legez kanporatu ostean, herritarrak botopaperak erakusten.
AuB legez kanporatu ostean, herritarrak botopaperak erakusten. JAGOBA MANTEROLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2021eko maiatzak 9

«Mendian zabiltzatela noizbait jo duzue inurri mendi bat ostikoz? Jotzen duzu, apurtzen duzu, eta segituan hasten dira inurriak berriro ere eraikitzen. Baina ez bat: inurri mordo bat. Etxea izorratzen diezu, eta berriz eraikitzen hasten dira, segidan. Hori zen gure paradigma: egurtzen gintuzten; ondoan zegoen laguna agurtu gauean, eta hurrengo goizean irratian entzuten genuen kartzelara eraman zutela... Horrek min ematen du, noski, baina hurrengo egunean zera zen kontua, haren hutsunea nola bete, nola jarraitu egin beharreko lanak betetzen». Iñaki mintzo da —izena asmatutakoa da—, legez kanporatzeen garaian ezker abertzaleko egituretan aritutako militantea, eta era grafikoan azaldu du ia hamarkada batez bizi izan zuten errepresioa eta militantzia. Parean du Oihan; hark ere badaki zer den hori, «hutsune» horietako bat betetzeko hartu baitzuen ardura postuetako bat ezker abertzaleko komunikazio aparatuan. «Askotan ez genekien nor eraman zuten eta noren gehiagoren bila zebiltzan. Zartakoak zeudenean, 'Puf, berriro' esaten genuen, baina ja segidan martxan jartzen ginen: 'Nortzuk geratzen gara?'; ez dakit zein herriko ez dakit zein lokaletan gelditzen ginen, sekula egon ez ginen lekuetan...». Garai horrek bete-betean harrapatu zituen biak, eta hortaz mintzatzeko elkartu ditu BERRIAk. Adierazgarria da: ez dute izenik eman nahi, oraindik ere, «badaezpada»: «Agian hemendik hogei urtera...», diote biek, irribarrez.

Argi utzi nahi izan dute, ordea, legez kanporatzeek ez zietela jarduna itzalean utzi. Oihan: «Lehenengo egunetik beretik, Batasunaren egoitzak defendatzera joatea izan zen lehen gauza: hantxe izaten zen egoitzan lan egiten zuen jendea, baina baita herri guztietakoa ere. Ezkutatu beharrean, aurpegia ematea izan zen lehenengo gauza, eta hori etengabea izan zen ilegalizazioak iraun zuen hamarkada luzean». Euren «jarduera egokitu» egin behar izan zutela dio ezker abertzaleko garai hartako kideak, «ahalik eta era publikoenean eta herritarren aurrean behintzat ahalik eta era normalizatuenean» segitzeko, betiere jakinda horrek bazekartzala «esposizio handia eta arrisku bat»: «Baina gu zokoratzea baldin bazen estatuaren helburua, hautua kontrakoa izan zen».

Hala osatu zituzten 2003ko udal eta foru hauteskundeetarako zerrendak. Legez kanporatzeak izen beraren pean aurkeztea eragozten zuenez, hain zuzen, herri plataformak sortu zituzten 250etik gora herritan: «Horiek osatzeko sinadurak behar ziren, Espainiako hauteskunde legeak hala eskatzen duelako», azaldu du Iñakik: «Eta sinadura horien bila joatea izan zen lehen mobilizazio erraldoia». Biek gogoan dute zailtasuna. Oihan: «Notarioengana joan behar zen, ordutegi jakin batean... bazuen bere konplikazioa». «100.000 sinadura inguru biltzera iritsi ginen!», segitu du Iñakik: «Batzuk, gainera, ez zuten ezker abertzalearen proiektuarekin bat egiten: ikuspegi demokratiko soilagatik sinatu zuten, alegia, hautu politiko hori eskubide guztiekin gauzatu ahal izatearen alde zeudelako, nahiz eta %100ean ados ez egon ezker abertzaleak esaten zuenarekin».

Herritarrak berme

Biek ala biek nabarmendu dute garai hartan herritarrek egindako lan eskerga. Iñaki: «Ordura arte bere bizitzan militante izateko urrats berezirik egin gabeko jende mordo batek eman zuen pausoa, baldintza zailetan: lehenengo, zerrendan aurkeztu; eta, gero, lau urtez bere legitimitatea aldarrikatu; eta, gainera, ahal zen neurrian zinegotzi edo hautetsiaren jarduera defendatu: ekarpenak eginez, osoko bilkuretara joanez...». Batzuk osoko bilkuretatik kanporatu zituzten, «mespretxuz» tratatu... Eta, gainera, berriro ere aurkezteko aukerarik gabe, behin legez kanporatuta pertsona hori «zikindu» egiten baitzen: «Garai hartan 1.200 hautetsitik gora ateratzen genituen nahiz eta ilegalak izan. Ba, pentsa: 1.200 hautetsi ilegaletik gora izatera iritsi ginen», azaldu du Iñakik. Hots, ezin ziren berriz aurkeztu.

Bozkatzea bera erronka bilakatu zen, gainera. Izan ere, zerrendak legez kanporatuta, boto baliogabea ematera deitu zuten hauteskunde gehienetan, herritarren «borondatearen legitimitatea neurtzeko». Eta boto paperak behar ziren horretarako: «Boto paper ofizialaren parametro guztiak betetzen zituen», azaldu du Iñakik. Baina haiek inprimatuta: «Materiala iristen zen auzo eta herri bakoitzeko lokalera, eta, aurrera: lehenengo, boto paperak gutunazaletan sartzen genituen; gainera giro politean, eta, gero, etxez etxe banatzera. Milaka lagun behar ziren horretarako», dio Oihanek. «Gure helburua zen boto hori Hego Euskal Herriko buzoi guztietan egotea», berretsi du Iñakik. Arazoak ere izaten zituztela gaineratu du Oihanek: «Auzoan pasatu zitzaigun: 40.000 boto paper prest, eta denak harrapatu zizkiguten. Eta, orduan, hurrengo egunean fotokopia denda batera joan, eta beste 40.000 kopia».

Eskuak ez ezik, «lanabesak» ere eman zizkieten herritarrek. «Azpiegitura defizit bat geneukan, eta oinarriak eskaintzen zuen: lokalak zirela, garraioa...», kontatu du Oihanek. Kideak azaldu du nola, adibidez, bilera herri batean bazuten, inguruko herrietan gelditzen ziren, eta nola bilkura zuten herri horretako jendea joaten zitzaien bila, segurtasun txandak eginez, Poliziak harrapa zitzan eragozteko.

Sakelako telefonorik ez zuten erabiltzen, eta horrek ere anitz konplikatzen zien langintza. Iñaki: «Egun batean egina nago hiru aldiz Bilbora joan eta etorri, eta beste behin Iruñera joan eta etorri, Donostiatik: dena egun batean. Telefonorik erabiltzeko aukerarik izanez gero bost minutuan konpontzeko gauzak ziren: sinestekoak ez diren egoera batzuk bizi genituen». Komunikazioaren arloan zebiltzanek ezinbertzean behar zuten telefonoa, ordea. Oihan: «Niri tokatzen zitzaidan askotan telefonoa erabili behar izatea, baina, mugikorra ez erabiltzeagatik, kabinen atzetik! Eta funtzionatzen zuen kabina bat topatzea erronka bat zen! Askotan: 'Prentsaurreko bat lotu behar dugu, bi bozeramaile behar ditugu, eta, beraz, sei dei egin behar ditugu, ikusteko nork duen aukera, eta, gainera, hotela lotu behar da, eta, noski, non ostia dago kabina bat badabilena?'. Ze orduan ja mugikorren garaia zen, eta mundu guztia mugikorrarekin bizi zen, gu izan ezik».

Herritarren «irudimena» ere txalotu dute; leku guzietara ezin ailegatuta, maiz haiek pentsatzen baitzituzten kanpainak. Oihan: «Gogoan dut lelo bat super polita, uste dut Gipuzkoako kostaldeko herri batekoa: Udaberrian, udal berria. Pila bat gustatu zitzaidan». Bueltaka darabilen ideia errepikatu du Iñakik: «Egoerari aurre egitea ezinezkoa izango zen oinarriko jende horrek benetako konpromiso eta tinkotasun hori erakutsi izan ez balu». Eskuak, lanabesak eta irudimena.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Lehen itzuliko bozka meta bat, igandean, Arrangoitzen. ©GUILLAUME FAUVEAU

Bigarren itzulirako kontsignak zehaztu dituzte indar politikoek

Ekhi Erremundegi Beloki

Hautesleen esku utzi dute erabakia alderdiek hautagairik ez duten kantonamendu gehienetan

Ertzaintzaren auto bat, atzo, Lekeition ©GEDAR LANGILE KAZETA

Karguekin aske utzi dituzte atzo Lekeition atxilotutako bi gazteak

Berria

Ondasun materialen aurkako delitu terrorista bat egitea leporatu diete. 

Didier Agerren aldeko mobilizazio bat, Donapaleun ©Bob Edme

Aske gelditu da Didier Agerre euskal presoa

Berria

Gaur goizean atera da Lannemezango presondegitik, 20 urte preso iragan ondotik

Mikel Zabalza torturaz hila oroitzeko murala, ©Juan Carlos Ruiz / Foku

Estatu indarkeriaren 35 biktima aitortuko ditu Jaurlaritzak

Jon O. Urain

Ebaluazio Batzordeak milatik gora eskari jaso ditu, eta 55 kasu aztertzen ari da. Giza eskubideen urraketetan «jarduera eredu» komunak antzeman ditu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.