Othman Lahiani. Aljeriako analista politikoa

«Ez dut uste tentsioek gatazka armatu bat eragingo dutenik»

Egungo krisia aurreikustekoa zela uste du kazetariak, nahiz eta Aljeriak hartutako neurriak ohikoak izan ez. Lahianiren arabera, ordea, gerta litekeen okerrena da Aljerrek Fronte Polisarioa baliatzea Rabaten aurka egiteko.

RICARD GONZALEZ.
R. G.
Tunis
2021eko irailaren 8a
00:00
Entzun
Othman Lahiani kazetari eta analista politiko beterano bat da, Magrebeko arabierazko Al Jazeera eta BBC kateetan aritzen dena. Gainera, Al-Araby al-Jadid egunkariko berriemaile berezia da Magreben, eta Aljeria eta Tunisiaren artean bizi da; horrek askatasun handiagoa ematen dio bere jaioterriko gorabehera politikoei buruz hitz egiteko.

Zein da, zure ustez, Aljeria eta Marokoren arteko harremanak eten izanaren arrazoi nagusia?

Aljeriak etsaikeriazkotzat hartu dituen Marokoren ekintzen pilaketa bat izan da. Ez dakit egon den baten bat erabakigarria izan dena. Pegaso programaren bidezko espioitza eskandalua ere hor egon da, baita Marokoko enbaxadoreak NBEra [Nazio Batuen Erakundera] bidalitako oharra ere, Kabiliaren independentzia defendatzen zuena, edo MAK eta Ratxad alderdiak babestu izana, Israelekiko harremanak normaltzea... Baina ez dugu ahaztu behar harremanak lehendik ere labainak zirela.

Hau da, aurreikusi zitekeela...

Nik hilabete lehenago idatzi nuen. Marokoko armadak mugatik gertu kontrolgune bat eraiki zuenean gertatu zen lehen gorabehera. Aljeriak jakin zuen Israelgo hainbat militar zeudela instalazioan, eta Aljeriarentzat marra gorri bat da hori. Berehalako erantzuna izan zen nekazari batzuei bere lurretan sartzea debekatzea; ohikoak ziren halakoak, baina gauzak ez ziren hor geratu.

Marokon uste dute Aljeriako Gobernuaren sakoneko helburua zera dela: herritarren arreta barne krisietatik desbideratzea. Ados zaude?

Ez, erabaki horrek herrialdeko eliteen arteko batasuna eragin baitu, gobernutik edo estatutik haratago. Beste batzuetan, halako erabakiek eztabaidak sortu izan dituzte, baina oraingoan ez.

Baina akusazio batzuek zentzugabeak dirudite: Maroko suteen atzean dagoela dioenak, esaterako...

Bai, baina akusazio politiko bat da, ez kriminala. Erregimenak baliatu egin du Rabatek MAKi emandako babesa nabarmentzeko, zeina erakunde terroristatzat daukaten. Hau ez da ameskeria bat: Marokok disidente aljeriar batzuk aterpetu ditu, eta bertako arduradunak MAKeko ordezkariekin bildu dira.

Uste duzu tentsio hauek gatazka armatu batera bideratu dezaketela eskualdea?

Ez; beste gauza batzuen artean, kontsulatuek zabalik jarraituko dutelako: ez dituzte diplomazialari guztiak atera. Batzuek diote Aljeriaren aukeren artean dagoela Fronte Polisarioari armak ematea, eta hark armadaren aurkako eraso handiago bat egitea. Baina, orduan, Marokoren erantzuna Polisarioaren kontrolpeko Mendebaldeko Saharara mugatuko litzateke: ez litzateke Aljeriaraino iritsiko. Azken aukera horrek gerra bat eragingo luke, eta Aljeriako armada boteretsuegia da Marokok bere gain halako arriskuak har ditzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.