Autogintza. Euskal lantegiak

Noiz abian jarriko zain

Euskal Herriko bi auto ekoizle handiak iragarritako asmoak egiaztatu eta noiz martxan jarri zain daude. Hala ere, asko dira oraindik argitu beharrekoak, eta horrek kezka eragin du langileengan.

Mercedes-Benzen lantegia, Gasteizen. Fabrika egokitu eta handitzeko baimena eman dio udalak. RAUL BOGAJO / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2022ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Badatorrela dirudi, baina urrun dago oraindik. Euskal Herriko bi auto ekoizle handienek, Gasteizko Mercedes-Benzek eta Iruñeko Volkswagenek, ziurtzat jotzen dute datozen urteetan auto elektrikoak ekoitziko dituztela, eta urratsak egiten ari dira bide horretan biak ere. Baina, gaur-gaurkoz, dena argitzeko dago: inork ez daki noiz, nola eta zer baldintzatan iritsiko den, ez eta zer ondorio izango dituen ere. Gauza bat ziurra da, hala ere: aldaketak ekarriko ditu, eta sektore osoari eragingo dio gainera.

Stuttgartek zer erabaki zain daude Gasteizen. Iragan uztailean lan hitzarmena adostu ostean, multinazionalaren teilatuan dago pilota orain. 1.200 milioi euroko inbertsioa iragarri zuen taldeak egungo lantegia egokitu eta ekoizpena bikoiztu ahal izateko. Lantegia elektrifikatzen hasteko, baina, zuzendaritzarentzat ezinbesteko betebeharra zen datozen urteetarako lan baldintzak finkatuta edukitzea, eta hala adostu zuen sindikatuekin azkenean. Diruaren hotsik ez da entzuten oraingoz, ordea.

Eusko Jaurlaritzako lehendakariak irailerako espero du «iragarpena», baina langileek ez dute horren berririk. «Lan hitzarmena indarrean dago jada, baina inbertsioei buruz inork ez du ezer esan oraindik», gaitzetsi du langile batzordeko presidente Igor Gebarak (ELA). «Ulertzen dugu akordioan sinatu bazen hitzarmena indarrean egongo zela inbertsioak iragartzen direnerako, ituna indarrean egonda diruak iritsi beharko duela».

Erakundeek argi dute ibilgailu elektrikoak egiteko planta berri bat eraikiko dutela. Gasteizko Udalak baimena emana dio jada Mercedesi gaur egungo lantegiaren orubean fabrika handitu eta azpiegitura berriak eraikitzeko. Argitzeke dago, ordea, noizko egongo den martxan plataforma berria eta zehazki zer modelo ekoitziko duten bertan.

«Uste dugu orain ekoizten ditugun furgoneten antzeko bat izango dela, baina elektrikoa. Ez dakigu gehiago oraingoz», adierazi du Gebarak. Jakinarazi du, hala ere, «Europako legeek baimentzen duten artean» errekuntza motordun ibilgailuen ekoizpenari eutsi egingo dietela. «Hori oso argi dauka konpainiak».

Kezka Landabenen

Iruñean ziurtzat jotzen da auto elektrikoaren ekoizpena; are, 2025aren amaierarako prest egon beharko luke plataforma berriak, 2026an ekoizpenarekin hasi ahal izateko. SUV edo noranahiko itxurako auto arinak egingo dituzte, zuzendaritzak langileen ordezkariei azaldu dienez. Egiaztatzea falta da, hala ere. «Hemen aspalditik ari dira lanean ibilgailu elektrikoen ekoizpenari begira, eta kopuru handiekin gainera: urtean 350.000 auto baino gehiago ekoizteko asmoarekin, zehazki», adierazi du Igor Peñalver langile batzordeko kideak (ELA).

Zalantza nagusietako bat hori da, hain zuzen: zenbat auto ekoitziko dituzten guztira, eta, beraz, zenbat langile beharko diren horiek egiteko. Izan ere, ez dago argi oraindik zenbat ordu behar diren ibilgailu elektriko bat ekoizteko. «Esaten dute errekuntza motorra dutenek baino gutxiago behar dela. Horrek langileengan eragin dezake. Hala ere, ibilgailu kopurua handitu daiteke, eta horrek bermatuko luke oraingo langile kopuruari eustea», esan du Peñalverrek.

Giltzarri asko zehazteke daude oraindik; ziurgabetasuna handia da, eta horrek kezka eta urduritasuna eragin du. Hauteskunde sindikalak ere egingo dituzte heldu den martxoan, eta lan ituna berritzea tokatuko zaie 2024an. Horrek guztiak askotariko mugimendu eta zurrumurruak airatu ditu. Asteon zabaldu da, esaterako, Martorellen (Herrialde Katalanak), Seaten lantegian egingo dituztela Landabenen egitekoak ziren auto batzuk.

Peñalverren hitzetan, «beldurra» zabaltzea eta lan baldintzetan eragitea dute helburu. Horregatik, «zuhurtziaz» hartu dituztela nabarmendu du. Sindikatuek zuzendaritzari eskatu diote, hala ere, 2026tik aurrerako ekoizpen bolumenen helburuan aurrerapausoak emateko, soilik horrela bermatuko dutelako egungo lanpostuei eustea.

Bide horretan Europako funtsetan presio egiteko eskatuko diote, halaber, Nafarroako Gobernuari. Datorren astean egingo diote eskaera, auto elektrikoen ESEPEaren —ekonomia suspertzeko eta eraldatzeko proiektu estrategikoaren— laguntzen inguruko bileran. Funts horien banaketak argituko du etorkizuna.

Egokitzapena giltzarri

Aldaketak autogintza osoari eragingo dio, hala ere. Euskal Herrian enpresa asko dira bi ekoizle handien hornitzaile, eta horiei ere eragingo die. Batzuei beste batzuei baino gehiago, osagai batzuk aldatuko direlako, baina beste batzuk ez. Egokitzapena, beraz, giltzarri izango da guztientzat. Edonola ere, inork ez du zalantzan jartzen bi enpresek traktore lanak egiten jarraitzeak duen garrantzia sektorearen etorkizuna bermatu ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.