Olatz Silva Rodrigo.
BOZ GORA

Gazteen ahotsaren garrantziaz

2023ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Ametsak errealitate bihurtzen dira maiz. Beste batzuetan, ordea, amesgaizto. Egun, gazte askok amets bera dute: emantzipatzea. Hala ere, askorentzat epe luzeko ametsa da: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gazteen %45ek uste dute urtebeteko epean ezingo direla emantzipatu. Nafarroan, batez beste, 29 urterekin emantzipatzen dira. Amets hori betetzen dutenean, gainera, ailegatu ohi da amesgaiztoa: soldataren erdia baino gehiago erabili behar dute etxea erosi edo alokatzeko.

Astebetean, alderdiek hamaika ekitaldi egin eta hainbat argazki atera dituzte. Horietako bat sarri errepikatu da: hautagaien argazkia gazteekin. Kanpainan ondo gogoratu dira haiekin; eta emantzipatzeko ametsari ere garrantzia eman diote. Baina beharrezkoa da begirada harago eramatea: gazteak izan ote dira agenda politikoaren parte azken lau urteetan? Ez baitu balio hitzek gauza bat esatea, eta ekintzek kontrakoa.

Eta zenbat gazte daude zerrendetan? Ohikoa bihurtu da helduek gazteei eragingo dieten erabakiak hartzea. Eta ez da zalantzan jarri ea horrela izan behar ote den. Gazteek badituzte kezkak. Badituzte ezinegonak eta badituzte beharrak. Baina gauza garrantzitsuago bat ere badute: ahotsa. «Badakigu zeintzuk diren zuen kezkak», esan zien Juan Mari Aburto EAJren Bilboko alkategaiak gazteei. Jakingo du, baina ez gazteek eurek baino hobeto. Zerrendetan dauden gazteek inork baino hobeto ezagutzen dute euren egoera, badakite zer behar eta zer nahi duten. Are, gainerako gazteek euren burua ordezkatuta ikusiko dute. Bada garaia gazteek euren ametsak aldarrikatu ditzaten, euren ahots propioarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.