Ate errotak

Lehen ate jira, unibertsitatean

NUko IESEn edo Deustuan ikasi dute goi mailako ardurak izan dituzten enpresari eta politikari gehienek. Gaurko egitura politiko-ekonomikoaren arkitektoak izan dira.

Joxerra Senar - Mikel P. Ansa
2015eko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Alor publikotik enpresa pribaturako aldaketek unibertsitatean bertan dute lehen atea. BERRIAk jasotako zerrenda honetan, gutxienez hogei politikarik Deustuko Unibertsitatean egin zituzten ikasketak; bostek, Nafarroako Unibertsitatean; eta hiruk, bietan. Ezagutza teknikoaz harago, zenbait kasutan karrera profesionalaren eta harreman askoren abiapuntua da unibertsitatea. Politikan goi mailako arduretara edo enpresetan goi karguetara iristeko atearen lehen jira. Horren isla argia dira Nafarroako Unibertsitatea eta bere graduondoko IESE negozio eskola. Euskal Herriko mugetatik haragoko garrantzia dute, Espainiako zein Latinoamerikako eliteen harrobia izan baita IESE, eta Opus Deiri bere eragin ahalmena belaunaldiz belaunaldi errotzeko aukera eman dio.

Zer esanik ez, Nafarroan bertan. Ricardo Feliu NUPeko soziologia irakasleak 2009an doktoretza tesia egin zuen Nafarroako elite politiko eta ekonomikoei buruz. Ondorio nagusia: 114 pertsonak osatzen dute nukleo hori, eta euren artetik ia herenek (35ek) IESEn egin zuten graduondokoa. «Harreman bat dago IESE/Nafarroako Unibertsitatean lortutako tituluaren eta eliteko posizioetara heltzearen artean. IESE institututik igarotzeak giltza ematen du sarbide hori errazteko», zioen bere tesian.

ELAren Manu Robles Arangiz fundazioak Nafarroako eliteei buruzko mahai inguru bat antolatu zuen 2013ko azaroan, eta ondorio garbia aurkeztu zuen Feliuk han: «Nafarroan produkzio arloko enpresaburuak desagertu dira. Finantza kapitaleko espekulatzaileak eta multinazionalen soldatapeko goi zuzendariak bakarrik geratzen dira. Horren zergatietako bat da Opus Deiren IESEren moduko negozio eskoletan jasotako prestakuntza. Ideologia ziztu bizian barneratzen dute».

1952an, Opus Deiri Iruñean abantaila guztiak eman zizkioten unibertsitatea altxatzeko. Lau urte geroago sortu zen IESE. Antonio Valero IESEko lehen zuzendariak argi azaldu zuen xedea: «Konpainien erpinetan diren pertsonak». IESEn ikasitakoetan daude azken 25 urteotako pertsona erabakigarrienak: Miguel Sanz eta Nafarroako finantza boterea duen Isidro Faine Caixabankeko presidentea, beste askorekin.

Deustuko Unibertsitatea eta hark sortutako Deusto Business School ez dira atzean gelditzen. Bertan ikasiak dira Karlos Garaikoetxea, Jose Antonio Ardanza, Joaquin Almunia, Juan Manuel Egiagarai, Jose Angel Sanchez Asiain, Pedro Luis Uriarte, Arrieta Heras anaiak, Bergaretxe anaiak, Jaime Ignacio del Burgo... eta beste asko. Hego Euskal Herrian azken hamarkadetako historian zeresana izan dutenak. Garapen autonomikoa, kontzertu ekonomikoa, enpresa sarea... egituratu dutenak, hein handi batean.

Deustuko Unibertsitateko Erakunde Harremanetarako errektoreordeak, Jose Antonio Rodriguez Ranzek, ukatu egin du eliteak trebatzea dela unibertsitatearen xedea: «Helburua ez da eliteak osatzea, baizik eta pertsonak heztea; bikaintasunean heztea, hori bai; profesional bikainak, pertsona sozialki arduratsuak eta hiritar konprometituak heztea». Unibertsitateak «gizarte eraldaketan eta mundu justuago bat» sortzeko bidean lagun dezake era horretan. Deustuko Unibertsitatearen lan egiteko erak, halere, «gaitasun eta balioetan» oinarritzen baita, «lagun dezake gure ikasleak goi mailako ardurak betetzera irits daitezen, instituzio, enpresa eta gizarte erakundeetan», Rodriguez Ranzen hitzetan.

129 urte ditu Deustuko Unibertsitateak: 1886an fundatu zuen Jesusen Konpainiak. Ekonomia Zientziak irakasten hasi ziren lehenak izan ziren, duela 99 urte. Euskal Herriko unibertsitate zaharrenak ditu erro sakonenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.