Etxe hutsetako hautsak, harro

Gasteizko Olarizu hiribideko etxebizitza hutsak okupatu zituztenek astebete daramate urik eta argindarrik gabe, udalak moztu ostean. Jarrera arrazistak salatu dituzte.

Olarizu hiribideko etxebizitza okupatuen irudia. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Igor Galarza.
Gasteiz
2019ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Tentsio giroan bizi dira azken asteetan Gasteizko Olarizu hiribideko auzokideak. Udalak bi eraikinetako etxebizitzak erosi ditu, azpiegiturak eraitsi, eta toki horretan beste hirigintza proiektu bat egiteko. Baina egitasmoa abiatu aurretik, hutsik zeuden etxeak okupatu egin dituzte: ehun pertsona baino gehiago bizi dira bertan orain, tartean haurrak ere bai. Udalak lehenbailehen bota nahi ditu, eta, asmo horrekin, joan den astean argindarra eta ur hornidura eten zien.

Proiektuak orain dela zortzi urte egin zituen lehenbiziko urratsak: Gasteizko Udalak hiribidearen berrikuntza prozesua onetsi zuen. 21 Zabalgunea udal sozietatearen bitartez, hiribideko 2. eta 30. atarien artean dauden eraikinak erostea onartu zuen; gerora beste pauso batzuk eman zituzten etxe horiek botatzeko obrak martxan jartzeko.

Harrezkero «beldurra sartzen» aritu direla salatu dute Olarizuko etxeak okupatu dituztenek. Izan ere, Gasteizko agenda politikoan pisu handia hartu zuen okupazioaren auziak aurreko legegintzaldian, eta oposizioak behin baino gehiagotan erabili zuen Gorka Urtaran alkatearen aurka. Otsailaren amaieran, adibidez, udal hauteskundeak ate joka zeudela, Leticia Comeron PPko zinegotziak udalari leporatu zion «pasibotasunez» ari zela gai horrekin. Egun gutxira, Urtaranek iragarri zuen argia eta ura bi edo hiru asteren buruan moztuko zituztela. Olarizu hiribideko bizilagunetako batzuk ere okupazioaren kontra agertu izan dira; martxoan haiekin bildu zen alkatea, eta eraikinak botatzeko konpromisoa berretsi zuen. Azkenean, hasi da esandakoa betetzen.

Mozketa eta ondorioak

Astebete daramate jada argindarrik eta urik gabe Olarizuko etxeetan. Sorgailuak, kanpin gasak eta kaleko iturriak erabiltzen ari dira oraingoz. Hotza egiten duenean oihalak eta mantak behar izatekotan, bizilagunen artean partekatzen dituzte. Azaldu dute kontaktuan daudela Errekaleor auzo okupatuko kide batzuekin ere, bizirik irauteko baliabideen gainean hitz egiteko; Errekaleorren ere aztertzen ari dira nola lagundu Olarizukoei.

Taniak —izen asmatua da— hiru urte daramatza Olarizuko etxebizitza hutsetako batean. Kontatu du hauteskunde garaia iritsi arte dena «lasai eta ondo» zihoala. «Orain ez dugu nora joan, eta egoerak ez du laguntzen bizikidetza arrunta lortzen auzoan etxeak erosi dituztenekin. Hor ere tentsio handiagoa dugu».

Etxe hutsetan bizi direnen aurkako zazpi salaketa jarri dituzte azken hilabeteetan, okupazioarekin lotuta, baina okupatzaileen alde ebatzi dira, bizilagunen arabera. Hala ere, auzoan arrazakeria jasaten ari direla salatu dute okupek: istiluak, zaratak eta droga trafikoa eragitea leporatu diete hainbat auzokidek. Taniak ukatu egin du hori: «Hemen familia xumeak baino ez dira bizi: haur jaioberriak, gaztetxoak, gurasoak... baina ez inongo droga trafikatzailerik. Gure aurreko etxean bizi direnek jarrera arrazistak dituzte gurekin: kalean gaizki begiratzen digute, eta gero eta jende gehiagok orain». Auzoan hautsak harrotuta daudela salatu du: «Baretzeko, lan handia egin beharko dugu eta asko hitz egin».

Ildo horretan, erakunde eta hedabide batzuen jarrera gaitzetsi du Taniak, «arrazakeria sustatzen» ari direlakoan. Gogoratu du, adibidez, Urtaranek esan zuela «lazgarria» zela okupak etxebizitzetan «egiten ari zirena ikustea».

Etxebizitzen etorkizuna

«Egoera latz» horren aurrean, Taniak adierazi du «borroka» egiten ahaleginduko direla. Baina oztopo ugari dituzte etxebizitzak okupatzen ari direnek: esate baterako, zaila da erroldatzea—eskakizunek ez dute erantzunik jasotzen—, eta lanpostu bat aurkitzeko ere traba da beren egoera. Alkatearekin biltzea gustatuko litzaieke, baina Urtaranek «ez du hitz egin nahi», Taniaren hitzetan.

Gasteizko Udalak ez die BERRIAren galderei erantzun nahi izan; maiatzean alkateak egindako adierazpenak berrestera mugatu da: «Hiriko legez kanpoko okupazioen aurka ekiten jarraituko dugu, okupazioak atzeman ahala salatzen, okupak irtenarazten, eta etxebizitzak berriz okupatzea saihesteko neurriak hartzen».

Olarizuko eraikinek utziko duten lekuan zer egingo duen ez du argitu oraingoz Gasteizko Udalak. Halere, etxeak botatzeko asmoz jarraitzen du: eraiste proiekturako lehiaketa ireki zuen maiatzean. Bitartean, ez dago argi zer gertatuko den etxeok okupatzen ari direnekin. Balizko kaleratzeen aurka agertu dira asteon hainbat gizarte eragile: Elkartzen, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Stop Kaleratzeak, Salhaketa, Errekaleor Bizirik... Udalaren jarrera kritikatu dute, eta erakundeei dei egin diete etxebizitzarik ez dutenen egoerari aurre egitera: «Espero dezagun inork ez dezala kalean lo egin udalak eta Eusko Jaurlaritzak eskuak garbitzen dituztelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.