Apustuak eta 'online' jokoak

Jolasa, baina joko arauekin

Joko etxeetan bakarrik ez, tabernetan ere aritzen dira gazteak apustu makinetan. Ez dituzte berdin ikusten bata eta bestea: lehena joko «arriskutsua» eta «iluna» dela diote; bigarrena, lagunarteko jolasa.

Gizon bat, apustu egiteko makinetan, Iruñean. Artxiboko irudia. IÑIGO URIZ / FOKU.
Maider Galardi
2019ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Ostiral arratsaldea Gipuzkoako herri batean. Tabernako atarian da mutil gazte kuadrilla bat, eta beste hainbat, barnean. Telebistan bukatzear da Portugalgo Vitoria Setubalen eta Bragaren arteko futbol partida. Giroan nahasten dira Andres Calamaroren Paloma kantua eta taberna zokoan dagoen paintball makinari ematen dizkioten kolpeak. Alboan dago kirol apustuak egiteko makina bat, eta gazte batzuk prest dira hurrengo jokoa egiteko. Ez dute biharamunera arte itxaron nahi emaitza jakiteko, eta orduantxe jokatzen ari den saskibaloi partida baterako bota dute dirua: Fenerbahce, Real Madrilen aurka. Lehena ari da irabazten zazpi punturen aldeaz, baina bigarrenaren alde euro bat jokatuta, 3,20 euro irabaz daitezke. Real Madrilen alde atera dute txartela. Hamar minutu falta dira partida amaitzeko, eta begi bat kirol apustuko makinari begira jarrita, euro bat sartu dute paintball-ean. Batzuetan 400 euro ere irabaz litezke. Bestela ere, ez die axola: «Euro bat jokatu eta bueltan 80 zentimo jasotzen badituzu, 20 zentimogatik hamar minutuz aisia izan dezakezu», dio Aitorrek.Tabernan jokatzen dute, espazio publikoan, baina nahiago dute izenik ez eman. 26 eta 27 urte arteko gazteak dira Aitor, Eneko eta Beñat —asmatutako izenak dira—.

Txikira jokatu bai, baina Aitorrek eta Enekok jotzen dituzte noizean behin enbido handiagoak ere: «Ailegatu gara bakoitzak hamar euro jarri eta 400 euro irabaztera ere», kontatu du Enekok. Ez dira bakarrak. Taberna horretan askok jokatzen dute paintball-era, eta ba omen da 1.000 euro irabazi dituenik ere. «Jolasa» da haientzat, eta ez «jokoa». «Arratsaldea pasatzeko modu bat da. Ez gaude gu bakarrik makinaren aurrean, inguruan lagunak daude, eta txandatu egiten gara», azaldu Aitorrek. Herrikogizon gazteen hiruzpalau kuadrilla elkartzen dira arratsaldero.

Jolasa dela diote, baina ezagutzen dituzte makinaren trikimailuak. Badakite «bero» noiz dagoen, noiz joka dezaketen kantitate handiagoa, eta nola lortu ahalik eta puntu gehiena partida luzatzeko. Ez dakite esaten zenbat diru xahutu duten, baina ohartarazi dute ez daudela «lotuta». Gainera, ezagutzen dituzte sarien mugak: «Asko jota makinak sartutako diruaren %70 itzultzen du. Hori idatzita dago», azaldu Aitorrek. Kirol apustuekin berdin gertatzen dela dio: «Apustu etxeek ez dute sekula galduko. Orekan jartzen dituzte emaitzak, errenta handiena ateratzeko».

Beñatek dio ez dela oso apustu zalea, eta ez dela gauza bera paintball-a eta kirol apustuak egitea: jolas gisa ikusten du lehena, eta bigarrena, joko modura. Musarekin alderatu dute. Apustu jokoa da, baina lagunartean egiten dena. Aitortu dute, halere, Beñatek eta Aitorrek: «Guri diruarekin jokatzea gustatzen zaigu».

Hiru mutilek azaldu dute dirua tarteko izanda jolasa «zirraragarriagoa» dela. Zoriak lotzen ditu jokora. Oroitarazi dute apustuetarako joera aspaldikoa dela Euskal Herrian: pilota partidetan, herri kiroletan, estropadetan... «Hau ez da gauza bera», ohar egin du Beñatek: «Hasteko, artekari batekin egiten duzu tratua, eta, gainera, lehen, apustu egiteko, jarduera zegoen tokira mugitu behar zinen: Oriora, Donostiara... Orain unean bertan egin dezakezu, zauden lekuan zaudela».

Areago, Aitorrek uste du benetan «engantxatuta» dagoenak sakelako telefonotik jokatzen duela: «Ez zaitu inork ikusten, eta nahi duzun unean eta nahi duzunera joka dezakezu». Bat egin du Enekok. Real Madril aurretik jarri dela ohar egin die Beñatek.

Haien ustez, bada horiek baino arrisku handiago bat, ordea. Argi azaldu du Aitorrek: «Jakingo banu nire lagunen bat hemen alboko joko etxean dabilela, segituan aterako nuke bertatik. Bertan jokatzen duen jendea benetan dago lotuta».

Koloretako koba iluna

50 metro eskasera dago apustu etxea, baina oso bestelakoa da bertako giroa. Kanpoan ez dago jenderik, eta barrura sartu arte ez da ikusten areto handia. Koloretako makinak nonahi: kirol apustuetarako makina bat, erruleta bat eta dirua ateratzeko kutxa. Pantailek egiten dutenaz gain, apenas dagoen argirik. Ez dago ispilurik eta leihorik, eta tenperatura atsegina da: ezin da jakin gaua edo eguna den. Besaulki ia guztiak daude beteta, baina inork ez du burua altxatzen pantailatik. «Bakoitza bere dirua xahutzera doa. Ez dute kasik harremanik elkarren artean», azaldu Enekok. Billeteak ateratzen ditu jendeak diru zorrotik. Gose badira, janaria ekartzen diete norbere postura, eta badute hautsontzi bat ere, kanpora ateratzeko beharrik ez izateko. «Orduak eta orduak pasa ditzakete bertan», dio Beñatek. «Horiek bai, hor daudenek arazo bat dute», erantsi du Enekok.

Jolas etxean ez da ageri Eneko, Beñat edo Aitorren pareko gazterik. Beste soslai bateko herritarrak daude: makina bat gizon heldu, hiru bat andre eta migratzaile gazteak. «Tabernan jokatzen duen jendea eta joko etxeetako jendearen soslaia diferentea da; badirudi tabernakoa onartuago dagoela, eta bestea bazterrekoagoa dela», azaldu du Aitorrek.

Publikoan jokatu ala modu ezkutuago batean aritu, hori da desberdintasuna, hiruren ustez. «Zilegiago» ikusten dute tabernetakoa: «Arruntago». Joko etxeak, berriz, «ludopatiarekin» lotzen dituzte, hori beren errealitatetik «urrun» balego bezala. Halere,ohartzen dira gorakada izan dutela apustu jokoek, eta geroz eta gazte gehiago ari dela diruaren eta zoriaren bueltara mugatzen beren aisialdia. Realak jakinarazi berri du ez dituela apustu etxeak onartuko babesle gisa; hala erabaki dute bazkideek. Pozik daude hiru mutilak. «Makina guztiak kenduko balituzte ere ongi irudituko litzaidake», nabarmendu du Aitorrek. «Apustuak droga legezko bihurtu dituzte», dio Beñatek.

Saskibaloi partida 57-63 doa, bukatzeko minutu bat falta dela: apustua ondo doakie oraingoz. Paintball-eko partida amaitu dute Beñatek, Enekok eta Aitorrek. Ez dute dirurik irabazi. «Asmorik ere ez genuen». Beste lagun bati utzi diote txanda, eta irten dira kanpokoengana. Baina ez apustu makinari begiratu gabe. 3,20 euro irabazteko aukera dute, eta diru hori paintball-erako gorde. Fenerbahcek irabazi du azken unean: 65-63. Galdu egin dute apustua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.