Hurbileko merkataritza

BERTAKOAK, INOIZ BAINO GEHIAGO

Ezohikoa izan da uda, eta herrietako azokek eta denda txikiek aurre egin behar izan diote. Bi aurpegiko txanpona izan da, baina: batzuen alde jokatu du urtaroak, eta beste batzuek gorriak ikusi dituzte. Abuztua amaitzear den honetan, kezkaz ikusten dute askok zer etorriko ote den.

Azpeitiko azokako postu batzuk, Plaza Nagusian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Julen Otaegi Leonet - Ekaitz Etxamendi
2020ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Bizimodua etxean, auzoan eta herrian egiteak kontsumoaren perspektiba aldatu du erabat. Hemengoa inoiz baino hurbilago egon da bezeroentzat, eta nabaria da haien jarreran aldaketa bat izan dela. Azoketako zein denda txikietako saltzaileen lanari esker, kontsumo ohiturak aldatu egin dira pandemia garaian. Orain, kontua da ea gizartean errotuko diren.

Denda askok pertsianak jaitsi zituzten martxoan, noiz altxatuko zituzten jakin gabe. Hamaika denda txiki daude, eta hamaika traba jasan behar izan dituzte. Udan, ordea, turismoak bi eredu sortu ditu oso desberdinak; batzuei on egin diete hilabeteok, eta besteek gorriak ikusi dituzte. Dendartean Gipuzkoako denden elkarteko Xabier Aldalurrek bi soslai bereizi ditu: «Hiri handiak jendetzarekin lotu dira, eta beheraka egin du turismo eredu horrek; leku lasaiagoak irten dira irabazle». Erdibidekoak ere badaude, turismo eskaintza handirik ez dutenak, baina bertako dendak aurreko urteetako udan baino «hobetoxeago» daudela esan du, herrietan jende gehiago geratu izanak lagundu egin baitu.

Irailetik aurrera, «errealitatera» itzulita —zentzu oso zabalean ulertuta—, ikusi beharko da zein den benetako egoera. Aldalurrek adierazi du konfinamendu ostekoak eta udan izan den bultzadak «zirrara» eragin dutela hasieran, eta horrek bertako dendetan erostera bultzatu dituela herritarrak. Baita denborarekin baretu egin dela ere, eta uda amaitzean ikusi beharko dela zertan den egoera.

«Entzuten eta entzuten ari gara krisi handia dugula bertan», azpimarratu du teknikariak. Haren ustez, erosketa puntualak egiten diren dendek izango dute arrisku handiena salmentak jaisteko. Oinarrizko produktuaksaltzen ez zituztenak izan ziren itxialdian kaltetuenak, eta bide beretik joan daitezke orain ere.

Modaren eta jantzien adibidea otu zaio: «[Martxoan] Udaberri eta udako bildumak erosi berriak zituzten, eta, hilabeteak itxita igaro ondoren, udan astiro-astiro hasi dira. Aurrerantzean, gutxixeago erosi beharko dute, edo pixkanaka erosten uzten dieten hornitzaileak aurkitu beharko dituzte». Izan ere, azken urteotan aldaketak izan badira ere, dendari asko hornitzaileen «esklabo» dira, Aldalurren ustez, eta, inoiz baino gehiago, hornitzaile onak aurkitzen asmatu behar dute, beharren arabera. Kontu horretan «jokatu» beharko dute, berebizikoak izango baitira aurrera begira har ditzaketen erabakiak.

Euskaldenda elkarteak aurreikusi zuen pandemiaren ondorioz denden %20 itxiko zituztela neurririk hartu ezean. Cecobi Bizkaiko merkatarien patronalak, berriz, abuztuan adierazi zuen motz geratu zirela aurreikuspenetan. Dendartean-ekoaren ustez, Eusko Jaurlaritzaren itxialdi hasierako diru laguntzak «ez dira nahikoa», oso denda gutxitara iritsi baitziren.

«Luzerako perspektiba batekin heldu behar zaio arazoari, egoerak edozein momentutan egin baitezake okerrera. Ezin duzu itxiera ahalik eta gehien luzatu, ekonomiari lehentasuna emanez, gaitza zabaltzeko arriskua baldin badago», gehitu du Aldalurrek. Itxi behar denean itxi egin behar dela deritzo, baina atzetik laguntza batzuk behar direla galerei buelta emateko.

Krisiaren eraginei aurre egiteko laguntzak eskatzeko zailtasunak izan dituenik ere izan da. Itxialdian ateak irekitzeko aukera zutenak dira, baina jarduera aldetik mugimendurik ez zutenak: tindategiak, optikak... Aldalurrek azaldu duenez, «mugatuta» egon ziren laguntzei zegokienez, ez baitzeuden derrigorrez itxita. «Nahiko kalteturik» hasi dute normaltasun berria halako negozioek.

Kanpainen «arrakasta»

Laguntzez gain, udal askok bonu bidezko kanpainak ere antolatu zituzten. Sistema hori «oso egokia» dela dio Aldalurrek, dendei lagundu bitartean herritarrei ere laguntzen zaielako, kontsumitzeko beldurra kenduz. Betiko kanpainak birpentsatzeko eta egungo bizimodura moldatzeko modua da halako kanpainena; dendak «espazio seguru» bat direla gogoraraztea da garrantzitsuena.

Beste hainbeste herritan bezala, Elizondon ere (Nafarroa) jarri zuten martxan bonu kanpaina. Zangue zapata dendako Lourdes Anduezak esan duenez, «egundoko arrakasta» izan zuten: «Berehala akitu ziren». Halako erantzuna jasota, bigarrengoz, bonu gehiago atera zituen udalak.

Maiatzeko eta ekaineko bonuen bidezko bultzadari segida emateko, Eusko Jaurlaritzak 620.000 bonu banatuko ditu irailetik aurrera, merkataritzan eta turismoan erabiltzeko —370.000 eta 250.000, hurrenez hurren—. Guztira, 5,7 milioi euro bideratuko dituzte. Bai aldundiek eta bai udalek beren ekarpenak egin ahal izango dituzte, bonu kopurua handiagotuz.

Herrietako denda txiki askok etenaldia izan arren, asteroko azokak ezinbestekoak izan dira herritarren erosketetan, eta hala segitu dute orain arte. Herrietako udalen eskumena da azokak egingo al diren erabakitzea, eta bakoitzak erabaki zuen martxoan jarraitzea edo aste batzuetan bertan behera uztea.

Ordizian eta Azpeitian (Gipuzkoa), asterokoari eutsi ziotenalarma egoera aplikatu ostean ere. Leire Arandiak, D'elikatuz elikadura eta gastronomia guneko zuzendariak, adierazi du denek Ordiziako azokaren aldeko apustua egin dutela: «Hasiera-hasieratik, azoka egiten jarraitu nahi genuen, eta babes handia izan du herritarren aldetik. Beti babestu dute azoka, eta hala egiten jarraituko dute, oso gurea baita alde horretatik».

Urkome elkarteko Yurre Peñagarikano kudeatzaileak ere Azpeitiko azokaren harrera azpimarratu du: «Udalak bertako ekoizleen alde agin du une oro, eta azpeitiarren erantzuna eredugarria izan da lehen egunetik; ilara luzeak egin dira astero. Ekoizleek ere eskertu digute asteroko azoka mantentzea». Azpeitian ez ezik, Urola Kostako beste hainbat udalerritan ere jarduten da Urkome.

«Egundoko erantzuna»

Apirilean, Eusko Jaurlaritzak azoka irekiak antolatzeko debekua ezarri zuen, eta segituan utzi bertan behera. Ordizian herritarren erantzuna «egundokoa» izan zen. Konfinamenduan ez ezik hurrengo asteetan ere dezente jende ibili dela dio Arandiak, gorabeherak izan diren arren: «Uda hasierako asteak lasaiagoak izan ziren, eta fokua ere izan genuen Ordizian. Orain, abuztuan, jendetza dabil berriro asteazkenetan; jendeak jarraitzen du gure azokaren aldeko apustua egiten».

Astearteetan berdintsu ibili dira Azpeitiko azokan —ostiraletan ere egiten da azoka, ekoizle batzuekin soilik—. Duela bi asteko agerraldiaren eraginez, ordea, jende gutxiago ibili zen. «Ez da batere erraza aurtengoa beste urteekin konparatzea, baina elkarlanean jarraituko dugu orain arte bezala», gehitu du Peñagarikanok.

Uda jendetsua izan bada ere, «kezkaz» ikusten dute hurrengo aste eta hiletan datorrena. D'elikatuz guneko zuzendaria itxaropentsu agertu da, ordea: «Guk berdin-berdin jarraituko dugu azoka egiten. Optimistak gara, eta irailean azokak oso onak izaten dira; produktu aldetik, eskaintza handia egoten da».

Zalantzak izan arren, jende aldetik Ordiziako azoka ari da «betiko azoka hartara» hurbiltzen. Baina espazioei dagokienez, sakabanatu egin dituzte postuak. Izan ere, egoera desberdinen arabera joan dira azoka lekualdatzen. Orain, baserritarrak plazan daude, lehengo gisara; frutazaleak, Zuhaizpian; eta bestelako postuak, Nikolas Lekuona plazan.

Azpeitian ere beste toki batzuez baliatu dira azoka egiteko. Berdura plazan eta Plaza Nagusian egin ohi da azoka asteartero —baserritarrak lehenengoan, eta gainontzeko postuak bigarrenean—. Orain, berriz, baserritarren postuak hartzen dituzte bi plaza haiek, eta frutazaleak, arropa saltzaileak eta abar Betharrametako jolastokira lekualdatu dituzte. Ikasturte berriari begira, jolastokia libre uzteko, irailean ekoizleak Berdura plazako eraikinera itzultzeko asmoa dute, «betiere» osasun neurriak zainduta.

Datorren hilean etxez etxeko banaketa zerbitzuari ekingo diote Azpeitian. Dendartean-ek, Urkomeek eta Azpeitiko Udalak jarriko dute martxan proiektu pilotua, eta azokako ekoizleek, herriko elikagaien denda txikiek eta Elikaguneak hartuko dute parte. Herritarrei «ahalik eta erraztasun handienak» ematea da helburua, Peñagarikanok azpimarratu duenez.

Arrakasta badu, gainontzeko herrietara ere moldatuko dute, Aldalurrek adierazi duenez: «Digitalizaziorako bultzada sortu da, eta lagungarria izan daiteke herrietan halako azpiegitura bat izatea elikagaien sektorean. Azpeitian hasiko dugu proba, eta ez dugu baztertzen besteetara zabaltzea».

Itxialdian, baina, Ordizian ere D'elikatuz zentroa jardun zen ekoizleen produktuak jasotzen eta banatzen. Aurrera begira, zerbitzu harekin jarraitzeko asmoa dutela azaldu du Arandiak, «bertakoari bultzada bat emateko», eta, herritarrek asteazkenetan ezin badute, tokian tokikoa erostera animatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.