Herrian gaztetxe bat behar dutela aldarrikatu dute Hazparnen

Berrehun lagunek protesta egin dute Davidenearen okupazioaren alde. Kanporatze agindu baten arriskupean daude gazteak

Hazparneko karriketan barna egin zuten protesta, atzo, oihu artean. PATXI BELTZAIZ.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Hazparne
2021eko irailaren 5a
00:00
Entzun
«Ez dela lekurik? 500 etxe huts».Mezu argia zabaldu zuten atzo arratsaldean Hazparnen (Lapurdi) Ttattola gaztetxearen alde manifestazioa egin zuten berrehun bat lagunek. Joan den agorrilaren 21ean Davidenea egoitza okupatu ondotik, Isabelle Pargade auzapezak bilkura bat hitzeman zien aste honetan, baina salatu zuten oraindik ez dutela berririk. Okupatutako egoitzatik kanporatzeko agindua jaso dute berriki, eta, Paueko Administrazio Auzitegian (Okzitania) helegitea ezarri badute ere, edozein momentutan kanporatu ditzake Poliziak. Atzo arratsaldean argi mintzatu ziren gazteak: «Hazparnek bizi behar du! Herriak bizi behar du! Eta gaztetxea lortuko dugu!», egin zuen aldarri Joana Barbier Ttattolako kideak.

Hemezortzi urteko ibilbidearen ondoren, 2020ko urtarrilean itxi zuten Ttattola gaztetxea, «indarrez» bota zituztelako eraikinetik. Duela egun batzuk, ordea, —abuztuaren 21ean, zehazki— gaztetxeko kideek jakinarazi zuten beste eraikin bat okupatu zutela: «Hazparneko gazteok, urte bat eta erdi gaztetxerik gabe pasatu eta gero, etxe bat okupatzea deliberatu dugu», adierazi zuten orduan.

Manifestazioan Hazparneko gaztetxeaz haragoko borrokak ere hizpide izan zituzten. Hala, elkartasuna adierazi zieten berriki gaztetxetik kanporatu dituzten Iruñeko Arrotxapea auzoko gazteei, baita laborantza lurren defentsan Arbonan (Lapurdi) lurrak okupatzen ari direnei ere. Ipar Euskal Herrian lurra eta etxebizitzaren arloetan dagoen «arazoaz» ohartarazteko baliatu zuten parada: «Diruaren boterearen aitzinean, instituzioak ezintasunean dira. Nahiz eta etxebizitzaren arazoa konpontzeko borondatea erakusten duten, argi eta garbi gelditu da bide instituzionalak ez duela gaitasunik». Egoera horren aitzinean, «herri boterearen apustua» egiten dutela erran zuten, «hau da, bide berriak irekitzea, okupazioa eta bestelako desobedientzia ekintzen bidez». Lekarozko Aroztegiko kanpaldia (Nafarroa) eta Arbona hartu zituzten adibide gisa: «Horien eraginkortasuna erakutsi dute kapitalaren boterearen kontra borrokatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.