Miren Basaras Ibarzabal.
Koronabirusa. ZIENTZIA PENTSALDIAN

COVID-19a pairatzeko aurretiko jarrera genetikoa?

2020ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
COVID-19 gaixotasunak espektro zabala du, sintomarik ez duten pertsonetatik sintoma oso larriak dituztenetaraino, eta, gainera, heriotza ere gertatzen da. Horren guztiaren zergatia argitzeke dago, eta zientzialari batzuek proposatzen dute espektro horretan ez litzatekeela kontuan hartu beharko birusaren eragina bakarrik, baizik eta gure gene ezberdinak ere inplikatuak egon ote daitezkeen.

Gizaki bakoitzak dituen geneek beste gaixotasun batzuetan ere eragina izan dute; adibidez, giza immunoeskasiaren birusen aurrean pertsona batzuek beren T linfozitoetan CCR5 genean mutazioak badituzte, erresistenteak bihurtzen dira, eta ez dira birusarekin kutsatzen.

Abiapuntu hori ikusita, SARS-CoV-2 birusean ere hainbat ikerketa egiten saiatzen ari dira. 2003an Ipar Carolinako Unibertsitatean saguekin egindako ikerketa batean, SARS-CoV-1 birusarekin ikusi zuten gene batean gertatutako mutazio baten ondoren toll motako TLR izenekoak errezeptoreen inaktibazioa gertatzen zela, eta, horren ondorioz, sagu horiek joera handiagoa zutela kutsatzeko; TLR horiek oso garrantzitsuak dira gure berehalako erantzun immunean eta birusaren hasierako kontrolean. COVID-19an ikusten da gizonek emakumeek baino gaixotasun larriagoak izaten dituztela, eta kausa askoren artean bat izan daiteke emakumeok, X kromosoma bi ditugunez, TLR7 gene gehiago ditugula, eta horrek gure erantzun immunearen ahalmena handitzen duela.

Hainbat gaixotasunetan parte hartzen duten beste gene batzuk dira gizakiaren leukozitoen antigenoak HLA deiturikoak kodetzen dituztenak. Immunitate-sistemak organismoari berari eraso egitea eragozten duen proteina-multzoa da. Proteina horiek histobateragarritasun-konplexu nagusia osatzen dute MHC izenekoak, eta gizaki bakoitzaren berezko zelula eta ehun guztietan daude, eta kanpotarra den guztitik bereizten du. Ameriketako Estatu Batuetan egindako ikerketa batean, ikusi dute HLA-B mota batzuk besteak baino sentiberagoak direla koronabirus berri honetara. Ikertzaile horien arabera, pertsona baten HLA geneen zehaztapena analisi arin batekin egiteak lagunduko luke infekzioaren larritasuna aurreikusten eta, aldi berean, etorkizuneko txertoa jartzeko lehentasuna izango luketen pertsonak detektatzen.

Odol-taldeen azterketa ere beste ikuspuntu bat izan daiteke. Txinan egindako azterketa batean ikusi dute A taldea koronabirusa harrapatzeko arrisku handiagoarekin lotua egongo litzatekeela, eta O taldeak, berriz, babes handiagoa emango lukeela; hori guztia, oraindik ezagutzen ez diren arrazoiengatik. Baina Nantesko Unibertsitatean ikusi zuten anti-A antigorputzek, O odol-taldean daudenek, blokeatu egiten zutela 2003an egon zen koronabirusaren sarrera gure zeluletan. Beraz, koronabirus berri honekin horrelako arrazoiak ere tartean egon daitezke.

Egun, nazioarteko hainbat ikerketa proiektu daude SARS-CoV-2 bidezko infekzioan eragina duten aldaera genetikoei buruz gehiago jakiteko. Argi dagoena da denok ez garela berdinak SARS-CoV-2aren aurrean ere. Horregatik, funtsezkoa da ezberdintasun horiek zerk eragiten dituen jakitea, gaixotasun berri honetan sakontzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.