Albistea entzun

Iñigo Sancho. Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kidea

«Ez dago migratzaile olde masiborik; mezu horiekin ernatzen da xenofobia»

Lanean ari dira Ongi Etorri Errefuxiatuak elkartekoak, ostegunean Bilbora ailegatutako 50 bat migratzaileri aterpea eta oinarrizko laguntza emateko. Konpromiso handiagoa eskatzen diete erakunde publikoei.
BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Ion Orzaiz -

2018ko uztailak 1

Neka-neka eginda dago Iñigo Sancho (Bilbo, 1981). Egunak daramatza Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako beste hainbat boluntariorekin jo eta su lanean, Bilbora iritsitako azken migratzaileei laguntza oinarrizkoena eman ahal izateko. Hala ere, ez du uste migratzaileen eta errefuxiatuen kopuruak gora egin duenik: «Hau ez da migrazio olde masibo bat, askok sinetsarazi nahi diguten bezala». Arazoa errokoa dela dio. Egiturazkoa.

Migratzaile talde handi bat iritsi zen Bilbora ostegunean. Nondik zetozen?

Berrogeita hamar lagunetik gora ailegatu ziren Bilboko autobus geltokira. Boli Kostatik, Senegaldik eta Malitik zetozen gehienak. Malagara ailegatuta [Espainia], Gurutze Gorriak eta Poliziak autobus batean sartu zituzten, eta hona bidali. Dena den, argitu behar dut Bilbora dozenaka migratzaile iristen direla urtero-urtero; hortaz, aurtengo immigrazio fluxua eta aurreko urteetakoak oso-oso antzekoak dira. Esan izan da etortzen direnen kopurua izugarri hazi dela, masiboki sartzen direla... Hori guztia gezurra da. Gisa horretako mezuek arrisku handia dute: izugarri zabaltzen dira sare sozialei eta hedabideen bidez, eta alarmak pizten dira berehala. Horrela ernatzen da xenofobiaren kimua ere.

Eta zuen elkartea arduratu da migratzaile horiek artatzeaz?

Bai, plataformako kide bat autobus geltokian zegoen, eta hark pasatu zuen abisua. Berez, Gurutze Gorriari dagokio iristen diren migratzaileak artatzea, baina oraingoan ez zituzten artatu. Izan ere, Gurutze Gorriak, gaur egun, ez du gaitasunik, baliabiderik edota borondaterik migratzaileen fluxu hori kudeatzeko.

Borondaterik ere ez?

Hainbat faktore dira. Batetik, komunikazio zuzenik ez dago: hemengo boluntarioek ez zekiten Malagatik autobus bat zetorrenik ere; bigarrenik, dauzkaten baliabideak ez dira nahikoak; eta azkenik, utzikeria apur bat ere antzeman dugu, bai.

Bilbora iritsitako azken autobus horren kasuan, nola antolatu duzue laguntza?

Hilabeteak dira Bilboko Udalaren zerbitzuek gainezka egin zutela, eta, gisa honetako egoera bati aurre egiteko, ez dute gaitasunik berehalako erantzun bat emateko. Hortaz, laguntza sare bat osatu genuen hainbat lagunen artean, oinarrizko laguntza bermatzeko: aterpea, paperak... Horrez gain, bilera sorta bat egin dugu alderdi politikoekin eta Gizarte Ekintzako zinegotzi Iñigo Pomborekin.

Zer eskatzen diozue Bilboko Udalari, zehazki?

Aldarrikatzen dituen balio horiekiko koherentziaz jardun dadila. Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak ez luke ibili behar babes eta laguntza sare hori antolatzen. Gurutze Gorriak ezin baditu migratzaileak artatu, udalaren ardura da. Bilbon badira hutsik dauden hainbat ikastetxe publiko, eta udalaren esku dago horiek irekitzea. Udal aterpetxeekin ere gauza bera gertatzen da: harrigarria da horiek udan itxita edukitzea.

Erakundeek neurri zehatzik hartu al dute orain arte?

Bilera sorta horretan udalari eskatu genion Gurutze Gorriari presio egin ziezaiola, eskura dituen baliabideak erabil ditzan. Horri esker, 50 pertsonarentzako behin-behineko aterpea lortu genuen ostiralean. Arazoa da, batetik, hiru egunerako besterik ez dela, eta, bestetik, gune hori 21:00etatik 08:00etara arte bakarrik erabil daitekeela, lo egiteko. Gosaldu ostean alde egin behar dute, eta egun osoa eman behar dute kalean. Aintzat hartu behar dugu pertsona horiek hilabeteak daramatzatela bidean, Mediterraneoa zeharkatu ostean oso nekatuta daudela eta behar larriak dituztela. Hortaz, eskaintzen zaiena adabaki bat besterik ez da.

Zer proposatzen duzue?

Guk eskatzen dugu Bilbo harrera hiri bilakatzea, hitzaren adierarik osoenean. Horretarako, beharrezkoak dira, batetik, larrialdi plan bat, zerbitzu publikoek gainezka egiten dutenean oinarrizko laguntza eta baliabideak bermatzeko; eta bestetik, plan estrategiko bat, beste herrialde batera joan beharrean Bilbon gelditzea erabakitzen duten migratzaileentzat. Izan ere, Europarako bidean, gehienek bizpahiru egun ematen dituzte Bilbon, baina badira hemen gelditu nahi dutenak ere, eta horiei eskaini behar zaie irtenbide bat epe ertain edo luzerako. Gaur gaurkoz, ordea, kale gorrian bizitzera kondenatzen ditugu.

Erakundeek beste alde batera begiratzen dute?

Hori da Europak hartu duen bidea, eta egun hauetako akordioetan argi gelditu dena: deportazioak sustatuko dituzte, atxilotze zentroak ugaritu, eta diruz hornituko dituzte Libia eta Turkiako miliziak, migratzaileen kontrako indarkeria handitu eta arazoa Europako mugetatik kanpora ateratzeko. Fokua migratzaileengan jarri beharrean, egiturazko arazoetan eta gerra inperialistetan jarri beharko genuke.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Baionako terraza bat, artxiboko irudian ©Bob Edme/ Iparla

Uztailaren 9an diskotekak irekiko dituzte Ipar Euskal Herrian

Berria

Dantzalekuetan sartzeko ezinbestekoa izango da osasun ziurtagiria aurkeztea. Kontzertu aretoetako neurriak, berriz, ekainaren 30ean malgutuko dituzte, edukiera %75era zabalduta.

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua artxiboko irudi batean. ©Jaizki Fontaneda/FOKU

Hegoaldetik joandako biztanleak txertatzeko irizpideak zorroztuko dituzte Lapurdin

Maria Ortega Zubiate

Maider Arostegi Miarritzeko alkateak adierazi du Hegoaldetik joandako biztanleen gorakadak neurriak zorroztea ekarriko duela. Gotzone Sagardui Jaurlaritzako Osasun sailburuak adierazi du ez dutela prozesu horren berri.

Hainbat herritar Gasteizko kale batean. ©Jaizki Fontaneda

Beste 119 COVID-19 kasu atzeman dira Hegoaldean

Uxue Rey Gorraiz

2020ko uztail erdialdetik erregistratutako kutsatu kopururik apalena da. 5.000 proba inguru egin dira; beraz, %3 da positiboen ehunekoa.

Bi txitek tamaina handia zuten jada, eta horrek zaildu egiten zion haien amari haiek babestea. ©Urdaibai Bird Center

Hil egin dira Urdaibain jaio ziren bi arrano arrantzaleak

Paulo Ostolaza

Jaio eta hogei egunera hil dira; ezin izan zioten eutsi joan den ostiralean Urdaibai astindu zuen ekaitzari. Arduradunen arabera, txiten heriotza «naturaltzat» hartu behar da.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna