Zaldibarko luizia. Manifestazioa

Bi herri, osasuna aldarri

Zaborren kudeaketa kritikatu dute Donostian. Zaldibarren ardura politikoak hartzeko eta Zubietako erraustegia gelditzeko eskatu dute

Larreko Mahaia taldeak deitutako manifestazioa, atzo arratsaldean, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2020ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
«Zubieta gelditu, Zaldibar argitu» eta «Ez, ez, ez errausketarik ez» oihuek hartu zuten Donostia, atzo arratsaldean. Larreko Mahaia taldeak antolatutako manifestazioarekin bat egin zuten norbanako eta eragile ugarik. Osasunagatik, ekonomiarengatik eta klimagatik, ez erre etorkizuna! lelopean, Easo plazatik abiatu eta udaletxe ingurura arteko ibilbidea osatu zuten, ordubete pasatxoan.

Kantuz egin zioten aurre eguraldi eskasari, bide guztian zehar. Manifestazioa hasi baino lehen, ahotsa berotzen ari zen Mikel Usabiaga manifestaria. «Euskal abestiek ere aldarrikapenak egin ditzaketela pentsatzen dugu», azaldu zuen. Horretarako, erraustegiaren aurkako hitzekin osatutako paperak banatu zituzten. Zubietako «mamu zahar handia» ez ezik, Zaldibarko (Bizkaia) zabortegiaren luizia ere izan zuen gogoan. «Guk erraustegia ez piztea eskatzen dugu, eta eztabaida bat irekitzea, hondakinen azterketa serio bat egiteko».

Arrazoi bertsuengatik joan zen Anuk Arregi ere kuadrillan Usurbildik (Gipuzkoa). «Erraustegiaren kontra gaude, eta ez zaigu ondo iruditzen egiten ari direna». Arretarik ez dietela jartzen iritzita, manifestazioan parte hartzea erabaki zuen. «Azken finean, gure osasuna kaltetzen ari dira».

Manifestazioan parte hartu ez ezik, antolaketan ere aritu zen Joxemari Irazusta, eta guztia prestatzen ari zen abiatu aurretik. Erraustegiaren aurka dagoela esan zuen, «ekonomiaren, osasunaren eta klimaren aurkako norabidean doan azpiegitura bat delako». Egungo hondakin kudeaketa ere kritikatu zuen,; bereziki, Donostiakoa: «Bere burua apain eta ponposotzat dauka, baina praktikan gaikako bilketa erabat txarra dauka». Ezin zuen ekidin Zubieta Zaldibarrekin alderatzea: «Ez dugu ahaztu behar istripuak izan direla gutxienez hamalau erraustegitan».

Kaleak igaro ahala, gero eta jende gehiago batu zen manifestaziora, «Osasuna bai, errausketarik ez» eta «Ez erre etorkizuna» oihuen artean. «Jende asko, ezta?», galdetzen zuenik ere bazegoen. Udaletxe ingurura iristerako, ez zen amaiera ikusten, baina antolatzaileek prest zeuzkaten bozgorailuak eta oholtza, mezua nahi zuen orok entzun eta ikus zezan.

Zaldibarrek presentzia berezia izan zuen manifestazio guztian, eta baita amaierako ekitaldian ere. Zaldibar Argitu plataformako kideak izan ziren lehenak oholtzara igotzen. «Oso larria da gure herrian gertatu dena; beraien zaborra erori zaigu buru gainera, literalki», azpimarratu zuen Jokin Bergarak. Lehen hitzetan oraindik ere lur azpian dauden Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran aipatu ondoren, Zaldibarren «elementu ilun gehiegi» bildu direla salatu zuen. «Gezurra» esan zietela ere ziurtatu zuen, hasieran airearen eta uraren kalitatea ona zela adierazi arren, gero kirolik ez egiteko eta leihoak ixteko agindu baitzieten. «Negozioa» herritarren «osasunaren eta ongizatearen» gainetik jarri izana kritikatu zuen: «Gehiago axola zitzaien AP-8a itxita egotea edo Realaren eta Eibarren arteko partida bertan behera gelditzea, 50.000 pertsonaren osasuna baino». Orain, erantzukizuna hartzea eskatu dute: «Non dago lehendakaria? Eta non dago urteetan Eibarko alkate izan zen eta orain Ingurumen sailburu den Iñaki Arriola? Ez al duzue inolako erantzukizunik hartu behar?».

Larreko Mahaia taldeko Maider Angulok hurrengo egunak garrantzitsuak direla uste du, «erraustegia irekitzeko data jarrita dagoelako». Hondakinen kudeaketa «publikoa eta gardena» eskatu zuen, baita «kontrol zorrotzak» egitea ere, herritarren «osasuna eta segurtasuna bermatzeko» eta ingurumena zaintzeko. «Erraustegia gelditzeko borrokan jarraituko dugu, ez diezaguten etorkizuna erre, dena baitugu irabazteko».

[youtube]https://youtu.be/oRPsT0PJYAA[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.