Albistea entzun

Euskara etxean jaso duten umeak batzeko eskatu dute

Arnas Dezagun guraso taldeak salatu du D ereduan izanda ere haurrei ez zaiela bermatzen euskaraz aritzeko eskubidea. Neurri eske ari dira
Arnas Dezagun guraso taldearen agerraldia, atzo, Bilbon.
Arnas Dezagun guraso taldearen agerraldia, atzo, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Oihana Teyseyre Koskarat -

2021eko azaroak 28

«Gure haurrei errotik ukatzen zaie euskaraz hitz egiteko aukera». Hala hasi zuen agerraldia, atzo, Mitxel Elortza Arnas Dezagun guraso taldeko bozeramaileak. Arnas Dezagun egitasmoa sortu zuten iragan udan eremu erdaldunetako guraso euskaldunek, etxetik euskaldunak diren haurrak eskolan «ez sakabanatzea» eskatzeko. Izan ere, egoera kezka iturri da guraso horientzat. «Gure seme-alabak, euskal hiztunak izanik, gutxiengoa dira ikasgeletan, baina, elkarrekin jarri ordez, gela desberdinetan sakabanatzen dituzte ikastetxe gehienetan. Era horretara, sakabanaketaren ondorioz, ume euskaldunei errotik ukatzen zaie euskaraz jarduteko aukera», azaldu dute.

Horiek horrela, eremu erdalduneko ikastetxeetan, baita D ereduan ere, etxetik euskaraz dakiten haurrak biltzeko eskatu du guraso taldeak. «Haur euskaldunak sakabanatuz, denak ateratzen dira galtzaile, bai euskaldunak, asimilazioagatik, eta bai etxetik erdaldunak direnak ere. Bestela erranda, euskal hiztunek euskara bazterrean uzten dute, eta erdal hiztunek ez dute euskararik jasotzen beren ikaskideengandik». Hori egin ezean D ereduaren helburua «zapuzten» dela argudiatu dute. Hartara, «haur euskaldunak batzea ezinbestekoa da, betiere erdaldunak bazter utzi gabe», zehaztu du Elortzak.

Arnas Dezagun taldeak «kezka» helarazi die alderdi politiko eta sindikatuei, eta neurriak hartzeko eskatu diete ikastetxeetako zuzendari eta hezkuntza arloko arduradun politikoei. Bide beretik, adierazi dute lanean segituko dutela erakunde eta eragileekin. Anartean, beren eskariak Euskal Herriko dozenaka herritarren eta eragileren babesa lortu du; tartean dira Amets Arzallus bertsolaria, Itziar Ituño aktorea, Ainhoa Larrañaga irakaslea eta Frank Dolosor kazetaria. Guraso taldeak Euskal Herriko herritar eta eragile guztiei eskatu die babesa emateko.

Atzo, bestalde, guraso taldeak bere aldarria gauzatzeko manifestua aurkeztu zuen. Batetik, «arnasgune funtzionalak» plantan jartzeko eskatu dute; hau da, «haurrak euskaraz eroso jardun ahal izateko eremuak». Bestetik, «haur erdal hiztunen euskara indartzeko eta erabilera errazteko baliabideak eta laguntzak» galdegin dituzte. Salatu dute gaur egun horiek eskasak direla.

Eskolatik kanpo, euskaraz

Ikastetxeez harago, eremu erdaldunetan bizi diren ume euskaldunentzat gizarteko esparru guztietan euskararen presentzia azkartzeko beharra azpimarratu dute Arnas Dezagun taldeko gurasoek. Aldarrikatu dute hizkuntza ohiturak aldatu beharra dagoela haurrak euskaraz «naturaltasunez eta eroso» aritu ahal izateko.

Halaber, ezinbestekotzat jo dute pantailak euskaraz, aisialdia euskaraz eta, oro har, «hizkuntza paisaia» euskaraz izatea, eskolako eremuetatik kanpo ere. Dena dela, argi hitz egin dute: «Ez da soilik eskolaren ardura, jakina, baina ezin da ukatu hezkuntza sistemak eragin berebizikoa duela gure haurren hizkuntza ohituretan».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Frantziako Polizia osasun ziurtagiria eskatzen, Miarritzeko ostatu batean. ©GUILLAUME FAUVEAU

Txertatze ziurtagiriaren alde egin du Konstituzio Kontseiluak

Oihana Teyseyre Koskarat

Astelehenetik goiti beharrezkoa izanen da Ipar Euskal Herriko hainbat leku publikotara sartzeko. Kontseiluak atzera bota du ekitaldi politikoetan parte hartzeko agiria eskatzea

Maiaren adierazpenen aurkako protesta egin zuten ostegunean, SOS Arrazakeriak deituta. Irudian, manifestari bat, alkatearen aurkako afixa batekin. ©JESUS DIGES / EFE

Maia, datuek gezurtatua: delituen %0,3 dagozkie migratzaile adingabeei

Ion Orzaiz

Adingabeen Fiskaltzak 522 espediente ireki zituen iaz Nafarroan, eta soilik 99 izan ziren migratzaileei egotzitakoak. Iruñeko alkateak dioenaren kontrara, delitu horien ehunekoa apaldu egin da 2019tik

Ertzaintza Ibaizabal ibai bazterreko operazio batean, artxiboko irudi batean ©Luis Tejido, EFE

Adingabe baten gorpua aurkitu dute Ibaizabal ibaian, Galdakao parean

Berria

Gorpua joan den asteazkenean atzeman zuten. Gaztea Bizkaiko Aldundiaren zaintzapean zen; harrera zentro batean izandakoa.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.