Napalpiko sarraskia, auzitara

Argentinako jendarmeek eta paramilitarrek 200-300 indigena hil zituzten 1924an, Qom eta Moqoit komunitateetako nekazariek lan baldintza kaskarren kontra abiatu zituzten protestak zapaltzeko. Aste honetan hasi dute gertaera horien gaineko auzia. Gizadiaren kontrako krimen gisa epaituko dituzte.

Gizon indigena bat, Napalpiko Sarraskia azaltzen duen kartel baten paretik pasatzen, Argentinako Napalpi herrian. BERRIA.
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2022ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Melitona Enrique 107 urte zituela hil zen, 2008an, jakin gabe hamalau urte geroago erreparazio historikoa egia bihurtuko zela, hein batean behintzat. Bizi osoan borrokatu zen horren alde. Napalpiko Sarraskitik (1924) bizirik atera zirenetako bat izan zen Melitona. Sarraski hartan 200-300 lagun inguru hil ziren, Qom eta Moqoit komunitateetakoak. Tiroketa baten bidez, 130 poliziak, jendarmek eta paramilitarrek komunitatearen protesta bat erreprimitu zuten. Gorpuak erraustu egin zituzten, eta hilobi komunetan lurperatu; historia, berriz, ezeztatu edo desitxuratu egin zuten. Apirilaren 19an, prozesu bat hasi da Argentinako Estatuak herritar indigenen kontra egindako gizadiaren aurkako krimenak lehen aldiz epaitzeko, Resistencia hirian (Chaco).

Melitonak ezin izan zuen fiskalen aurrean deklaratu oraindik ere ume zela bizi izandakoaz, baina gertakari haiek bizirik atxiki zituen gogoan (berean eta komunitateko beste kideenean), ahozko tradizioaren bidez. Horri esker, komunitatea lekukotzak aurkituz joan zen, halako prozesuetan izuak ezartzen duen isiltasunaren gainetik. Sabino Melitonaren hamabi seme-alabetan gazteena da, bizirik dirauen bakarra, eta amak bizi izandakoa kontatu zuen Fiskaltzaren aurrean. «Hura beti oroitzen zen historia triste hartaz. Kontatzen zuen haiek [komunitatea] toki hartan zeudela napalpi indioentzat erredukzioa izenekoa sortu baino lehen [indigenak halakoetan bizitzera behartu zituzten]. Administrazio moduko bat sortu zuten aborigenei lana emateko. Kontatzen zuen bere gurasoek inausketan, obrajean eta uzta biltzen egiten zutela lan, baina oso gutxi ordaintzen zietela, eta kexatzen hasi zirela. Nahikoa diru ez izateaz gain, ez zegoen ez mediku artarik, ez ezer». Sabinok gogoan du amak ez zuela asko hitz egiten horretaz, tristura handia eragiten ziolako, eta jakin zenean bazegoela sarraski hartatik bizirik ateratako jendea kazetari asko etortzen hasi zirela: «Quom hizkuntzan kontatzen zuen, ez baitzekien gazteleraz, eta nik itzultzen nuen hark esandakoa».

Egiaren aldeko epaiketak

Justizia Federalak bide eman zuen egiaren aldeko epaiketa bat egiteko, «erreparazio historiko eta sinbolikoa» ekarriko ziena zapalduak, jazarriak, erailak eta ezeztatuak izan ziren Argentinako jatorrizko herriei. Erantzulerik ez dagoenez bizirik, egiaren aldeko epaiketa modu egokia da egiarako, erreparazio osorako eta berriz ez gertatzeko eskubideak bermatu ahal izateko. Resistencia hiriko epaile federalak, Zunilda Nirempergerrek, joan den irailaren 10ean agindu zuen mekanismo hori baliatzeko, eta esan zuen krimen horiek «gizadiaren aurkako delituak zirela, eta, ez dutenez preskribatzen, denbora pasatu bada ere posible dela ikertzea, eta horrela ikuspegi historikoa oinarri hartuta berreraikitzen saiatzea».

Egiaren aldeko epaiketak ondorio penalik gabeko prozedura judizialak dira. Hemezortzi urtez egin ziren Argentinan, azken diktaduran gizadiaren aurka egindako krimenen erantzuleak ezin zirelako zigortu, behar den obedientziaren, puntu eta amaieraren eta indultuen legeek inpunitatea bermatzen baitzieten. Giza eskubideen aldeko erakundeei esker egin ziren ahozko epaiketa horiek: estrategia alternatiboak bilatu zituzten inpunitateari aurre egiteko, justiziaren bitartez egia azalaraziz. Urteek aurrera egin ahala, inpunitatearen legeak baliogabetuta, auzi penalak hasi ziren, eta estatu terrorismoaren erantzuleak inputatu zituzten. Auzi horietan kontuan hartu ziren egiaren aldeko epaiketetan bildutako frogak.

Sarraskia

Napalpiko Sarraskia 1924ko uztailaren 19an izan zen. Erregistro historikoen arabera, eta Unitate Fiskalak egindako atariko ikerketan bildutako frogek erakusten dutenez, 130 polizia inguru eta zibil talde bat Quitilipitik Napalpira joan ziren garai hartan Chacoko lurralde nazionala zeneko gobernadore Fernando Centenoren aginduz, jatorrizko herrien eta kreoleen (jatorri europarreko amerikarrak) protestak isilarazteko. Kotoiaren uztaren truke behar adina ordaintzeko eskatzen zuten, esaterako, eta Chacoko lurraldetik irteten uzteko Saltako eta Jujuyko makinetara lan egitera, hobeto ordaintzen baitzuten.

Hainbat historialariren azterketen arabera, 45 minutuan Poliziak fusilen 5.000 bala inguru jaurti zituen Napalpiko herritarren aurka. Uste dute 423 biktima inguru izan zirela, Santiago del Esteroko, Corrientesko eta Formosako aborigenak eta uzta bilketan jarduten zutenak kontuan hartuta. Haien %90 jatorrizko komunitateetakoak ziren. 38 ume inguruk ihes egitea lortu zuten, baina gutxienez erdiak zerbitzari eraman zituzten Quitilipiko eta Machagaiko herrietara. «Sarraskiaren lekuko izan ziren adineko batzuk bizirik daude oraindik», kontatu du Sabinok. «Kontua da sarraskiaren ondoren askok ihes egin zutela, beldurragatik, eta ezkutatu egin zirela».

Atariko ikerketa

2014an, Fiskaltzak atariko ikerketa bat eginarazi zuen, eta, horren bidez, bizirik ateratako Quom eta Moqoit komunitateetako kideen ahotsak bildu ahal izan ziren, Pedro Balquintarena eta Rosa Grilorena esaterako, eta baita haien ondorengoen kontakizunak ere, Sabinorena kasurako: «2014an joan nintzen deklaratzera, eta esan nien gogoan nuela amak kontatu zidana. Haien itzultzailea nintzenez, lekuko gisa hartu ninduten». Hainbat instituziok emandako dokumentu historikoak ere bildu zituzten.

Entzunaldiak Resistencia hiriko (Chacoko hiriburua) auditorium batean egingo dira, astean bitan, eta beste bat egingo da eskualdeko barnealdean. Aurrena, bizirik atera zirenen eta haien ondorengoen ahotsak entzungo dira, eta, gero, ikertzaileek, historialariek, soziologoek eta antropologoek deklaratuko dute. Chacoko Giza Eskubideen Idazkaritzak proposatu zuen sare sozialen bitartez ematea eztabaida, komunitateek aukera izan dezaten entzunaldiak ikusteko.

Aldeek 40 lekukotza proposatu zituzten, besteak beste Rosa Grilorena: 114 urte ditu, eta Qom komunitatekoa da. Prozesuan, sarraskitik bizirik atera eta orain hilda daudenei egindako elkarrizketen ikus-entzunezkoak erakutsiko dira: hala nola Melitona Enriquezena, Rosa Chararena (Quom herria) eta Pedro Balquintarena (Moqoit herria). Sarraskia gertatu zenean umeak ziren, eta bizirik ateratzea lortu zuten asteetan saltaka ibilita mendietan, familiako zaharragoren baten eskutik helduta. Grilok eta Balquintak aurrez aurre eman ahal izan zuten lekukotza. Hautatutako eguna, apirilaren 19a, Amerikako Aborigenen Eguna ere bada, lehen Kongresu Indigenista Interamerikarra gogoratzeko eguna: Mexikon egin zen, 1940an, Ameriketako estatuek Patzcuaroko Dokumentua sinatu zutenean, kontinente osoko jatorrizko kulturak babesteko eta iraunarazteko. «Uste dut garrantzitsua dela deklaratzea, gertatutakoa argitzea, eta erreparazio historikoa egitea. Gaur egun, diskriminazioa ez da makilaka egiten, baina aborigenok kanpainan bakarrik hartzen gaituzte aintzat, esaten digutenean lurrak gureak direla eta halakoak, eta gero ahaztu egiten dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.