ISTRIPU IKUSEZINA

Lantokian antsietate krisi bat izaten bada, lan istripua al da? Ez beti. Askotariko kasuak daude, eta ez da arraroa auzia epaitegietan ebaztea. Eragozteko gakoa da krisia eragin dezaketen sakoneko arrazoiak aurretik konpontzea.

BERRIA.
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Korapilo estua eztarrian, aireari pasatzen uzten ez dion bola bat bularrean, porlanezkoak diruditen birikak... Izu edo antsietate krisia izan duenak kostata deskribatzen du hitzekin sentitu duen larritasun hori, baina zail egiten zaio une hori ahaztea. «Arnasa hartzeko arazoak izaten dira, itolarria, zorabioa, desoreka, taupada indartsuak, dardara, goragalea...». Sintoma zerrenda Karmele Salaberria EHUko Psikologia irakasleak emanikoa da, baita haien azalpena ere: «Gorputzak hiperaktibazio bat du, eta eztanda egiten du. Pairatzen duenak ezin du bere burua kontrolatu. Izu krisia duenak hiltzeko beldurra du, eta askok uste dute bihotzekoak eman diela». Eta muturreko egoera hori lantokian suertatzen bada, lan istripua al da? Ez beti, eta ez da arraroa kasua epaitegietan ebaztea.

Alfonso Rios Euskadiko CCOO sindikatuko osasun arduraduna da, eta ondo ezagutzen ditu epaitegian ebatzi diren kasu horietako asko: «Gizarte Segurantzaren 156 artikuluak argi dio: lantokian zerbait gertatzen bada, lan istripua da. Berdin dio bihotzekoa edo beste gaitzen bat den, eta antsietate krisiekin, berdin». Orduan, zein da arazoa? «Askotan mutualitateek erabakitzen dute lan istripua den ala ez», azaldu du Maite Gomez Osalaneko teknikariak: «Tristea da, baina oraindik ez dago gaitz profesional gisa onartuta, eta ez da beti lan istripua. Langile bat garabi batetik erortzen bada, mutualitate batera eramaten dute; arazo psikosozialekin, berriz, auzitan jartzen dute iturria. Mutualitateak gaixotasun arruntzat jotzen du, eta Osakidetzara bideratzen du gaixoa. Beraz, ez da laneko gaitz gisa ikertzen, eta osasun zerbitzu publikoaren gastua handitzen du».

Mutualitateen jarduna gakoetako bat da, eta, enplegatzaileekin batera, epaiketetan salatuak izaten diren enpresak. Riosek hainbatetan tratatu du haiekin: «Mutualitateentzat erraza da langilea Osakidetzara bideratzea. Zera diote: 'Hau beharbada ez da laneko arazoa; etxean edo haurrekin arazoa baduzu, joan Osakidetzara…' Jendeak jakin behar du mutualitateetan medikuak daudela, baina interes batekin: ez ordaintzea». Beste bi aldagai gehitu ditu bere azalpenean: «Prestazioa eta tratamendua. Osasun arazo arrunta bada, mutualitateek ez dute diru saria ordainduko. Eta gero tratamendua dago, hori bai Osakidetzak ordaintzen duela. Amiantoari loturiko minbizien kasua antzekoa da».

Legediaren eta aplikazioaren subjektibotasuna ikusita, ulertzekoa da kasu asko epaitegietan ebaztea, hala langileen nola mutualitateen salaketen ondorioz. «Eta langileak ez du beti irabazten», azaldu du Riosek: «Baina salatu egin behar da. Askotan kosta egiten da lekukoak lortzea. Lekukoa askotan beste langile bat da, eta isiltzeko esaten diote. Beste froga batzuk daude: posta elektronikoa... Jazarpen moralarekin enpresek badakite nola jokatu. Bulegora deitzen bazaitut, ez dago lekukorik». CCOOeko kideak sindikatuen rola aldarrikatu du: «Ez da irtenbide magikoa, baina dena da errazagoa langile batzordea badago. Zaila da langileak salatzea, baina bere osasun mentala jokoan dago. Antsietatearen jatorri profesionala aurkitu behar da, mutualitateak dioena alde batera utzita».

Izu krisia izatea, izan ere, ez da hain arraroa. «Herritarren %15ek izaten dituzte», argitu du Salaberriak. «Beste gauza bat da nahastea deritzona. Izu krisia nahaste bihurtzeko, behin baino gehiagotan gertatu behar da epe jakin baten barruan, eta pertsona horren bizitza normala eragotzi behar du. Nahastea pairatzen duen populazioaren batezbestekoa %3 ingurukoa da». Eta lanean gerta daiteke? «Batzuetan, toki jakin batzuek sor dezakete izu krisia. Mehatxu bat sentitzen du gaixoak, eta ezin duela ihes egin, aurretik beldur handia pasatu badu lantokian. Testuinguru horiek, pertsona jakin batzuek, leku fisikoa... Baina ez bakarrik bertan egotean, ager daiteke hara joan behar dudala pentsatzen dudanean ere. Eztabaida gogor bat izan baduzu, esaterako, aurretik sentitzen duzu mehatxua».

Andreak, zaurgarriagoak

Psikologoak alderaketa grafikoa erabiltzen du krisiak azaltzeko: «soro bat dira», landaturiko zerbait, eta ez egun bateko kontua. «Zaurgarritasun hori da soroa, predisposizio bat badago. Guztiok ez dugu urduritasun maila bera: zer ikasi dudan familian, zer bizi esperientzia... Substantzien kontsumoaren ondorio ere izan daitezke; kanabisa erretzen duen gazte batek izan dezake izu krisia. Askotariko arrazoiak izan ditzakete. Guk haiek aztertzeko erabiltzen ditugun ereduak bio-psiko-sozialak dira».

Gomezek ere norabide beretik jo du: «Arrisku psikosozialetan, kaltea ez da bat-batekoa; denbora jakin batez luzatzen da. Gainera, prekaritateak ez du laguntzen arrisku psikosozialak murrizten. Fabrika batean babes hesirik gabeko makina bat erabiltzea arriskutsuagoa den bezala, aldagai jakin batzuek arrisku psikosozialak handitzen dituzte: lan karga, denboraren presioa, funtzioak argi ez edukitzea… Makina bat erabiltzean, babesa dut, arropa egokia... Eta, haiek gabe, langileak ebakia egin dezake eskuan. Bada, arrisku psikosozialekin, antzera».

Osalanek 2011n jarri zuen abian unitate psikosoziologikoa. 2017ra arte antsietatearekin zerikusia zuten 23 kasu iritsi ziren haiengana: hamabost gizon eta zortzi emakume. 2017tik 2020ra, berriz, eta soilik Araban, hamabost salaketa egon ziren, zortzi gizon eta zazpi emakume. «Emakumeek kontsulta askoz gehiago egiten zituzten, baina salaketa gutxiago jarri», gogorarazi du Gomezek. Hala ere, joera aldatzen ari dela uste du: «Salaketa jartzearen beldurra hor dago, baina, halako batean, emakumeak 'aski da' dio. Garaiz konpondu gabeko lan gatazka bat jazarpen bilakatzen da. Kasu larriak ezagutu ditugu, baita indarkeria eta jazarpen sexuala ere. Jendeak zenbat denboran jasan duen ikusteak harritu egiten gaitu, eta, arazoa barnean ezin duenez konpondu, kanpora jotzen du». Riosek ere berretsi du: «Langilea psikologikoki puskatuta egoten da; egunero itzuli behar du infernura, eta han zortzi orduz egon. Gero eta kontsulta eta salaketa gehiago daude: arazo bat dago».

Gomezek nabarmendu du emakume gehiagok jo zutela Osalanen atea. Rios ez du harritu: «Guk ere ikusi dugu. Lan osasunari genero ikuspuntutik begiratu behar zaio, eta argi dago emakumeek arrisku psikosozial gehiago jasaten dituztela. Esaterako, gizonezko gehiago daude aginte postuetan, eta emakume gehienak produkzio postuetan daude. Alegia, beheragotik hasten dira, eta horrek arrisku psikosozialak areagotzen ditu, zailagoa delako igotzea». Krisietara itzulita, beste ondorio bat plazaratu du: «Baldintza orokorrez gain, jazarpenaren ondorio direnean, biktimen artean gizonak eta emakumeak daude; aldiz, erasotzaileetan badago patroi garbi bat: gizona da».

Sarasolak azalpena aberastu du. «Emakumeok zaurgarritasun handiagoa dugu hersturaren aurrean; hori horrela da». Zergatik? «Aldagai asko daude, baina emakumeoi gutxiago sinesten digute. Esajeratuagoak omen gara. Gizon batek edo emakume batek hitz egiten badu, oraindik ez du balio bera. Eta hori horrela da. Enpresak esan dezake: 'Baldintzak hain txarra balira, denak leudeke gaizki, eta ez da horrela'. Baina denak ez gara berdinak».

Ebaluazioa, funtsezkoa

Hazten ari den arazoa izanda, konponbidean pentsatu beharra dago. Salaberriak jarri du oinarria: «Lehenbizi, ebaluazio psikologiko sakona egin behar da. Osasun mentala beti ahizpa txikia izan da; ez zaio garrantzirik ematen. Pasatuko den zerbait dela pentsatzen da. Horregatik da garrantzitsua ebaluazio zehatza egitea, eta gaitzaren benetako jatorria zein den aurkitzea». Gomezek jarraitu du: «Osalanen, lan garrantzitsua egin dugu: enpresekin, sindikatuekin... Prebentzioan sakondu behar da. Enpresari guztiek egin behar dute arrisku psikosozialen ebaluazioa, baina konpromiso serio batekin».

Lantoki guztiak, izan ere, ez dira berdinak, eta, uste orokorraren aurka, arazo larrienak ez dira beti bulego txikietan agertzen. Riosen esperientziaren arabera, jazarpen kasu gehiago egoten dira administrazio publikoan. «Enpresa pribatuetan, askotan, diruarekin konpontzen da arazoa. Langilearen kaleratzea ordaindu, eta kito. Edo hark uzten du. Arlo publikoan, egoera zaildu egiten da. Jendea finko dago, eta toki aldaketa askotan urte askotako kontua izaten da».

Sendatu al daiteke nahastea? Terapeutaren hitzak: «Noski. Izu krisi batekin ez da inor hiltzen, baina itolarria erreala da. Jokabideak landu egin behar dira; hala egin ezean, litekeena da handiagoa egitea. Prozesu terapeutikoa da: ebaluazioa, ulermena, hezkuntza eta ikaskuntza. Kasu batzuetan, baliteke psikofarmakoak beharrezkoak izatea». Sendatu, bai, eta lanera itzuli? Hor ñabardura egin du Salaberriak: «Noski itzul daitekeela; hori bai, zaila izango da pertsona berberekin itzultzea. Krisiak eta nahasteak gainditzen dira, eta ikasi egiten da egoerak detektatzen. Betebehar bera egin daiteke, baina agian beste nonbait. Badaude kasu batzuk, baina zail ikusten dut aurreko lekura eta ardura berberekin itzultzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.