Onintza Enbeita.
BIRA

Oporrak

2022ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Askoz hobeto ejerzizioak euskaraz egin balitu. Horixe kantatu zion Abel Muniategik San Ignazio Loiolakoari. Ezin dut adosago egon. Hori eta gehiago esan ahal izango da seguruenetik Loiolako Santuari buruz, baina asko aldatu da hari buruz daukagun pertzepzioa. Egun oporrak ekartzen dizkigu Ignaziok, eta oporrak oso gauza garrantzitsuak dira. Hamaika hilabete egiten ditugu lanean hilabetean ardurarik gabe dirua eta denbora erre ahal izateko. Inflazio handia omen dago, eta irailean gauza izugarriak gertatuko omen dira, baina jendeari ez dio ardura. Ez digu ardura. Orain oraingoa eta gero ikusiko dugu. Egia esan berogailua ia hogei gradura jaistea ez zaigu hain nabarmena iruditzen orain. Azaroan ez dakit zer esango dugun, baina orain oporretara goaz, eta abenduan Gabonak izango dira eta ez da biharko egunari begira egoteko momentua izango. Ez daukagu erremediorik: mundua leher egiteko zorian dago, baina ez dugu ohiturarik aldatu nahi. Dena izan nahi dugu eta.

Neuk ere nahiago dut irailean jarraitu horretaz guztiaz berbetan. Gaur San Ignazio da, eta bihar oporrak hasiko dira niretzat ere. Irailaren lehenengoak triste, deskantsatuta edo pozik harrapatuko gaitu. Orain zaila da hori jakitea, baina harrapatzen gaituen moduan harrapatzen gaituela munduak lehertzear jarraituko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.