Maputxeak. Santiago Rey. Kazetari argentinarra

«Interes ekonomikoek pisu handia dute estatuan»

Argentinako maputxeek euren gain hartu dute lurrak berreskuratzeko lana, gobernuak ez duelako bere hitza bete. Reyren iritziz, «borborka» dago indigenen mugimendua.

CECILIA VALDEZ.
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2021eko abenduaren 12a
00:00
Entzun
1994tik Patagonian bizi da Santiago Rey. Kazetaria da, eta Silencia la muerte: Crónica e investigación sobre la vida y asesinato de Rafael Nahuel liburuaren egilea (Heriotza isildu: Rafael Nahuelen bizitzaren eta hilketaren kronika eta ikerketa).

Joan den azaroaren 21ean, armak zeramatzaten bi pertsona Quemquemtrew komunitatean sartu ziren, eta 29 urteko Elias Garay hil eta 22ko Gonzalo Cabrera zauritu zituzten.

Lurrak berreskuratzeko kanpaina batean parte hartzen zuen Eliasek. Poliziak eremua setiatu zuen, eta 55 egunez eduki zuen itxita. Zenbait pertsona gerturatu ahal izan ziren barruan zeudenei arropa eta janaria eramateko, eta elkartasunezko ekintzak egiten zituen kanpaleku bat jarri zuten. [Azaroaren] 21ean sartu ziren bi pertsonek Rio Negroko probintziako gobernuaren baimen bat zuten Poliziaren kontrolak igarotzeko, inguruan lan egiten zutelako, eta Rolando Rocco enpresariaren kideak zirelako. Bi pertsona horiek auzipetuta daude hiru alditan tiro egiteagatik. Tiro haietako batek hil zuen Elias, eta beste biek Cabrera zauritu zuten. Cabreraren lekukotza oinarrizkoa izan da; orain, ikerketa zabalik dago, eta argi geratuko da nortzuk izan ziren egileak eta zerk bultzatu zituen egin zutena egitera.

Nor da Rolando Rocco?

Eskualdeko lurrak ustiatzeko baimena jaso zuen Roccok, eta pinuak hazten ditu; kanpoko espezie bat da pinua, eta herri maputxea haren aurka dago, lurrak hondatzen dituelako eta erregaia delako.

Roccorena da maputxeen lurretan interesak dituen enpresa bakarra?

Ez. Estatuak nahieran uzten ditu lurrak, eta mesede egiten die pertsona jakin batzuei, baina aurkakotasun handia ere eragiten du komunitateen lurrak baliatzeak, baita herri indigenei beren lurrak itzultzeari erreferentzia egiten dion 26.160 legea ez betetzeak ere. Gero, lurrak publikoak direnean, estatuak berak bultzatzen ditu lurrak kentzeko epaiketak, eta, pribatuak direnean, hark laguntzen ditu. Andeetako inguru guztian dituzte interesak higiezinen enpresek eta enpresa turistikoek. Eremu izugarrien jabe dira lur jabe handiak: Benetton 900.000 hektarearen jabe da Chubut probintzian; Joe Lewisek Lago Escondido erosi zuen, eta justizia erosketa hura ikertzen ari da oraindik, atzerritarrek legez ezin dutelako mugako lurrik erosi, segurtasun arrazoiengatik. Baliabide naturalen inguruko eztabaida guztia ere hor dago; hor duzu Vaca Muerta, estatuak bultzatutako politika ustiatzaileekin, eta komunitateek eurentzat aldarrikatzen dituzten lurretan dauden petrolio enpresak. Interes turistikoak ere badaude, eta uraren auzia. Qatarko agintari batzuek lurrak dituzte Chubut ibaiaren inguruan, mendikatearen goialdean.

Zergatik ez zaizkie herri indigenei beren lurrak itzultzen, 26.160 legeak jasotzen duen moduan?

Rio Negro probintzian 180 komunitate inguru daude, eta 60 ingururi itzuli dizkiete lurrak. Komunitateko kide batzuek zera diote: estatuak ez du bere hitza betetzen; orduan, komunitateek beren lurrak berreskuratzen dituzte, eta estatuak, hitza betetzen ez duen horrek, kanporatu egiten ditu.

Lege hori oso garrantzitsua da, lurrak herri indigenen esku uzteak modua emango bailuke zehazteko zenbat komunitate dauden, non dauden, zer lur aldarrikatzen dituzten, eta abar. Estatuak ulertu behar du bere agendan ez dauden gaiengatik sortu dela aldarrikapena; asko dira zera diotenak: «Nire aitonak etxe bat zuen hemen, nahiz eta hau maputxeen lurra izan, eta bertakoak sentitzen gara». Villa Mascardin, Barilochetik 30 kilometrora, Lafken Winkul Mapuk hainbat lur berreskuratu zituen machi edo buruzagi espiritual bati esker. Machi hark erakutsi zion komunitateari non kokatu behar zuen; mendikatearen alde honetan halakorik egiten zen lehen aldia izan zen, hainbat urtean. Estatuak zigor kodean oinarritzen ditu bere erabakiak, eta ez du ulertzen jokatzeko modu hori, baina ez da apeta hutsa, sustrai espiritual eta kultural sakonak dituen zerbait baizik.

Zergatik entzuten dira hain ozen maputxeak mehatxu edo barne etsaiekin lotzen dituzten diskurtsoak?

Arrazoi bat baino gehiago dago. Legea luzatzeko eztabaida bete-betean zegoenean, esaterako, ikus-entzule gehien duten kateek «Indioak erasoan», «Terrorista berriak dira» eta halako tituluak zituzten txostenak aurkeztu zituzten, eta senatariek gaiaz eztabaidatzen zuten, eta gizarteak entzun egiten zituen. Orduan, eztabaida urrundu egin zen arauarekin zerikusia zuten gaietatik.

Interes ekonomikoek pisu handia dute estatuan. Lago Escondido enpresa da hauteskunde garaian Rio Negroko alderdiei diru gehien ematen dietenetako bat. Benettonen lurretan polizia etxe bat eta erietxe bat daude. Era berean, tokian tokiko auzi batzuek zerikusia dute hauteskundeekin, alderdien jarrerarekin eta haien ordezkariekin. Hau da, nola irabaz nitzake boto gehiago terrorismoaz hitz eginez, edo eskariak entzunez? Esan genezake gorroto diskurtsoen ikusgaitasuna bat datorrela hauteskunde garaiekin. Gai konplexu bat izanik, asmo onenak dituzten gobernuek ere ez dute ulertzen sakonean zer dagoen, eta indarkeriaren eta gorrotoaren kontakizunean harrapatuta geratzen dira.

Zenbateraino daude antolatuta lurralde desberdinetako komunitateak eta zer harreman dute elkarrekin?

Hori nahiko malgua eta aldakorra da. Horrelako prozesu batean dagoen edozein herritan ohikoa da tentsioa egotea. Eta puntu garrantzitsuenetako bat da zer-nolako harremanak izan estatuarekin: hitz egingo dugu, edo ez? Komunitateko kide bat hiltzen badute, estatuko auzitegiei eskatuko diegu justizia?

Kasualitateak ere badaude. Duela gutxi, komunitate horietako zenbaitek komunikatu bateratu bat sinatu zuten Andeetako Piltriquitron dantzalekuak su hartu ondoren —komunikabideek eta Rio Negroko Gobernuak maputxeei egotzi zieten sutea, baina haiek ez zuten halakorik onartu—. Idatzi hartan, RAMetik urruntzen zen [Maputxeen Antzinako Erresistentzia taldea, maputxeek eurek gobernuaren asmakizuntzat daukatena], baina baita estatuarekin etengabeko elkarrizketak bultzatzen dituzten beste zenbait erakundetatik ere. Interesgarria da, halaber, komunikatuan diotela uneotan ez dutela interesik kanpoko jendearekin hitz egiteko; bai, aldiz, herri maputxearekin harremanak estutzeko. Beraz, euren komunikatzeko bideak aukeratzen dituzte, euren denborak eta euren moduak, eta horrek eragiten du gu ikusteko gai ez garen zerbait bor-borka egotea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.