Onintza Enbeita
BIRA

Alfonbrak

2019ko irailaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Orduak egiten dituzte alfonbra gorri hutsari begira, zain. Halako batean, eurek maite dituzten aktoreak heltzen direnean, garraxika hastendira. Ez da gutxiagorako: pantailaren barruan miretsi duten dena delako hori hezurmamitu egin da haien aurrean. Umetan Olentzerorekin gertatzen zaigun antzerako zerbait da. Badakizu badela, esan dizute etorriko dela, eta azkenean, iritsi egin da. Nola ez duzu oihu egingo?

Batek argazki bat eraman du, ez txikia ere. Eta argazkiko tipoa alfonbran azaldu zaio. Pentsa haren eskuen dardara zein izango zen, ze neuri iruditu zait magia! Gizonak, aktoreak, bere argazkia hartu eta sinadura moduko bat egin dio. Nik negar egingo nuke...

Eta telebistatik alfonbra gorriei begira dagoen jendeak barre egingo du. Barre egingo du neska nerabeen gauza delakoan histeria kolektiboa eta besteekiko miresmena. Ridikulua, lotsagarria, burubakokeria, txolinkeria... eta halako keria piloa ikusiko ditugu alfonbran daudenengan.

Astean behin, hogeita bi gizon milioidunek baloiaren atzetik nola korrika egiten duten ikustea, ordea, kristorena da. Haien autobusa estadio parera heltzen denean txalo egitea ez da txolinkeria, noski. Eta haien aurkariei burla homofobo eta arrazistak egitea munduko gauzarik zibilizatu eta intelektualena da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.