Onintza Enbeita.
BIRA

Haserre

2019ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Haserre nago neure buruarekin. Oso haserre. Bertsotan geundela jolas baterako proposamena egin ziguten: hainbat galderaren erantzunak asmatu behar izan genituen. Nahiko fin ibili nintzen, eta finalera pasatu ninduten. Gure momentuko pikeari, abiadura gehitu zitzaion. Esandako gaiaren inguruan ahalik eta hitz gehien esan behar genituen; ahalik eta azkarren. Beste bertsolaria hasi zen. Minutu bat eta hamar segundoan hemezortzi bertsolariren abizenak esan zituen. Hori dena Habanera batean eta esaldi koherenteak eginez. Haren ostean nire txanda zen: zaila neukan irabazteko. Gai jartzailearen aginduak ia hitzik gabe utzi ninduen: munduko edozein lekutako politikarien abizenak. Hori zen niretzako gaia, eta gutxienez hemezortzi esan behar nituen eta minutu eta hamar segundoan baino gutxiagoan. Pentsatu gabe hasi nintzen. Denboran irabazi nuen. Minutu eta segundo bian amaitu nuen Habanera. Baina hamalau izen bakarrik esan nituen. Eseri orduko «kaka zaharra» pentsatu nuen: «hamalau gizon esan ditut». Ez nuen emakume bakarra aipatu. Maduro, Trump, Putin, Morales, Otegi... horrela, gizonez gizon, hamalaura arte.

Zer daukagu gure lehenengo kaxoi horretan? Zer gara gu irakasten digutena desikasten ez dugunean? Haserre nago. Oso haserre neure buruarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.