Onintza Enbeita
BIRA

Kartzela

2019ko azaroaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Egin ezazue bidaia bat Espainiar zein Frantziar estatuetako edozein kartzeletara. Ez duzue eguneroko bizitzan gurutzatzen duzuen jendea ikusiko. Han daude ijitoak, migranteak eta euskaldunak. Gehienak pobreak dira, askok drogekin arazoak dituzte, irakurtzen ez dakienik ere bada. Kartzelak gaizki tratatzen ditu haien familiak, ez die errespeturik erakusten, umiliatzen saiatzen da. Funtzionarioek langileak direla esaten digute, baina barrua behar da umeei panpinak kentzeko, ogitartekoa zakarrontzira botatzera derrigortzeko...

Harrigarria iruditzen zait, oraindik ere, eskoletan kartzela gaizkileentzako lekua bailitzan arbeleratzea. Errealitateari erreparatuta, esango nuke, gaizkilerik handienak segurtasun handiko espetxeak eraiki dituztenak direla. Ez; segurtasun handiko kartzelak ez ziren eraiki presoek ihes egin ez dezaten. Segurtasun handiko kartzela modernoek oraindik eta gehiago isolatzen dituzte presoak. Isolatu eta zigortu.

Nahi dutena esango dute telebistan kartzeletako agintariek, baina isolamenduko ziegak edozein pertsonak burutik egiteko diseinatuta daude. Han ari da usteltzen gizarteak ikusi nahi ez duen guztia. Bitartean, kalean, bizitza azkar pasatzen da, kartzelara begiratzeko astirik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.