Onintza Enbeita
BIRA

Flotatzen

2020ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Bizitzak flotatzeko aukerak ematen dizkigu; baita igerian ez dakigunoi ere. Egiten diozu, adibidez, lagun bati jai bat berak jakin gabe, eta zure mundu txikia bete egiten da. Hilabete baino gehiago pasatzen dituzu gezur betean, eta azken minutuan gaizki-ulertu bat medio proiektorea falta dela esaten dizute. Ezin duzu sorpresa zeuk izorratu, laguna maite duzu, dirua horretarako da, bideo ederra egin duzu: berria erosi eta kito. Diruarekin konpondu daitekeena erraz konpontzen da. Laguna da inportantea, beti. Ez daki zu etorriko zarela, ez daki zure ondokoak etorriko direla, ez daki ezer; eta zuk zorionak zuri kantatuko diozu berak espero ez duenean.

Baina ze ederra den lagunak esatea flotatzen ari dela. Flotatzen. Eta denok dakigu flotatzea plazer handiko gauza dela, eta maitasunak, lagunen artekoak, flotatzen laguntzen du. Atzo mende erdi bete zuen lagun batek. Flotatu zezala lortu genuen, eta denok flotatu genuen. Gure oinpean ura bailitzan, munduak biraka jarraitu zuen, baina gu guztiok elkarrekin geunden: munduak leku berean erditu gintuenok, handik kanpora topatu ditugunak eta beste zenbait animalia. Gaur ere flotatu egin nahi dut, baina munduak oraindik hara eta hona egiten dit hanken artean, eta ez zait bertan geratu dadin interesatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.