Onintza Enbeita
BIRA

Zapalduak

2020ko urriaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Nazkatuta nago. Ez dakit zenbat aldiz idatzi dugun honetaz. Badakigu bihar ez daukagula ospatzeko ezer. Badakigu arazo bakarra ez dela Espainiak gu menperatzea: bihar gogoratu beharko genuke beste batzuk ere zapaldu, hil, umiliatu eta bortxatu zituztela. Bihar Hispanitatearen eguna da: gure historia ezabatzen saiatu ziren eta oraindik ere helburu horretan etsi ez dutenen eguna. Ez dugu jairik egin nahi. Oraindik ere akordatzen naiz zenbat borroka egiten genuen, biharkoa bezalako egunetan, institutua zabal ziezaguten. Jai egun arrotzak ziren. Seguruenetik, igandea bezain arrotzak, baina hori beste eztabaida bat da. Ze herrik ospatuko du bera konkistatu zuen estatuak beste bat konkistatu zuen eguna? Ez gara hain inozenteak. Zapalduak bat egiten du bera zapaldu duen zapaltzaileak zapaldu dituen guztiekin. Jarriko ditugu sare sozialetan indigena amerikarren argazkiak, zabalduko ditugu mezuak Whatsappez eta joango gara gauez lotara.

Eta gutako askok ez dio bere buruari galdetu ere egingo Maulen zer gertatuko ote den bihar, edo Hendaian zer ospatzen duten uztailaren hamalauan. Eta orduan konturatuko gara, hispanitatearen egunaren kontrako pankartak jarri arren, borroka txiki batzuk irabazi egin dizkigutela: adibidez, zapalduok ezdugu beti osotasunean pentsatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.