G7koek mugak jarri dizkiote multinazionalen zerga ihesari

Gutxieneko sozietate zerga globala %15ekoa izatea adostu dute. Erraldoi teknologikoek herrialde guztietan ordaintzea proposatu dute

Kanada, Erresuma Batua, Alemania eta AEBetako finantza buruak eta NDFko zuzendaria, atzo. Londresen. H. ADAMS / EFE.
jokin sagarzazu
2021eko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Pandemia bat eta AEBetako gobernu aldaketa. Biek gertatu behar izan dute azken urteetan nazioarteko ekonomiak gehien kezkatu duen puntuetako bat desblokeatzeko. G7koek akordio «historiko» bat itxi zuten atzo, multinazionalen zerga ihesari aurre egiteko: proposatu dute enpresen irabazien gaineko gutxieneko zerga %15ekoa izatea herrialde guztietan. Akordioak multinazionalei eta, bereziki, enpresa teknologikoei eragingo lieke. Erraldoi digitalen kasuan, Joe Bidenen gobernuak kontzesio garrantzitsu bat egin behar izan du. Alor horretako «munduko enpresarik handienek», gutxienez %10eko irabazi marjinak badituzte, beren irabazien %20 banatu beharko dituzte jarduten duten lurraldeetan, eta ez soilik egoitza soziala dutenetan. Argitu gabe geratu da, hala ere, munduko enpresa handien definizioarekin zer esan nahi duten eta estatu batzuetan konpainia horiei ezarritako zerga espezifikoekin (Google tasa eta gisakoekin) zer gertatuko den neurri berria indarrean sartu arte.

Bi gai horiek eta akordioaren beste puntu batzuk aurrerago zehazteko nahia agertu dute G7koek. Datorren astean izango da gobernuburuen goi bilera, Kornuallesen (Ingalaterra); G20koak uztailean bilduko dira, eta, akordioa mundu osoan indarrean sartu nahi bada, OCDEren oniritzia beharko dute.

Beharrak bultzatuta

Aspaldiko asmoa zen sozietate zerga global bat ezartzeko nahia, baina OCDEn orain arte egindako saioak kamutsak izan dira, besteak beste AEBen ukoagatik. Azken urteetan teknologia handiek izan dituzten irabaziek, baina, berpiztu egin dute eztabaida, eta koronabirusaren krisiak areagotu egin du beharra, estatuek diru sarrerak handitu behar izan dituztelako osasun krisiaren ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egiteko.

Hala gertatu zaio Joe Bideni ere. Bere azpiegitura plan anbiziotsua finantzatzeko sozietate zerga %21etik %28ra igotzeko asmoa agertu du, baina hori eginda nazioartean gutxieneko bat ezartzeko beharra ikusi du, enpresa handi askok beste herrialde batzuetara alde egin ez dezaten.

Hasieran, %21ekoa proposatu zuen, Frantziak bezala, baina, azkenean, apaldu egin dute asmo hori, herrialde gehiago egitasmora batu ahal izateko. Herrialde gehienetan tasa horren gainetik dago sozietate tasa nominala, baina, egiazki, ez da horrela izaten leku askotan.

Akademikoen artean, halaber, badago mundu mailako gutxieneko sozietate zerga baten arriskuez ohartarazten duenik: horietako bat da Josep Stiglitz Ekonomiako Nobel sariduna. Hark nabarmendu duenez, gerta daiteke nazioartean ezartzen den gutxieneko bihurtzea gehienezkoa, eta ohartarazi du horrek bereziki herrialde pobreei egingo liekeela kalte, haietan pisu handiagoa duelako sozietate zergak.

Eta Euskal Herrian, zer?

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %20 da enpresa txikientzako sozietate zerga, eta %24 da handientzat; Nafarroan, %23 eta %28, hurrenez hurren. Ordaindu beharreko gutxieneko tasa bat ere badago: %11-17 artekoa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Baina hortik behera ordaintzen dute askok. ELA sindikatuak kaleratutako txosten baten arabera, 2019an Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 22 enpresa handienek batez beste %7,6 ordaindu zutensozietate zergan.

Gutxieneko zergapetzea %15ean jarrita, berriz, zaila litzateke aurreratzea zer-nolako eragina izango lukeen lau foru ogasunetan, multinazionalen adarren egoitza gehien-gehienak Madrilen eta Bartzelonan baitaude. Baina ariketa egin daiteke. Zerga Sistemaren Europako Begiratokiaren arabera, %15eko gutxienekoarekin Espainian 700 milioi euro gehiago bilduko lirateke. Banaketa proportzional hutsa eginez gero —2019an, Espainiako bilketaren %8,5 egin zuten foru ogasunek—, gutxi gorabehera 60 milioi euro gehiago izango lirateke. Kopurua ez da oso handia, kontuan hartuta urte horretan 1.316 milioi euro bildu zutela sozietate zergarekin. Egoitza Euskal Herrian ez duten teknologia handiei dagokienez, berriz, euskal zerga sistemara egokitu beharko litzateke proposamena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.