Elkarrizketek emaririk ez

Egiptoren, Sudanen eta Etiopiaren arteko harremanak gaiztotuta daude, azkena Nilon muntatzen ari den urtegia medio. Aldeak mahaian esertzeko saiakera berri bati ekin dio Afrikako Batasunak.

BERRIA.
Iosu Alberdi.
2021eko urriaren 10a
00:00
Entzun
Nilo ibaiaren emaria ezinbestekoa izan da hamaika zibilizazioren mantenurako, eta oraindik ere hala da hark zeharkatzen dituen herrialdeetako biztanleentzat. Beraz, ibaian eginiko edozein lanek alarmak pizten dituzte inguruko gobernuetan. Zer esanik ez ur emarian eragina izan dezakeen azpiegitura batek. Etiopiako Gobernuak 2011n iragarri zuen Pizkundearen Urtegi Handia eraikitzeko asmoa, eta ordutik liskar betean da Egiptoko eta Sudango agintariekin. AB Afrikako Batasuna enegarren saiakera egiten ari da, hiru aldeak elkarrizketa mahaian eser daitezen. Izan ere, Addis Abeba hasia da azpiegiturako ur deposituak betetzen, beste bien haserrerako.

Apirilean berrabiatu zituzten elkarrizketak Etiopiak, Egiptok eta Sudanek, azken herrialde horretako lehen ministro Abdallah Hamdokek «premiazko» bilkura batera deitu ostean. Hilabetea amaitu aurretik altxatu ziren, baina, mahaitik. Orduan, Egiptok eta Sudanek Etiopiaren jarrera «ezkorrarekin» lotu zuten hitz egin ezina, eta, ABren bitartekaritzaz gain, Europako Batasunaren,AEBen eta NBE Nazio Batuen Erakundearen parte hartzea eskatu zuten. Azken erakunde horretako Segurtasun Kontseiluak, uztailean eginiko gomendioaren bidetik, «elkarrizketak berriz abiatzeko» exijitu zien hirurei irailean, «aldeek onartuko duten akordio lotesle bat» lortzeko bidean.

Hitz horiei ongietorria egin zieten Kairok eta Khartumek. Sudango Atzerri Ministerioak nabarmendu du Kontseiluak gaiari ematen dion garrantzia agerian geratu dela; hau da, «eskualdeko bakea eta segurtasuna» mantentzeko ezinbestekotzat jo duela afera. Egiptoko Atzerri Ministerioaren esanetan, berriz, ebazpenak «Etiopia behartzen du akordio legez lotesle bat lortzeko helburuarekin serioski parte hartzera».

Bestelako azterketa egin du Addis Abebak. Etiopiako Gobernuaren hitzetan, Segurtasun Kontseilua ez da «ur baliabideen eta ibaien inguruko liskar administratiboetarako eta teknikoetarako agintari eskuduna», eta, beraz, haren ebazpenak ez du baliorik. Hala, ABren balizko bitartekaritzan zentratzeko eskatu du Abiy Ahmed lehen ministroaren bozeramaile Billene Seyoumek: «Etiopiak ebazpen lagunkoi baten aldeko jarrera mantentzen jarraitzen du, Afrikan zentratua eta gidatua izan behar dena». Kontseiluak berak ere onartu zuen eskuduntzarik eza, eta AB jo bitartekari egokitzat.e

NBEren Segurtasun Kontseiluaren ebazpenarekin batera, Kongoko Errepublika Demokratikoko Atzerri ministro Christophe Lutundalak, ABko txandakako presidente gisa, hiru gobernuekin biltzeari ekin zion. Khartumen egin zuen lehen geldialdia, eta Mariam al-Mahdi Atzerri ministroarekin eginiko bilkuran, elkarrizketetarako balizko egutegi bat proposatu zion, hiru aldeen adostasunen zerrenda aurkeztearekin batera. Halere, hizpide nagusia bezperan Sudango Ureztatze ministro Yasser Abbasek eginiko salaketak izan ziren. Urtegiko lanen inguruko informazio faltsua ematea eta deposituak betetzeko lanekin herrialdean kalteak eragitea leporatu zion hark Etiopiako Gobernuari: «Sudani informazio okerra eta osatugabea emateak nazioarteko araudien oinarrizko printzipioak urratzen ditu».

Egiptoko Atzerri ministro Sameh Xukrik erakutsitako jarrera ez zen lagunkoiagoa izan. Hark Lutundalari adierazi zion aurrera egiteko «bermeak» behar dituztela, Etiopiak hitzartutakoa beteko duela ziurtatzeko. Hala nola urtegiko lanak geratzea jarri izan du Kairok negoziatzeko baldintza gisa, Addis Abebak onartzen ez duena. Aitzitik, deposituak betetzen jarraitzen du, beste bi aktore nagusien nahien aurka.

Ura biltzen hasiak

Addis Abebak 2019an ekin zion Pizkundearen Urtegi Handiko deposituak betetzeari —lau eta zazpi urte artean iraun dezakeen prozesua—, eta jada 7.900 milioi metro kubiko ur atxiki dituzte biltegietan; 4.900 milioi lehen fasean, eta beste 3.000 milioi bigarrenean. Azken fase hori, uztailaren 19an amaitu zuten, Khartumgo eta Kairoko gobernuen protesta artean.

Etiopiako Gobernuak 2011n iragarri zuen herrialdeko ekonomia suspertzeko bere proiektu nagusia. Afrikako zentral hidroelektrikorik handiena izatea du asmo, eta 6.000 megawatt sortzeko ahalmena izango du. Denera, 4.800 milioi euroko kostua izango du, baina trukean jasoko dutena are gehiago izango dela uste du Addis Abebak. Gobernuaren esanetan, nekazaritzaren garapena sustatuko du, eta herrialdeak duen energia-iturri faltari aurre egitea ahalbidetuko, soberakinak atzerrira saltzeko aukera emateaz gain. Finean, herrialdea «pobreziatik ateratzeko» tresna dela uste dute.

Etiopiarentzat mesede dena, ordea, kalte da Sudan eta Egiptorentzat. Lehenaren mugak urtegitik 40 kilometro eskasera daude; bigarrenarenak, 2.500 kilometro ingurura. Halere, biek badute ezaugarri komun bat: Etiopiatik igaro ostean, bi herrialdeak zeharkatzen ditu Nilo ibaiak, Mediterraneo itsasora iritsi aurretik. Izatez, Egipton kontsumitzen den uraren %85 inguru Etiopiatik igarotzen da aurrena. Hala, Kairoren beldur nagusia herrialdeko ur baliabide nagusiaren emariak izan ditzakeen murrizketak dira; besteak beste, urtegiko biltegiak betetzeak datozen urteetan izan lezaketen eragina, eta zer ur emari jaso beharko lukeen herrialdeak lehorte luze bat iritsiko balitz. Horri, kontrakoa adieraziz erantzun dio Addis Abebak; hau da, ur emaria handitu daitekeela, Asuan urtegian (Egipto) urtero lurruntzen diren 10.000 milioi metro kubiko ur galtzea eragotz dezakeelakoan.

Sudanen kasuan, badaki azpiegiturak zer eskain dezakeen; besteak beste, urtegiak uholdeak ekiditeko balio dezake, baita energia merkeagoa erosteko ere—zentral hidroelektrikoak sortuko lukeena—. Halere, ez ditu urtegiak sortzen dizkion kezkak alboratu; esaterako, azpiegituraren segurtasunaren eta Sudango zentraletan izan ditzakeen eraginen ingurukoak.

Biek ere 1902an Erresuma Batuak —haren mandatuaren parte ziren Egipto eta Sudan— eta Etiopiak sinatutako akordio bat erabili dute urtegiaren aurkako argudio gisa. Haren arabera, Addis Abebak uko egin zion Nilo ibaiaren baliabideen gainean izan zezakeen eskubide orori, baita haren ur maila murrizteko neurriak hartzeari ere. Hala, Egiptoren eta Sudanen esku geratu ziren ibaiko uren %90, eta Nilo Urdinean eta Zurian —bi ibaiadar nagusiak— ur emaria murriztu zezakeen edozein azpiegitura eraikitzeko debekua ezarri zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.