Onintza Enbeita.
BIRA

Momentuak

2022ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Astearteko BERRIAn begira egoten omen da «ea Enbeitak zenbat saldu zuen atzo». Barre egin nuen entzun nionean, baina etxerako bidean behin eta berriro aitortu nion neure buruari irakurleak altxorra direla idazten duenarentzat. Izan ere, idazten dugun askok idazten dugu inork irakurriko ez bagintu bezala. Alde batetik, askeago lan egiten dugu idazten ari garenarekiko erreakziorik irudikatu ezean, eta, bestetik, fisikoki bakarrik egoten gara idazten dugunean. Kontua da Hernaniko gizon bat ezagutu nuela lehengoan, gure baratzearekiko kuriositatea bazuena: zer produzitzen dugun, zenbat, baratze handia ote dugun, astelehenero joaten ote garen azokara, Gernikan bakarrik saltzen ote dugun... Ni maite nauen adina niri adarra jotzea maite duen lagunarekin nengoen, eta hark esan zion dena dela postureoa, baina ezin izan genuen engainatu. Astearteetan irakurritako gauzekin gogoratu egiten zen, eta ez zion koadratzen postureoarenak. Halakoetan kontzientzia hartzen du batek. Irakurleei egia esatearen garrantziaren kontzientzia, eta haiek izan badirenarena ere bai. Ezin du imajinatu, orain Menorcan egongo den gizon hark, ze pozik jarri ninduen momentu batez. Eta bizitzaren iragankortasuna ikusita, poza sentitzen dugun momentu bakoitza da garrantzitsua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.