Lekutan zegoelakoan, eta hara, berton

2020ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Txinan birus berri bat zabaltzen hasi zela entzun genuenetik pasatu dira bizpahiru hilabete. Hala ere, orduan, nork aurresan zezakeen birus hori gai izango zenik herriak eta herrialdeak, kontinenteak,guztiak banan-banan zeharkatu, eta hain denbora gutxian gureganaino iristeko? Lekutan zegoelakoan, eta hara, «kask-kask, hemen nago!».

Bereziki pertsonatik pertsonara hedatzen dela diote; kutsatuta dagoen batek eztul edo doministiku egiten duenean sortzen diren tantak edo zipriztinak hurbil dagoen beste baten ahora edo sudurrera iritsi, eta beste kutsatu bat eraginez. Azkar, oso azkar, zabaltzen da. Zenbaitentzat egun batzuetako gaixoaldia izango da, baina beste batzuentzat, zoritxarrez, iragarpen txarra izango du Covid-19ak.

Birusaren kutsatze-tasari buruzko balioespenek erakusten dute kutsatuta dagoen bakoitzak beste 1,5 lagunetik 3 lagunera bitartean kutsa ditzakeela. Horrek esan nahi du hamar kutsatu gai direla beste hamabost edo 30 kutsatu berri sortzeko. Gaixotasun bat kontrolpean dagoela jotzen da pertsona batek kutsa ditzakeenak batetik behera daudenean. Beraz, momentuz, ez daukagu kontrolpean.

Izurrite honek Txinan izan duen eraginaren azterketak publikatu dira dagoeneko. Matematikak darabiltzaten eredu dinamikoak ere sortu dira, hau da, birusaren bilakaera eta amaiera aurresango duten ekuazioak. Ekuazio horietan parte hartzen duten parametroak kalkulatu dira, eta izurritearen amaiera gerta dadin zer baliotara hurbildu beharko liratekeen ere bai. Ereduak agerian uzten du pertsonen arteko kontaktu kopurua gutxitzetik etor daitekeela salbazioa, eta horretara bideratu dira neurriak.

Martxoaren 15ean konfinamenduari hasiera eman genion, eta atzerako kontaketa hasi genuen: hamabost, hamalau, hamahiru... Hala ere, ez da izango hamabostaldi bakarra isolamenduan pasatuko duguna. Horrek esan nahi du egongo dela, gutxienez, beste atzerako kontaketa bat. Uste dut hamabostaldika zenbatuko dugula etxean egingo dugun epealdia.

Etxean igaro ditudan lehenengo egunetan txakur-eztula, sukarra, eta hotzikarak izan ditut. Ez dakit ea koronabirus famatu hau izan den erruduna, edo hemendik, ingurutik, dabilen besteren bat izan den. Eta egoera berri honetan, telelanean dihardudanez, eta etxean nagoenez, buruari galdetu diot ea eskubiderik ote dudan gaixorik egoteko; ea neure buruari gaixorik egoteko eskubidea eman diezaiokedan. Badaezpada, bai besteak baita neu ere trankil egoteko, egunero, tarteka, posta elektronikoan sartu naiz eta mezuak erantzun ditut, nire ikasleen zalantzak argitu, eta foroan azalpenak jarri ditut.

Ohartu naiz telelana eta umeen zaintza uztartzea normaltasunean egitea baino askoz zailagoa dela orain: ume txikiei jostarazteko zereginak jarri behar zaizkielako, eta handiagoei eskolako zereginekin lagundu behar zaielako.

Okituta naukate sare sozialetatik eta Whatsappeko taldeetatik jasotzen ditudan entretenimendu-aukerek, kexek eta kontzientzia hartzeko mezuek. Betekada daukadala nabaritzen dut.

Ernegazioa ematen dit baimenduta dauden ekintzez batzuk egiten duten irakurketak. Badira aspertuta daudenetan txakurra paseatzen dutenak. Badira behar dituzten hiru gauzak erosteko beste horrenbeste ostera egiten dituztenak, eta besteei etxean geratzeko aholkuak edo aginduak ematen dizkietenak ere bai, txakurrik paseatuenaren jabea beraien artean.

Nire denbora-pasarik onena balkoitik balkoirako elkarrizketak bihurtu dira. Kuku bat egin, solasalditxo bat izan eta hausnartu. Horietako batean, konfinamendua luxuzko kartzelaldi bezala definitzera ere iritsi gara. Eta hitzekin jolasean jabetu naiz alde ederra dagoela etxe-zuloan egotearen eta etxezuloa izatearen artean.

Pentsamenduen eta sentimenduen nahaste-borraste honetan, argi daukat kutsatze-tasak jaistea gure eskuetan dagoela. Hau da, izurri hau deskribatzen duen eredu dinamikoko ekuazioetan guztiok eragiten dugula, eta bertatik lortuko diren emaitzak gutariko bakoitzaren ekintzen ondorio izango direla.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.