Gemma Sangines Saiz.

Gailurrak eta euskara

2020ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
1980. urtean Euskal Herriko mendi espedizio bat lehen aldiz Everest mendiaren gailurrera igo zen. Tximist espedizioa 1974. urtekoa izan zen, eta ez zuten lortu tontorrera igotzea, 320 metrora geratu ziren. Hau ekintza! Hura arrakasta! Ez zen izan lehenengo saiakera, aurrekoa 6 urte lehenago egin zuen eta, baina hainbat eta hainbat esfortzu, kemen eta ilusio plazan jarri eta gero, espedizioaren partaideek euren helburua lortu zuten. Eta munduko tontorrean, Martin Zabaletaren hitzak euskaraz izan ziren. Euskaldunen ikurrarekin batera, euskaldunen hizkuntza bertan tinkatu zuen.

Garai aldakorra zen, eta zaila Espainiako hizkuntza txikientzat. Baina espedizioko kideek argi zuten euren hizkuntzaren ikusgarritasuna garrantzitsua zela. 40 urte pasa dira eta, paralelismo bat egitea onartzen badidazue, oin euskaldun pilo batek zapaldu du Everesteko azken metroa, baina euskara ez da garatu antzeko erritmoan. Eta zergatia azaltzea ez da erraza, zailtasun hori ikusezina da-eta.

Euskararen erabileraren egoera hainbat parametroren arabera azal daiteke, eta, horien artean, hiztunaren jokaera dago. Zer ohitura dituen euskaldun batek, nola sentitzen den mintzatzeko orduan, nor daukan bere aurrean edota non dagoen geografikoki kokatuta baldintzak dira aukera linguistikoa egiteko orduan. Eta hala da bere egoera gutxitua delako. Hizkuntza nagusiaren aurrean, euskararen presentzia naturala gutxitan agertzen delako. Hainbat hizkuntza gutxiturena bezala, euren hiztunek anormaltasuna detektatzen dute eta mendekotasuna barneratzen dute.

Baina zer da hizkuntza mendekotasuna? Hiztun elebidunak, zein hizkuntzatan hitz egiten (egin) aukera dezakegunok, gure lehen hizkuntzan eta gure solaskidearen artean —ezberdina baldin bada— beti, sistematikoki, ondokoa aukeratzen baldin badugu, orduan esan dezakegu hizkuntza mendekotasuna praktikatzen dugula. Eta fenomeno hori gure konplexu, aurreiritzi eta ohiturekin elikatzen da etengabe. Horregatik, aldaketa osasuntsua martxan jarri nahi badugu, lehenengo eta behin elikagai horiek detektatzea funtsezkoa da. Horrek prozesu kognitiboa eskatzen du,non pentsatzeko, sentitzeko eta jokatzeko modua ikertu behar dugun eta aukera berriak sortu behar ditugun. Den-dena esatea, egitea baino askoz errazagoa omen da. Bestela, nola liteke posible Euskal Herrian hainbeste euskaltzale eta mendizale izatea? Askoz lehenago igotzen da Everestera edo Kara Khorumera neguan euskararen erabileraren kurba estatistikoa baino? Nola dago jendea bere osasuna eta erosotasuna arriskuan jartzeko prest, baina hiztun erdaldunen aurrean ez du bere hizkuntzaz mintzatzeko ausardiarik? Ausardia baino gehiago, atrebentzia dio gure burmuin kolonizatuak, ezta?

Palo Alto eskolako psikologoek argi eta garbi utzi digute gaixotasunak gainditzeko tresna paregabea existitzen dela; instrukzio bat: egin, ahal bazenu bezala. Eta hori da gure gomendio zuzena. Hitz egin euskaraz beldurra, aurreiritziak edo kontrako ohiturak egongo ez balira bezala. Pentsatu baino, ekin! Hausnartu baino, jokatu. Gure protagonistek, Tximist espedizioarenek, pentsatu izan balute zenbat esfortzu, arrisku edo galera zeukaten aurrean, ziur aski (ziur asko) 1980ko ekintza ez zen gertatuko. Lehenengo pausoa eman baino lehen, muga mental guztiak bota zituzten. Gure inspirazioa izan daitezke haiek euskara ahora ekartzeko orduan, gure harresiak botatzeko: ekin, eta gero hausnartu. Emaitzak merezi du-eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.