Donostiako 68. Zinemaldia. KRITIKA. Sail Ofiziala

Kameratoia

Mikel Zumeta.
2020ko irailaren 23a
00:00
Entzun

'Courtroom 3H'



Zuzendaria: Antonio Mendez Esparza. Herrialdea: Espainia-AEB. Iraupena: 115 minutu.

Epaitegia, liturgia juridikoa, lege erretorika, antzerkiratzea. Epailea, abokatuak eta epaituak. Familia desegituratuak, zerbitzu sozialak, aita-amaordeak.

Eta kamera bat. Geldirik, zurrun, guztiari so.

Istorioen labirinto luzeak. Sendi eta lagunen sare amaigabeak. Dokumentazio eta fitxategi bildumak sokak bezala, telefono deiak eta grabazioak, webcam-a eta galdetegia.

Dokumental luzea da Courtroom 3H. Bi ordu luze, familia epaitegian galtzeko. Zuzendariak ezaguna den cinéma vérité estiloa erabili du filmatzeko, dokumentalaren estiloaren mugan dagoen korrontea; filmaketa ordu ugari jasotzen dira, eta, gero, muntatzean, edizio bidez istorioa osatu.

Kontua da badirudiela Mendez Esparzak aretotik aspaldi alde egin duela. Emaitza nahaspilatsua da, astuna, norabide argirik gabea. Bolantean inor ez dagoela dirudi.

Hiru ataletan banatu du filma zuzendariak, lotura argirik ez duten hiru ataletan. Edizioarekin eta muntatzearekin osa zezakeen istorioari muzin egingo balio bezala. Eta zertarako? Kakofonia bisual bat osatzeko.

Ez protagonistek, ez kasuek, ez abokatuek ez diote hariari jarraitutasuna izaten laguntzen.

Horror vacui bat da, totum revolotum bat. Eta bai, edizioa badago, eta asmoa ere bai, antza denez, baina ez da batere agerikoa.

Istorioei batasuna ematen dieten elementu bakarrak epaitegiko aretoa eta gaia izango dira. Zuzendariak lan interesgarriagoa egiteko parada aparta galdu duela esango nuke.

Argudio, kontra-argudio eta erretorika luzeen bilduma zorabiagarria da filma. Eta ez diot hori zuzendariaren esku-hartzea edo bideratzea nabarmena izatea maite dudalako, baizik eta istorio bat azaltzeko garaian espero dudalako geruzaren batean zer azaldu nahi den irakurgarria izatea.

Dagokigun filmean, epaitegian zuzeneko webcam-a ipinita helburu berbera lortuko luke, edo hobea. Non dago zuzendaria, bada?

Pelikula hasi, eta segituan aretoa utzi duela esango nuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.