Lesioak ere ez du urrundu ortzadarretik

Annemiek van Vleuten da munduko txapeldun berria. Giroaren, Tourraren eta Vueltaren ondoren, pokerra lortu du Herbehereetakoak

Annemiek van Vleuten, podiumean, ortzadar maillota soinean, eta urrezko domina kolkoan. DEAN LEWINS / EFE.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Annemiek van Vleuten (Herbehereak) da iraupeneko munduko txapeldun berria. Txapelketa esprintean erabakiko zela zirudiela, inork espero ez zuena lortu zuen denboraldiko izar nagusiak. Erlojupeko mistoan ukondoa puskatu ondoren, atzo taldekideen mesedetan aritu zen lanean, batez ere Marianne Vosentzat. Hala ere, Movistarrekoa izan zen Herbehereetako selekzioko ziklistarik onena, eta ezustean harrapatu zituen denak. Ez zen gainerakoak baino hobea izan, baina oso ondo erabili zituen indarrak.

Egun gutxi barru, urriaren 8an, 40 urte betetiko ditu, eta balentria egin du denboraldi honetan. Hiru itzuli handiak irabazi ondoren, Munduko Txapelketan gailendu da. Hori lortzen duen lehenengo txirrindularia da. Bigarrenez irabazi zuen, atzo, iraupen lasterketako Munduko Txapelketa, eta beste bi aldiz irabazi du erlojupekoa. Hortaz, laugarrenez jantziko du ortzadar maillota, eta hura jantzita esango dio agur txirrindularitza profesionalari, datorren sasoian.

Helensburghetik (Australia) irten ziren txirrindulariak, eta handik Wollongong aldera egin zuten. Handik, mendebaldera egin, eta igoera nagusiari aurre egin zioten: Keira mendia (8,7 km luze eta %5eko pendiza). Mendatea igaro ostean, Wollongongeko zirkuituariheldu zioten ziklistek. Bertan gauzatubehar zituen selekzio bakoitzak bere estrategiak, sei aldiz igo behar izan zutelako Pleasant muinora (1,1 km %7,7).

Ihesaldia kontrolpean izan zuen tropelak une oro. Argi ikusi zen egun berezia zela. Inork ez zuen ahuldaderik erakutsi nahi, eta, zirkuitutik laugarrenez igaro arte, apenas egon zen mugimendurik. Denak egon ziren zain. Dena den, lehia bizia izan zuten hainbat selekziok aurreko postuetan mantentzeko. Horien artean ziren Italia, Herbehereak eta Australia.

Laugarren itzulian hasi ziren faboritoak gandorra altxatzen, eta une berean bota zuen euri jasarik bortitzena. Italiarrak ari ziren erritmoa ezartzen, eta, horrekin puskatzeko, Katarzyna Niewiadomak erasoa jo zuen aldapan gora. Iaz brontzea eskuratu zuen poloniarrak.

Mugimendu horren ondorioz, Elisa Balsamo (Italia), atzo arteko txapelduna, atzean gelditu zen. Marianne Vos faborito nagusiak ere ezin izan zion erritmoari jarraitu, eta Van Vleuten haren ondoan gelditu zen, laguntzeko asmoz. Liane Lippertek (Alemania) jarraipena eman zion Poloniako txirrindulariaren erasoari, eta bost txirrindulari elkartu ziren talde nagusitik ihesean: Lippert, Niewiadoma, Elisa Longo Borghini (Italia) Cecilie Ludwig (Danimarka) eta Ashleigh Moolman-Pasio (Hegoafrika).

Hogei kilometro falta zirela, minutu erdiren aldea zabaldu zuten atzeko taldearekiko, eta, garaipenerako mugimendua zela zirudien arren, zazpikilometro aurrerago harrapatu egin zituen taldeak. Azken igoera egin aurretik. Australiako eta Herbehereetako txirrindulariak elkarlanean aritu ziren erritmoa gogortzen, horien artean Van Vleuten. Azkenerako, aurrekoekin bat egin zuten. Une horretan, elkarri begira gelditu ziren denak, eta Merlene Reusserrek (Suitza), azken igoerara bidean, erritmoa aldatzea erabaki zuen. Hamabost segundoren aldearekin iritsi zen bertara, baina jai zeukan.

Lippert berriro saiatu zen zuhaitza astintzen, eta erraz harrapatu zuten Reusser. Hala, aurreko igoeran bakarrik gelditu zen boskote berak tropeletik ihes egitea lortu zuen berriro, eta, elkarlanean, helmugara bidean abiatu ziren.

Atzekoek ez zuten amore eman. Vos atzean geldituta zegoen ordurako, eta Van Vleutenek jarraitu egin zuen, esperantzara kondenatua. Boskotean markaketa zorrotza izan zen une horretan, eta, hori aprobetxatuz, atzekoek aurreko taldearekin bat egitea lortu zuten.

Txapeldun handien jarrera

Isil-isilik, atzetik aurrerakoa egin zuen Van Vleutenek, eta, esprinta egin aurretik, inork espero ez zuen erritmo aldaketa bortitz bat egin zuen. Txapeldun handien jarrera erakutsi zuen hor Herbehereetakoak, eta hortzak estututa irabazi zuen. Podiuma esprintean erabaki zen. Lotte Kopeckyk (Belgika) lortu zuen zilarra, eta Silvia Persicok (Italia) brontzea. Euskal txirrindularien artean, Ane Santestebanek baino ez zuen amaitu proba: 30. izan zen. Lourdes Oiarbidek eta Idoia Erasok utzi egin zuten lasterketa.

Helmugan, pozak zoratzen zegoen Van Vleuten. «Lasterketa infernu bat izan da niretzat», aitortu zuen. Lesioarekin, bazekien ezin zuela esprintik egin: «Horregatik jo dut erasoa, baina harrapatu egingo nindutela uste nuen», adierazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.