Onintza Enbeita.
BIRA

Urtaroak

2019ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Sandalien sasoia ofizialki irekita gelditu da. Uda hemen dago, ekainean gaude. Eguzkiak sendo berotu gaitu hasiera honetan. Edertasun zentroak gehiago ezinean ari dira lanean: behatz oskolak margotu, praka laburrak jarri orduko hankak belztu, soinekoak bistan uzten dituen lekuetako ileak kendu... eta jendea pozik dago. Barre egiten du jendeak kalean. Tabernetako terrazak kuadrilla zoriontsuz bete dira. Horixe da uda. Udaberrian odolak irakin egiten omen du, eta eguzkiak alaitasuna ekartzen omen du. Derrigorrez: baita gogorik ez duenari ere. Orain maitemindu egin behar dugu, etxera berandu joan, sarrera debalde duten kontzertuetara joan... izan ere, badirudi, neguan ezin ditugula gauza horiek guztiak egin.

Ez dakit nola moldatuko diren urtarorik ez duten munduko bazterretan. Ez dakit nork emango dien umorea aldatzeko abisua. Ez dakit zeren arabera hasiko diren behatz oskolak margotzen edo ileak kentzen edo solariumean sartzen. Agian, ez dute halakorik egingo. Agian, edozein hilabete dela ere, euren buruari etxera berandu joateko baimena emango diote, eta maitemintzekoa eta dantzan egitekoa. Agian ez diote urte sasoiari begiratzen oporrak hartzeko. Eta, agian, lasaiago eta hobeto biziko dira: hiru hilabetean urte guztian egin gabeak egiteko presiorik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.