Onintza Enbeita.
BIRA

Urtebete

2021eko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Urtebete da gaur hamabost egunetarako etxean sartu gintuztela. Orduan ez genuen pentsatzen urtebete geroago orain gauden egoeran egongo ginenik. Urtebete alarma egoeran, edo haren mehatxupean; eta oraindik ez dago batere argi tunelaren amaieran argirik ote dagoen. Duela urtebete eta hamabost egun (gutxi gorabehera) txinatarrak imitatzen zituen jendeak inauterietan. Zorionekoak gu, ezjakintasunean bizi ginenean!

Urtebete daramagu eskubideak oparitzen. Izurria hedatu ez dadin onartu egin dugu gure oinarrizko eskubideak muga ditzaten. Bitartean, zenbait agintarik kuleroetatik pasatu dituzte guri ezarritako arauak. Gure bizitza zeharo aldatu da joan diren 365 egunetan: gure umeak gure zaharrekin elkartzea arriskutsu bihurtzeraino. Osasunaren izenean, bakartu egin dira zaharrak erresidentzietan. Izango da munduko neurririk zentzuzkoena, baina inork ez die zaharrei galdetu zer nahi duten gelditzen zaien denborarako.

Urtebete daramagu beldurrak airean, gaixotzen direnak errudun sentiarazten, neurriak betetzen baditugu ez garela gaixotuko sinisten. Urtebete bizi nahi eta bizi ezinean. Osasun fisikoari eutsi nahian, osasun mentala saltzen ari gara.

Urtebete txertoaren zain; mirari bat bailitzan. Urtebete emozioak hiltzen. Ez dakit zer izango garen hau amaitzen denean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.