Hazia ereiten, fruitua lortzeko

Arraun denboraldia udan hasiko da, baina neguan gogor egiten dute lan arraunlariek urteko sasoirik garrantzitsuenera prest iristeko. Jaitsierak baliatzen dituzte horretarako.

Orioko trainerua, Oriako Jaitsiera irabazi berritan, joan den larunbatean. JON URBE / FOKU.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Oraindik arraun denboraldia hasi ez den arren, taldeak udara sasoi betean iristeko lanean ari dira. Negua luzea izaten da arraunlarientzat, eta lan handikoa, baina jaitsierek lehiatzeko aukera ematen diete. Jokatzen azkena Oriako Jaitsiera izan zen, joan den larunbatean, eta Urdaibai eta Orio nagusitu ziren. Bi talde horietako entrenatzaileek ohartarazi dute prestaketa estropadak direla, baina garrantzia dutela.

Bigarren urtea izango du Patxi Francesek (Donostia, 1958) Orioko entrenatzaile lanetan. Iaz Euskotren liga eta Kontxako Bandera irabazita, aurten ere faboritoetako bat izango da Orio, eta orain arte jokatu dituzten jaitsieretan erakutsi dute zergatik. Iazkoa berdintzen zail izango du Oriok, baina dagoeneko bi bandera irabazi ditu: Sestaokoa (Bizkaia) eta etxekoa. Frances «gustura» da orain arte erakutsitakoarekin: «Garai honetan bakoitzakbere entrenamendu plana darama, eta arraunlari guztiak erabiltzen ditugu. Orain arte ondo lehiatu gara, eta emaitzak onak dira».

Francesek bezala, Iker Zabalak (Bermeo, Bizkaia, 1979) bigarren urtea izango du Urdaibaiko entrenatzaile lanetan. Haren esanetan, orain arte jokatu dituzten jaitsieren balantzea «oso ona» da. Pedreñan, Castron (Espainia) eta Orion aritu dira, eta azken bi banderak irabazi dituzte: «Oraindik negua da, eta hau ez da behin betikoa, baina oso garrantzitsua da ongi sentitzea. Emaitza ere ona bada, askoz hobeto». Orioko estropadara talde guztiak «udako taldearekin» joan zirela dio, eta halako aldearekin irabaztea «esanguratsua» dela onartu du.

Iazko emaitzak hobetzea zail izango dute batak eta besteak, baina aurreneko probetan ikusi da utzitako bide beretik hasi direla. Denboraldi bat bukatu orduko hasten da arraunlarien dantza, eta fitxaketek eta irteerek taldeak indartu eta ahuldu egiten dituzte, baina Francesek eta Zabalak «ezusteko gutxi» ikusi dituzte orain arte. «Uste nuen maila eman dugu; akaso, aldea izan da ezustekorik handiena, baina bestela, emaitzak eta postuak espero genituenak dira, gutxi gorabehera», adierazi du Zabalak.

Francesek ere bide beretik jo du: «Imajinatu nitzakeen emaitzak ikusi ditut»: lau estropadetatik bitan Donostiarra aurretik izan du hark zuzendutako ontziak. Asko gelditzen dela dio behin eta berriro, baina Donostiarra aurrean ikusten du aurten; «bestela, ez lirateke orain dauden bezala ariko». Hala ere, ez du Arraun Lagunak aurkaria ahaztu nahi: «Iaz ere lasaiago ibili ziren urtearen zati honetan, baina gero, udan, begira nola ibili ziren».

Errutinatik irteteko balio dute jaitsierek, entrenatzaileen esanetan, eta, erreferentziak hartzeko balia dezaketen arren, tentu handiz interpretatu behar direla ohartarazi du Zabalak: «Beti ez dira fidagarriak izaten». Entrenatzaile diren heinean, nahi beste proba egiteko baliatzen dituzte jaitsierak. «Arraunen eta arraunlarien aukeraketa edo ontziaren pisua berdintzea» izaten dira proba nagusiak, Francesen esanetan. Beste era batera laburbildu du Zabalak: «Udan probatzeak ikara sortzen digun guztia probatu dezakegu orain».

Hala ere, bi taldeetako entrenatzaileek aldaketa oso gutxi egin dituzte arraunlarien prestaketari dagokionez. Emaitza onak eskuratu zituzten biek ala biek iaz, eta neguko prestaketak zutabe berak izan ditu. «Dinamika berean jarraitu dugu aurten: neguan karga askoko entrenamenduak egiten. Bikain erantzun dute neskek, beste behin», azaldu du Francesek. Bermeotarren kasuan, entrenatzaileak nahi zuen arraunkera hartzea «kostatu» egin zitzaiela onartu du Zabalak, baina orain taldea zein arraunkera «finkatuta» daudela nabarmendu du: «Sasoi hasieratik ongi sentitu gara, eta iazko lan horrek zerbaitetarako balio izan duela ikusi dugu jaitsieretan».

Iaz, bere esanetara izan zituen arraunlari gehienek jarraituko dute, eta fitxatu dituzten arraunlari gehienak Zabalarekin beste taldetan aritutakoak dira. «Oso talde indartsua» daukala uste du: «Entrenatzaileak asmatzen duen edo ez ikusi beharko da orain», adierazi du barre artean.

Helburuak jada finkatuta

Iragan sasoia ederra izan zen bi taldeentzat. Liga eta Kontxa irabazteaz gain, arraunlari gehienek taldean jarraitzeko hautua egin zuten. Hori dela eta, helburuak argi dituzte prestatzaileek. Zabalak badaki «talde sendoa» daukala esku artean, eta haren helburua «estropada guztietan Urdaibai lehiakor aritzea» da. «Orain, irabaztea edo ez, beste gauza bat da», ohartarazi du. Iazko sasoia eta neguko emaitzak ikusita, ordea, presioa izango du Bou Bizkaia-k. Iazko emaitzak berdintzeko edo hobetzeko, berriz, presioa «ona» dela adierazi du Zabalak, baina hori «kudeatzen» jakin behar dela: «Bestela, arin lasaitzen gara denok. Pausoak aurrera ematea ez da erraza, baina atzera segituan ematen dira. Baita nahi gabe ere».

Orioko arraunlarien lanarekin «oso pozik» dago Frances, eta iazko talde bertsua dela ikusita, «irabaztera» aterako dira estropada bakoitzera: «Badakigu denboraldia luzea eta gogorra izango dela, baina sailkapenaren goialdean egongo garenok Euskotren liga eta Kontxako Bandera irabazten saiatu behar dugu. Irabazi ez dakit, baina saiatuko gara, behintzat».

Ezohiko sasoia izango da aurtengoa Euskotren ligan, zortzi ontzi lehiatuko baitira lehenengoz. «Albiste ona» dela dio Orioko prestatzaileak: «Garaia zen zortzi ontzirekin liga on bat izateko. Askoz gehiago estutuko da dena, eta asko erreparatu beharko diegu txanden arteko mareari eta haize aldaketei, lehen ez bezala». Argi du: «Hori guztia ona izango da kirolarentzat eta ikuskizunarentzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.