Musika bikaina

Jaimie Branch tronpeta jole gaztearen 'Fly or Die II' diskoa iazko lan laudatuenetakoa izan da. Donostiako Viktoria Eugeniako Club aretoan aurkeztuko du gaur.
Jaimie Branchek bi disko atera ditu bere izenpean, baina beste hainbat musikarekin ere lan egin izan du.
Jaimie Branchek bi disko atera ditu bere izenpean, baina beste hainbat musikarekin ere lan egin izan du. PETER GANNUSHKIN Tamaina handiagoan ikusi

Antton Iturbe -

2020ko urtarrilak 26

Jazzaren, musika esperimentalaren eta poparen inguruan mugitzen diren aldizkari, blog eta argitalpen ospetsuenen urte bukaerako zerrenda ugaritan azaldu da Jaimie Branchen (New York, 1983) Fly or Die II diskoa. Ez da gutxiagorako. Chicagoko International Anthem diskoetxeak tronpeta jotzaileari plazaratu dizkion bi diskoak (2017ko Fly Or Die I eta iazko jarraipena, Fly Or Die II) ez baitira nolanahikoak. Branchek free-jazza ulertzeko eta sortzeko duen erak ez die latindar erritmo kutsakorrei, pop kutsuko doinuei eta hip-hoparen berehalakotasunari bizkarrik ematen. Kontrara, freskotasun txundigarriz, elementu horiek guztiak uztartzeko gai da, nortasun nabaria eta imitaezina adierazten duen bitartean. Branchen buruan, musika zail, esperimental eta konplexuaren eta dantzarako eta gozamenerako sortzen denaren artean ez dago mugarik. Sortzailearen eta entzulearen aldez aurretiko jarreran eta konpromisoan dago gakoa, eta bi disko horietan —behin akademizismoaren eta usadioaren zurruntasuna malgutu eta belarriak ondo irekita—, soinu plazer hutserako hamaika bide berri irekitzen zaizkio entzuleari.

Biziki maite duen Brooklynen, hots, New Yorken jaio eta bizi den arren, Chicagon (AEB) pasatutako urteak izan ziren Branchen ikuspegia moldatu, eta musikari bezala hezkuntza eta oinarria eman zizkiotenak. Posta elektronikoz bidalitako galderei erantzunez, hau adierazi dio Branchek BERRIAri hiriaz eta International Anthem zigiluaren arduradunei buruz galdetzean: «Scottie [McNiece] Chicagon bizi nintzenean ezagutu nuen. Une zehatza ez dut gogoratzen, baina 2016ko urtarrilean hasi ginen elkarlanean, New Yorken, Nick Mazzarella Trio-ren kontzertu bat antolatu nuenean. Ikaragarrizko lana egiten ari direla uste dut, eta azken urteetako nire disko kutunetako asko plazaratzeaz gain, oso pertsona atseginak dira biak, Scottie eta David [Allen]».

9 urte zituela joan zen Branch Chicagora bizitzera, eta urte berean bertan hasi zen tronpeta jotzen. «Lehen urte haietan izugarri botatzen nuen faltan nire jaioterria, New York, eta batxilergoa amaitu bezain pronto hara bueltatuko nintzela esaten nion nire buruari». Chicagoko musikaren historian eta garaiko eszenan murgiltzen joan zen heinean, ordea, hasi zen ikusten bertan geratu beharra zuela, eta hala egin zuen azkenean. «Fred Anderson bikainak —erabateko heroi bat niretzat— ikaragarrizko laguntza eman zidan, 21 urte bete ez nituen arren, bere Velvet Lounge taberna mitikoan sartzen utzi zidanean. 'Ez ezazu ezer edan', izan zen esan zidan gauza bakarra, eta, horri esker, han ikusi eta gozatu ahal izan nituen kontzertuei esker, musikalki Chicagon hezi eta heldu nintzela esan daiteke. Beraz, bai, bertako komunitatearen parte naizela sentitzen dut».

Komunitatearen ahotsa

International Anthem diskoetxea 2014an sortu zuten McNiecek eta Allenek, Branchen izaera ulertzeko testuinguru egoki eta beharrezkoa ematen duen egitasmoa. Bertan plazaratu dituzten hainbat diskok eta haien sortzaileek harrotasunez eta konpromiso sakonez ematen baitiote jarraipena 1960ko hamarkadan AACM elkarteak (Association for the Advanced of Creative Musicians) eta Art Ensemble Of Chicago taldeak irekitako ildo abenturazaleari. Era horretan, komunitate berri baten kronikari bihurtu dira. Garai hartako prentsak eta gizarteak jazz musikaren eta, batik bat, musikari beltzen gainean ezartzen zituzten estereotipo eta topiko mugatzaile guztiak hankaz gora jarri zituzten musikari haiek, eta great black music izena eman zioten soinu berri hari. Great horrekin, soinu berriekin esperimentatzeko ausardia eta beharra adierazi nahi zuten; hizkuntza eta estilo musikalen estutasunak gaindituta eta afrikar arbasoen ezagutza arkaikoan oinarrituta. Bide batez, inguruko komunitateari erabateko bilakaera ekonomiko, sozial eta kulturala bultzatzeko erreminta boteretsu bat eskaini nahi zioten.

Orduan bezain beharrezko eta indarreko dirau kontzeptu hark, eta DIY (Do It Yourself) punk giroan hazitako McNiece eta Allen bezala, jatorri guztiz ezberdinetako musikari eta zaleak erakarri eta betirako liluratzeko botere izpirik ez du galdu. International Anthemek bere katalogora erakarri duen artista sorta bikaina indar betiereko horren adierazle ezin hobea da. Elkarren arteko kolaborazioa eta esperimentazioa sustatzen duen ekosistema aberats baten modura, besteak beste Angel Bat Dawid, Makaya MacCraven, Irreversible Entanglements eta Damon Locksen harribitxiez betetzen ari da diskoetxea egunetik egunera txundigarriagoa den bere eskaintza. «Talde buru diren eta banda ezberdinen artean mugitzen diren musikariez osatzen du bere katalogoa International Anthem-ek, baina, agian, hori ere ez da definizio zehatzena. Musika itzela egiten duten eta noizbehinka elkarri laguntzen dioten musikari bikainen lagun talde handi bat da berez», dio Branchek benetako funtsa adieraziz.

AACMen antzera, zigiluak konpromiso politiko eta sozial ezkertiar erradikala sustatzen du bere argitalpen guztietan, eta Branch ez da salbuespena, azken diskoko Prayer for AmeriKKKa Parts I & II abestietan erabat esplizituki adierazten duen moduan —aurreneko aldiz kantatu du pieza horietan—. Baina, agian, bere erro kolonbiarrak harrotasunez aitortu eta hango musikaren erritmo, kolore eta zaporeen aztarnak bere jazz bikainaren barnean naturaltasun osoz txertatzen dituenean azaltzen du konpromiso hori modurik agerikoenean. «Egia esan, modu kontziente batean behintzat, nire azken disko hau grabatzen ari nintzenean hasi nintzen kolonbiar arbasoez eta, bereziki, 7 urte nituela hil zen amonaz pentsatzen. Orduan jabetu nintzen musika eta dantza hain errotuta dagoela latinoamerikar kulturan, zurekin geratzen dela betiko, eta berez nirekin egon dela hasieratik, musika egiteko garaian izugarrizko energia emanez beti».

Donostiako kontzertuan Fly Or Die II oso-osorik joko du tronpeta jotzaileak, eta Fly Or Die I-ren zati batzuk ere tartekatuko ditu. Edozein erara, «jazz» moduan sailkatuko dituzte askok Branchen diskoen iruzkinak eta kontzertuen kronika eta iragarkiak, eta horrekin hainbat entzule —ohiko aurreiritzien erosotasunean eta konplexua, aspergarria eta astuna izango delakoan— uxatuko dituzte. Baina Branchena jazza da, eta, aldi berean, ez da. Askoz gauza zabalagoa da, guztiz gaurkoa eta bizia. Musika bikaina.

KONTZERTUA
Non: Viktoria Eugenia antzokiko Club aretoan.
Noiz: Gaur, 19:00etan.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Txagorritxuko erietxean, COVIDaren test serologikoak aztertzen. ©G. RUBIO / FOKU

Eritasunari buruzko lezio berrikusia

Arantxa Iraola

Asko falta da oraino, baina COVID-19aren inguruko ezagutzak egunero ari dira argitzen, osatzen; ondorioz, izurriaren hasieran gaitzaz esan ziren hainbat gauza zahartuta eta atzeratuta geratu dira guztiz. Etengabeko berrikusketa eskatzen du gai honek.

Basurtun, PCR probak egiten ©Javier Zorrila / efe

300 positibotik gora Hego Euskal Herrian

Berria

Bizkaian eta Araban gorakada nabarmenak izan dira.

Pentsionisten elkarretaratzea Bilboko Justizia Jauregian. ©Aritz Loiola

Pentsiodunek pandemiako testigantzen txosten bat aurkeztuko diote EAEko Fiskaltzari

Maialen Arteaga

Irailaren 7an bilduko dira fiskalarekin pandemiako testigantzak eta datuak biltzen dituen txostena helarazteko

Baztango haur eskola. ©Jagoba Manterola/FOKU

Nafarroako haur eskoletan «normaltasun berriarekin» ekingo diote ikasturteari

Olatz Esteban Ezkati

Lau egoera posible irudikatu ditu Nafarroako Gobernuak, eta COVID-19aren bilakaeraren arabera ezarriko da bat edo beste.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna