Literatura

Uharte baten oraina

Aran uharteetako bizimodua fikziozko istorio baten bueltan erakutsi zuen Emily Lawlessek 1892ko 'Grania: Uharte baten istorioa' lanean. Izaera gaelikoaren mitifikaziotik aldendu zen.

Galwayren kostaldean dauden Aran uharteetako irudi bat, Irlandan. Nortasun gaelikoaren paradigma direla esan izan da. BERRIA.
2020ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
W.B. Yeatsek iradokita, Aran uharteetan egonaldi laburra egin zuen John Millington Syngek (Dublin, Irlanda, 1871-1909), tokikoen irlandera eta bizimodua bertatik bertara ezagutzeko. Galwayko kostaldean kokaturik dauden uharteek toki berezia bete zuten irlandar espiritu nazionalaren berpizkundearen garaian, uste arras zabaldua baitzen hango jendea eta ohiturak nortasun gaelikoaren paradigma —hots, irlandar kultura jatorra— zirela. Eta hala jaso zuen Syngek The Aran Islands (Aran uharteak, 1907) liburuan. Lehen orrialdetik bertatik uharteen ohiz kanpokotasuna azpimarratzen du egileak: ostatu hartu berri zuen bentan irlandera bakarrik entzun zitekeen. «Ez dut behin ere ingelesezko hitzik entzun emakumeen ahotik, salbu eta txerriei eta txakurrei hitz egiterakoan». Beste kultura batean murgildu berria zela iruditu zitzaion Syngeri, Irlandan nagusi(tu) zenaren bestelakoa.

The Aran Islands-ek argia ikusi baino hamabost urte lehenago, Emily Lawlessek (Lyons Demesne, Irlanda, 1845-Surrey, Ingalaterra, 1913) Grania: Uharte baten istorioa (1892) argitaratu zuen. Kasu honetan ere, kokalekua Aran uharteak dira, baina, Syngerenak ez bezala, fikziozko istorio bat du oinarrian liburuak. Ez hori bakarrik; Aran uharteetako biztanleen gaineko erretratu zintzoagoa eskaintzen du, haien jarduna mitifikatu beharrean, beren kultur kodeen arabera azaltzen duelako.

1860ko hamarkadan eta Inishmaanen, Aran uharteetan bigarren handiena den horretan, kokaturik dago Lawlessen nobela, eta arrantzale baten alaba du protagonista. Aitarekin batera arrantzontzi txikian itsaso zabalean dagoenean da Grania O'Malley zoriontsuen, baina ez uhartetik ihes egiteko aukera ematen diolako. Halako ideiarik ez zitzaion sekula bururatuko. «[Graniarentzat] Inishmaan etxea baino gehiago zen, bizitzeko leku bat baino askozaz gehiago; kasik mundua bera zen, eta ez zuen mundu handiagorik ezta aberatsagorik desio. Ez ziren ortu txikia eta etxola bakarrik bereak; [uharteko] zentimetro bakoitza berea zen, kaio gazteak jaioleku duen harkaitza berea den bezala. Bertan hazi zen, eta tokia berarengan hazi zen. Lurraren parte zen, eta lurra bere parte. Alde egitearen ideia hutsak —betirako alde egiteak— erabat atsekabetuko zuen».

Tradizioaren ifrentzuan

Gainerako neskatoengandik arras bestelakoa da Grania; hala izan da txikitatik. Indartsua eta ausarta da, eta ez dio ezeri beldurrik, ezta ekaitz egunetan altxatzen den eta uharteko etxolak errotik erauziko dituela ematen duen haizeari ere. Haur bat besterik ez zela hil zitzaion amarekin lotzen dute tokikoek Graniaren izaera. Hura ere pertsona kartsua zen, tokikoen ustez, arbaso espainiarrak zituelako. Honor ahizpa, bietan zaharrena eta aitaren aurreko ezkontza batetik jaiotakoa, beldur da izaera horrek ez ote duen Grania galbidera eramango. Gaixotasun batek oheari lotua duen Honorrek Jainkoan jarria du itxaropen guztia; Graniarentzat, ordea, natura beste erlijiorik ez da munduan.

Aita hil ostean, familiaren betebehar guztiak Graniaren esku geratzen dira: patatak eta oloa ereitea, harria nagusi den uharteko lurzoruak onartzen dituen labore bakarrak; txerriak loditzea, merkatuan saldu ahal izateko. Arrantzara ere joango litzateke, gainerako arrantzaleek baimena emango baliote. Erantzukizun gehiago izateak eta Murdough Blakerekin ezkontzeko aurreikuspenak Grania bide onera eramango duelakoan dago Honor, baina bere burujabetasuna baino ez du indartuko.

Nobelan bada une esanguratsu bat, Inishmaanera turista ingeles batzuk heltzen direnean: bi emakume eta haien gizonezko laguntzailea. Grania soroan lanean ikusteak urduri jarri eta, aldi berean, liluratu egiten ditu: eszena groteskoa bezain autentikoa iruditzen zaie. Kanpotarrentzat objektu bat baino ez da Grania, natiboaren errepresentazioa: primitiboa eta atzerakoia. Graniak, ordea, objektifikazioari aurre egiten dio: turisten presentziaren aurrean begirada jaitsi beharrean, begietara zuzen begiratzen die, desafioz. Paradoxikoki, bi emakume ingelesek beren buruak modernotasunaren ikur moduan ulertu arren, emakumetasunaren irudi konbentzionala eskaintzen dute eszena honetan: tradizioak ezarritakoaren arabera jantzita doaz («gona meta bat eta eguzkitakoak») eta gizonezko baten laguntzarekin dabiltza kalean. Aitzitik, Graniak tradizioa irauli egiten du bere jarrerarekin zein bizimoduarekin: XIX. mendeko emakume askok amestu bakarrik egin zezaketen independentzia erakusten du.

Inishmaaneko emakumeen inguruan zera dio J. M. Syngek The Aran Islands-en: «Uharteko emakumeak tradizioaren aurrekoak dira, eta Parisko eta New Yorkeko emakumeekin lotu ohi diren ezaugarri liberaletako batzuk azaltzen dituzte». Inishmaaneko emakumeak hezkuntzan eta gizarteko gainerako arloetan genero berdintasuna eskatuko zuen emakume berriaren pare jartzen baditu ere, aldi berean historiatik at kokatzen ditu Syngek, «tradizioaren aurrekoak» direlako. Idazleak planteatzen duen kontraesanak emakume berriaren gaineko eztabaidetan dagoen hutsunea azaleratzen du: hiriarekin loturiko irudia da, modernitatea bera bezala, eta hortik kanpo gertatzen dena primitiboa da edo denboratik at dago (singularrean ulertuta denbora). Lawlessen Graniak, ordea, Inishmaanek bere emakume berriak izan zituela azaltzen du, kontzeptua Mendebaldean indarrean jarri baino askozaz lehenago (1894. urtean agertu zen lehen aldiz, North American Review aldizkarian). Hots, Aran uharteetako bizimodua eta ohiturak denbora mitiko batean azaldu beharrean, beren orainean kokatzen ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.