Literatura

Zimurrik gabeko bizitzarekin obsesionatuta

Aminatta Forna idazle anglo-afrikarraren 'Happiness' immigrazioari buruzko nobela bat da; hainbaten ikuspegiek gizartetik kanpo kokatzen dituzten horien istorioen gainekoa.

Aminatta Forna idazlea, 2010. urtean Madrilen hartutako argazki batean. LUCA PIERGIOVANNI / EFE.
2020ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Politika popularraren goraldia hizpide duen The Road to Somewhere liburuan (Nonbaiterako bidea, 2017), David Godhart eskumako pentsalariak Erresuma Batuan gertatu den gizarte-banaketa nonbait-en eta edonon-en arteko borroka moduan azaltzen du. Nonbait-ek bizi diren tokiarekiko (kasurik gehienetan landa eremua) lotura sakona sentitzen dute. Edonon-ak, aldiz, sustraigabeak dira. Theresa May edonon-ei buruz ari zen ondokoa esan zuenean: «Munduko hiritarra zarela uste baduzu, orduan ez zara inongo hiritarra».

Godharten eskemari jarraituz gero, edonon-en adibide garbia lirateke Attila eta Jean, Aminatta Fornaren Happiness (Zoriontasuna, 2018) nobelako protagonistak. Attila Asare adin ertaineko gizon isila da. Ghanakoa jatorriz, psikiatra moduan egiten duen lanak gerra gunetik gerra gunera eraman du, «moralaren iluntasunean galdutako toki[etara]», bizirik iraun dutenen adimen ahituak artatzera eta kaltearen tamaina katalogatzera. Betebeharrak serio hartzen dituen pertsona da bera: Maryse emaztearen heriotzagatik oraindik dolutan dagoela, psikiatriari buruzko biltzar batean eman behar duen hitzaldia prestatzen du, Alzheimer gaitzak jotako maitale ohi bat zaintzea erabakitzen du, eta Londresen desagertu omen den ilobaren bila dabil. Jean Turan, berriz, animalia basatietan aditua den biologo estatubatuarra da. Senarra —Ray izeneko auto saltzailea— eta Luke semea AEBetan utzi ditu, Londresen bizitza berri bati ekiteko. Massachusettsen bizi zela, hiriguneko azerien gaineko ikerketa batean lanean ibili zen, eta Londresera egokitu ditu bere aurkikuntzak. Horrekin batera, sabaietan lorategiak diseinatzen ditu, hirian gune berdeak zabaltzeko asmoarekin.

Bai Attila bai Jean hiri ezberdinetan bizi izan dira, eta hiri bakoitzean, oztopoak oztopo, aurrera ateratzea lortu dute. Beren ibilbideek, ordea, buelta ematen diote Goodharten tesiak proposatzen duen ikuspegi estuari. Immigrazioari buruzko nobela da Happiness, Goodhart eta beste hainbaten ikuspegiek gizartetik kanpo kokatzen dituzten horien istorioen gainekoa. Horiek azaleratzen dute edonon bakoitza katebegi bat dela hainbat nonbait lekuk osaturiko katean. Hots, etxe dei ditzakegun hainbat nonbait daude. Nobelan nonbait horien sorrera hobeto ulertzen laguntzen duten iraganeko pasarteak azaltzen dira; esaterako, gerrak sorturiko errefuxiatuen borroka, hartu dituen herrialdean onartuak izateko.

Pertsonen eta lekuen arteko harremana ez ezik, pertsonen eta naturaren artekoa ere aztertzen du nobelak. Jatorri anitzeko gizabanakoak ez dira Londresen ongietorriak ez diren bakarrak. Animalia basatiei ere gerra deklaratu die hiriak, azeriei batik bat. Horiek kanpotartzat jotzen dituzte, indarkeriaren eta gaixotasunaren garraiatzaile. Azeri batek haur bati kosk egiten omen dionean—ez dago argi gertaera egia den—, zalaparta handia pizten da. Liberal arduratsuek animaliak landa eremura, «dagokien tokira» eramatearen alde agertzen dira, kontuan hartu gabe ez direla azeriak lekuz kanpo daudenak; industrializazio basatiak lekurik gabe utzi ditu. Beste batzuek, ordea, haien artean Londresko alkateak, behin betiko desagerrarazi nahi dituzte, edozein bitarteko erabiliz.

Alkatearen erretorika oldarkorra telebistan entzun ostean, hipomaniako bat dela ondorioztatzen du Attilak. Jeannek, azerien ohiturak aztertzen urteak daramatzanak, aldiz, uste du ez dagoela histeriarako arrazoirik. Baina naturak tokirik ez du nartzisismorako joera duen gizartean. Jean kanpaina biziotsu baten jomuga bihurtzen da, liberal arduratsuek zein alkatearen iritzi berekoek uste dutelako ez duela borondaterik arazoa konpontzeko.

Jeanek bere lanarekiko sentitzen duen frustrazio bera sentitzen du Attilak berearekiko. Biei konponbide errazak eskatzen dizkiete berez konplexuak diren eta autokritika dosi handiak eskatzen dituzten gertaerentzat. Senarraren heriotzaren ostean bizi ziren apartamentuari su eman zion Sierra Leonako emakumearen kasua datorkio Attilari gogora. Defentsa abokatuek emakumeari trauma-osteko estres nahastea diagnostikatzeko eskatu zioten, deportatua izan ez zedin. Attilaren ustez, ordea, emakumeak sentitzen zuen antsietatearen atzean gertaera maltzurrago bat zegoen: auzoko zurien «enpatia falta ikaragarria», senarra hil ostean emakumea saihesten hasi baitziren, haren dolua gaixotasun kutsagarria balitz bezala.

Bizitza aurreikuspenak

Attilaren aburuz, deserosotasuna patologia bihurtu da Mendebaldean, geroz eta indartsuagoa den industria terapeutikoaren mesedetan. Zimurrik gabeko bizitzarekin obsesionatuta gaude eta, ondorioz, konturik txikiena neurrigabeko krisi bihurtzen da. Are gehiago, gure ongizatearen izenean gai gara gure moduan bizi ez diren horiek, dela etorkinak dela azeriak, heriotzara kondenatzeko.

Hori dela eta, irakiar milizia batek bahitu zuela entzutean, ingurukoei harrigarria egiten zaie Attila bizimodu arrunt batera itzuli ahal izana. Attilaren erantzuna zuzena bezain zorrotza da: «Gure [afrikarren] bizitza aurreikuspenak... europarrenak baino neurritsuagoak dira. Horrekin zera esan nahi dut, gutako gehienontzat idatzita dagoen bizitza, hala esaterik baldin badago, askozaz malguagoa da... Beste era batera esanda, badakigu gauzak izorratu daitezkeela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.