Zaku sakoneko kantuak

Bill Callahanek eta Bonnie Prince Billyk pandemiak eragindako egoera baliatu dute hemeretzi kanturen bertsioak biltzen dituen diskoa plazaratzeko: 'Blind Date Party'.

Bill Callahan eta Bonnie Prince Billy. BERRIA.
mikel lizarralde
2022ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Duela 25 urte pasa, 1996an hain zuzen ere, Bill Callahanek (AEB, 1966) eta Will Oldhamek (AEB, 1970) bira konpartitu bat egin zuten. Lehenak hiruzpalau disko zituen argitaratuak Smog proiektuarekin, eta beste horrenbeste ziren Oldhamek The Palace Brothers, Palace Songs eta Palace Music izen artistikoekin plazaratutako lanak. Ordurako, bi musikariek izen bat lortua zuten eszena alternatiboetan —nahiz eta gutxiengo baten gutizia izan—, eta diskotik diskora aurrerapauso nabarmenak erakusten ari ziren, batik bat Callahan.

Mende laurden bat igarota, ez Callahan ez Oldham ez dira izar bilakatu, baina bai beren belaunaldiko musikarietan estimurik handienekoak. Bere izen propioarekin aspaldi batean Smog izan zena; Bonnie Prince Billy deiturarekin 1999tik hona Oldham. Eta 25 urteren ondoren berriro ere elkartu dira, baina oraingoan ez bira bat egiteko, baizik eta, paradoxikoki, birarik egin ezin izanak utzitako denbora librean elkarrekin grabatzeko. Urtebetez single digitalak argitaratzen aritu dira, eta orain horiek guztiak bildu egin dituzte.

Emaitza Blind Date Party lana da, bertsio disko kontzeptuari berrikuntza txiki batzuk ekartzen dizkiona. Callahanek eta Oldhamek hemeretzi kantu grabatu dituzte, eta horien artean bi propio sartu dituzte: Smogen Our Anniversary eta Palace Musicen Arise, Therefore, biak ala biak errotik berridatziak: gitarra sare batek jantzia Callahanena, elektronika hautsiak zikindua Oldhamena.

Gainerako hamazazpi moldaketen artean, Cat Stevensen Blackness of The Night, Steely Danen Deacon Blues eta John Prineren She's My Everything jatorrizko izpiritua errespetatuz eraman dituzte diskora; Robert Wyatten Sea Song are eta bihurriagoa bihurtu dute Mick Turnerren (Thee Dirty Three) gitarraren laguntzarekin, eta gaur egungo ikono baten (Billie Eilish) Wish You Were Gay distiratsuarekin ere ausartu dira.

[youtube]https://youtu.be/DinwMVo3Tmk[/youtube]

Gainerakoen artean, Leonard Cohen (The Night of Santiago), Jerry Jeff Walker (I Love You), Little Feat (I've Been The One), Lou Reed (Rooftop Garden) eta Iggy Popen (I Want To Go To The Beach) kantuak ere azaltzen dira.

Diskoan musikari ezagun ugari izan dituzte lagun, besteak beste, Sean O'Hagan (Microdisney, The High Llamas), David Pajo (Slint), Six Organs Of Admittance, David Grubbs, Richard Bishop, eta bada, era berean, absentzian ere protagonista bihurtzen den beste bat ere: David Berman. Silver Jews proiektuaren buruak duela bi urte eta erdi erabaki zuen bere buruaz beste egitea. Hori dela eta, haren The Wild Kindness-en bertsio korala ezinbestean bihurtu da diskoko unerik ederren eta hunkigarrienetakoa.

[youtube]https://youtu.be/-Xug9Ty0FD0[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.